Nola ausartu zinen 23 urterekin autonomo hastera?
Egia esan, beldur handiarekin hasi nintzen, baina geldirik egoteak gehiago beldurtzen ninduen. Hala, birritan pentsatu gabe sartu nintzen proiektuan. Arriskatzea erabaki nuen, eta, zorrik ez daukadanez, bertan jarraitzen dut.
Nolakoa izan zen hasiera?
Ezagun asko etorri ziren hasieran probatzera, eta horrek moralki asko lagundu zidan, eta esperientzia aldetik zer esan... Lagunen babesari esker eta, batez ere, ahoz ahozkoari esker, oso ondo hasi zen esperientzia.
Laguntzarik izan duzu proiektua aurrera eramaterakoan?
Bai, noski. Amak behin eta berriz galdetzen zidan ea zergatik ez nintzen hasten nire kontu lanean. Baina nik ez nekien nola hasi, eta bai familiak eta baita lagunek ere animatu egin ninduten saiatzera, behintzat. Sostengu morala laguntza ikaragarria izan zen niretzat. Nire osaba batek, bestalde, asko lagundu zidan diru laguntzak lortzeko garaian.
Eta instituzioetatik?
Baita ere. Proiektu bat martxan jarri duen gazte ekintzailea izateagatik diru laguntzak eman zizkidan Oñatiko Udalak. Bestalde, bulego hau ireki aurretik lanean ibili nintzenez, lau hilabete neuzkan kotizatuta. Diru horren beharra neukala frogatu nuen, eta lau hilabeteon baliokidea eman zidaten diru laguntza moduan.
Asko beldurrez irteten dira lan mundura ikasketak amaitzean. Zuk nola ikusten zenuen zure burua?
Ni beldurtuta sentitzen nintzen, esperientzia faltagatik, batez ere. Karreran zehar praktika dezente egin nituen arren, lantoki bakoitza mundu bat da, eta ez nekien nola moldatuko nintzen. Baina egia da inork ez dakiela hasieratik nola egin behar den lan, praktika beharra dago. Beraz, beldur barik sartu behar da edozein lanetara; horrela ikasten baita benetan. Ausartu egin beharra dago, beldurtuta egon arren. Gainera, beldurrak gauza positibo bat ere badauka, gehiago exijitzen diozula zure buruari.
Fisioterapeutaz gain, pastelgile amorratua ere bazara...
Hala da. Txikitatik gustatu izan zait sukaldean ibiltzea eta, batez ere, gozogintzan aritzea. Edozein aukera aprobetxatzen dut bizkotxoak edota tartak egiteko. Hala ere, familiakoek asko mugatzen naute, hainbeste ezin dutela jan esaten baitidate.
Zergatik aukeratu zenuen, orduan, fisioterapia eta ez gozogintza?
Fisioterapia ere betidanik gustatu zait, eta gozogintzak lan handiagoa eskatzen duela esango nuke. Mundu horretan proiektu bat aurrera eramatea zailagoa eta gogorragoa dela uste dut.
B plan bezala ikusten duzu postreak egitearena?
Oso gustura egingo nukeen lan bat da. Eta oraingoz zaletasun moduan egiten dudan arren, ez dut baztertzen mundu horretan lan egiteko aukera.
Hirugarren zaletasun bat ere badaukazu, bitxiak egitea.
Bai. Lagun bat eta biok Udalak eskaini zuen ikastaro batera joatera animatu ginen; eta, harrezkero, eraztun, eskumuturreko, lepoko eta belarritako pila bat egin ditugu. Hori ere zaletasun moduan hasi zen, baina zertxobait saltzea ere lortu dugu.
Geldirik, behintzat, ez zaitu harrapatuko krisiak...
Inolaz ere. Geldirik egonda ez da ezer lortzen. Curriculum asko bota ditut orain arte, eta, beharrez gero, berriz ere botako ditut. Frustragarria izan ohi da ezetzak jasotzea, baina nik argi daukat borrokatzen ez badut inork ez didala baiezkorik emango. Orain gazteak gara, hau da proiektu berriekin arriskatzeko aprobetxatu behar dugun momentua.