Mila bat lagunek salatu dute Oñatin, Cegasa Taldeak bizi duen egoera larria

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 29a, 17:56
'Euts diezaiegun geure lanpostuei!' 'Despidorik ez!' eta antzeko oihuak jaurtita eta etengabe txistuka egin dute manifestazioa Cegasa Taldeko langileek gaur, zapatua, Oñatin. Mila bat lagunek bete dituzte kaleak, tartean Gasteiztik etorritako asko, eta herrikideen elkartasuna jaso dute.

Hartzekodunen lehiaketan sartuta dago Cegasa Taldea eta ondorioz, langileak, oso kezkatuta daude. Lanpostuak arriskuan daudela salatzeko egin dute manifestazioa gaur, eta era berean zuzendaritzak egin duen kudeaketa negargarria ere salatu dute.

2008an utzi zioten pila alkalinoak Gasteizen egiteari, baina nazioartean zabaltzeko plana "oso gaizki" bideratu dutela salatu dute langileek: "Bazkideek eta inbertsoreek egindako diru ekarpen ugariak di-da xahutu dituzte. Defizita eragiten zuten lerroak kentzeko ekimenik ez dute izan. Ezin okerrago prestatu dituzte Txinako lantegiak industrian aritzeko. Horregatik guztiagatik, eta etengabe inprobisatzen aritzeagatik dago Taldea egungo ataka gaiztoan", irakurri du manifestazio bukaeran Maribel Herrera Oñatiko lantegiko langileen batzordeko presidenteak.

Zuzendaritzarengan konfiantzarik ez

Azken bost urteotan 350 lanpostutik gora galdu direla gogorarazi dute, eta gainera: "Hartzekodunen eta bezeroen artean sinisgarritasuna galdu; milioitako emaitza negatiboak jaso; Cegasaren izen ona lausotu; ordaintzekoak ordaindu ez; eta Taldearen finantza egoera penagarria". Eta orain, behin hartzekodunen lehiaketa aldian sartuta, enplegu erregulaziorako aldi baterako espedientea egingo dela iragarri diete.

Hori horrela, langileek ez dute inolako konfiantzarik zuzendaritzarengan: "Ez zuzendaritzarengan, ez Aitor Madina administratzaile bakarrarengan, ezta zuzendaritzako gainerako kideengan ere". Eta zuzendaritza taldeak ez duela gaitasunik taldea "bideragarri" egiteko, jakinarazi dute.

Langileek bere aldetik, "ahal duten guztia" egin dutela Taldea eta horrekin batera lanpostuak bideragarriak izateko argitu dute: "Bake soziala eta dirua jarri dugu; horren adibide ditugu, kobratu gabe dauden soldatak, enplegu erregulaziorako aldi baterako espedientea; plantila murrizketak; lan eskubideen murrizketak…" Hala ere, zuzendaritzak ez diela etekinik atera langileen sakrifizioei diote.

Erakundeetara laguntza eske

Juan Celayari gutuna bidali diote azken urteotan zuzendaritzakoek egindakoak salatzeko. Era berean, langile batzordeko kideek bilerak egin dituzte Gasteizko eta Oñatiko udal ordezkariekin eta alderdi politikoekin: "Gure egoeraren berri eman gura diegu guztiei, baita Aldundiari eta Jaurlaritzari ere, eta era berean laguntza eskatu. Erakunde guztiekin elkartu gura dugu Cegasa bizirik ateratzeko", jakinarazi du Herrerak.

Cegasa Taldeak 117 milioi eurotako zorra du, eta  hartzekodunen lehiaketan sartuta dago. Oraingoz lanean jarraitzen dute langile guztiek, 900 inguruk, bai Oñatiko, bai Gasteizko lantegietan. Hala ere, langileek uste dute laster tramitatuko dituztela enplegu erregulaziorako aldi baterako espedienteak, baita bideragarriak diren negozioak aztertuko ere, eta gainerakoak likidatu.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak