Sei hilabeteko erregulazio espedientea proposatu du Cegasa Taldeak

Ubane Madera 2014ko api. 2a, 16:21
Cegasako langileak lantegi aurrean, protestan.
Protesta egin dute Cegasako Oñatiko lantegiko langileek gaur (eguaztena) fabrikaren aurrean. Lantegia konkurtsoan sartu zenetik hirugarren protesta ekimena izan dute gaurkoa. Datorren asteari begira dihardute orain, erakundeetako (Gasteizko Udala, Diputazioa, Jaurlaritza) ordezkariekin eskatutako batzarrak orduantxe izango dituztela espero dute-eta. Bien bitartean, Cegasa Taldeko zuzendaritzak aurkeztu ditu behin-behineko lan erregulazio espedientearen (ERTEa) baldintzak. Bihar, eguena, dute negoziazio mahaiaren batzarra.

Honako baldintzak dituen erregulazioa jarri du Cegasa Taldeko zuzendaritzak mahai-gainean:

  • Sei hilabeterakoa
  • Zerbitzu orokorren kasuan, lan-jardunaren %50eko murrizketa (Gasteizko bulegoak)
  • Oñatiko langileendako %25eko murrizketa lan-jardunean
  • Gasteizko plantarako %66koa
  • Solac eta Cegarendako (Cega Logística) %90-%100ekoa


"Orain hasiko gara ERTEa negoziatzen, eta ikusi egin behar. Dena delakoa ere, eskatuko dugu jarraipena egitea, hori seguru", adierazi dute Oñatiko Enpresa Batzordetik.

Bien bitartean, kezkatuta begiratzen diote langileek etorkizunari. Momentuz, lan kargarekin segitzen dute, Oñatin, behintzat, "baina bezeroak galtzeko arriskua hortxe dago. Azkenean dirua falta da materiala erosteko. Eta behin bezeroak galduta, haiek berreskuratzea…".

Sekzio bat geldi

Izan ere, hasi dira igartzen material urritasuna. "Aurreko astean ja material faltarengatik geldi egon zen sekzio bat Oñatin. Hasi da. Hasi da. Manganesoan ez da horrenbeste igartzen, baina pila industrialen sekzioa geldi egon zen. Langileen artean hasi da tentsioa igartzen. Beldurtuta gaude. Hemen dugu konkurtsoa, estatistikak ere hor daude, oso txarrak dira, eta hor gaude danok, kontuaren gainean noiz erabakiko zain", esan du Enpresa Batzordeak.

Zuzendaritza

Cegasa taldeko zuzendaritzari dagokionez, esan dute behin-behineko lan erregulazio espedientearen negoziazioa zabalik dagoela, eta seguru aski, legeak zehaztutako hilabeteko epea agortu baino lehen ERTEaren baldintzak zeintzuk izango diren ezin izango dela jakin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak