Bildu Udal taldea: "Uraren tarifikazio aldaketak desorekak baino orekak sortzen ditu gehiago"

Goiatz Arana Begiristain 2014ko api. 2a, 08:33

Oharra bidali du Bildu Udal taldeak, uraren gaineko neurriaren harira EAJko Udal taldeak egindako kritikei erantzunez. Udal gobernutik esan dute "desorekak baino orekak" sortzen dituela gehiago neurri horrek, eta gaineratu dute Udalak ez duela zentimo bat bera ere gehiago kobratuko tarifa aldaketa honen bitartez ezta Gipuzkoako Ur Kontsorzioak ere. Hori horrela izanik ere, gaia aztertu ondoren, udal gobernutik adierazi dute onartzen dutela Gipuzkoako Urak-en proposamena hobetu beharra dagoela inor erroldatu bariko etxeen kasuan aplikatzen zaion tratamenduari dagokionean, eta konpromisoa hartu dute Gipuzkoako Urak-ek eurek egindako eskaera onartu bitartean tarifikazio berria behin betiko ez onartzeko. [Albiste barruan, Bildu Udal taldearen oharra, osorik].

"Lourdes Idoiagak, Oñatiko EAJ-PNV udal taldearen bozeramaile den aldetik prentsa ohar bidez adierazitakoen inguruan Oñatiko Bildu Udal taldeak honokoa adierazi nahi du:

Idoiaga andereak "desorekak eta injustiziak" aipatzen ditu eta "honek guztiak bistan uzten du Bilduren politika zigortzailea eta argi dago, diru bilketa hutsa duela udal gobernuak helburu" gaineratu.

Udal gobernutik esan behar dugu desorekak baino orekak sortzen dituela gehiago neurri honek. Ez al da justuagoa pertsona/litro kontsumo egokiagoa duenari tarifa merkatzea? Ondo egiten duenari, bide egin behar zaio ondo egiten jarraitzeko.

Diru bilketa hutsa? Udalak ez du zentimo bat bera ere gehiago kobratuko tarifa aldaketa honen bitartez ezta Gipuzkoako Ur Kontsorzioak ere. Tarifikazioan oreka aldatu besterik ez da egiten kontsumo arrazionalaren mesedetan.

Lotsa gutxi behar da goian aipatu direnak Bilduren udal gobernuari leporatzeko, Idoiaga anderearen ardurapeko gobernuak "Hiritar guztien lehentasunezko behar bat" eta beraz oñatiar denena den ondasunaren kudeaketa 2008an  kanpoko erakunde bati esleitu ostean. Norekin partekatu zuen EAJ-PNVk erabaki hori? Herritarrekin ez noski, eta oposizioarekin ere ezer gutxi, ezker abertzalea ilegalizatuta zegoelako.

Baina goazen datuetara. 2007an Oñatiko Udalak uraren ordenantza kontrolatzen zuenean, bi hilabetean 20m3 ur kontsumitzen zituen abonatuak 15,27 EUR ordaintzen zituen. 2008an Uraren kudeaketa Gipuzkoako Urak-en esku utzi ondotik, adibidez 2013an kontsumo beragatik 37,60 EUR hiruhileko ordaindu zituen abonatu berak. Kopuru hau bi hilabetera pasatuta 25.06 EUR ateratzen da, %64ko garestitzea aipatu epean. Hori da benetako injustizia.

Gipuzkoako Urak-etik egin den planteamenduaren arabera, bataz besteko hiruhileko kontsumoa (9,9m3/biztanle) kontuan izanda, Oñatiko 4.820 abonaturen bataz besteko prezioaren bariazioa  %-0,26koa da. Uraren erabilera normala egiten duenak ez du igarriko. EAJk azaldu zigun kezkatako bat ez ohiko kasuena izan zen. Ura orturako erabiltzen duenarena adibidez. Hauek salbuespenak dira eta araua salbuespenaren arabera ezin dela egin ulertzen dugu. Salbuespenetarako, hobarien aukera dago, lehen ere egin izan den bezala.

Hau horrela izanik ere, gaia aztertu ondoren, udal gobernutik onartzen dugu Gipuzkoako Urak-en proposamena hobetu beharra dagoela puntu batean: inor erroldatu bariko etxeen kasuan aplikatzen zaion tratamenduari dagokionean. Horrela jakinarazi genuen pasa zen asteko Ogasun batzordean eta Gipuzkoako Urak-eri idatziz helarazi zaio eskaera hori. Gogoratu behar da, tarifa aldaketaren erabakia jendaurrean egon dela hilabeteko epean eta herritarrek aukera izan dutela ekarpenak egiteko. Egon den ekarpen bakarra aztertu zen batzordean. Bitarte horretan herriko aldizkarian ere tarifikazio berriaren nondik norakoak azaldu dira. Uraren tarifikazio aldaketa behin betiko onartu gabe dago beraz eta udal gobernuak konpromisoa hartzen du kontsorzioak udalaren eskaerak onartu bitartean, tarifikazio berria behin betiko ez onartzeko.

Oñatiko EAJ-PNVk hondakinekin egin zuen berdin uraren gaiarekin ere oposizio populistaren bidea hartu du, demagogiaren bidea. Hori ez da gure bidea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak