Egungo egoera sozio-politikoaz, bake prozesuaz eta adiskidetzeaz hiru ikuspuntu

Miren Arregi Amasorrain 2014ko mar. 20a, 09:39

Arrasate-Bergarako Artzapez Barrutiak antolatuta Bakea eta Adiskidetzea izenburupean hitzaldi mahai-ingurua egin zuten atzo Oñatiko Santa Ana Antzokian. Euskal Herriko egoera sozio-politikoaren gainean eta bereziki adiskidetzeaz jardun zuten Juan Mari Uriarte Donostiako Gotzain emerituak, Floren Aoiz Iratzar Fundazioko kideak eta Markel Olanok Gipuzkoako Aldun Nagusi ohiak.

Herritar asko batu zen Santa Ana Antzokian, garizumaren bueltan Arrasate-Bergarako Artzapez Barrutiak antolatu duen hitzaldi zikloaren lehenengo saioan. Herritarrez gain udal ordezkariak ere izan ziren han. Josean Larraña Oñatiko Parrokoak egin zuen aurkezpena eta moderatzaile lanak egin zituen Juankar Olaetak.

Uriartek, 'La Reconciliacion' liburua oinarri

Juan Mari Uriarteren La Reconciliacion liburua dago atzoko hitzaldiaren oinarrian. Hori horrela, hura izan zen saioari hasiera eman ziona. Kristau ikuspegi  batetik egin zuen bere ponentzia Uriarte Donostiako Gotzain emerituak. Adiskidetzearen kontzeptuan sakondu zuen lehenik. "Adiskidetzea ulertzeko  askotariko moduak daude" esan zuen Uriartek, eta gaineratu: "Adiskidetzearen mezua zabaltzeko garaia da. Adiskidetzea ezin da beste garai batzuen zain egon. Adiskidetzea kristauen zeregin utziezinezkoa da; ahal dugu eta egin dagigun". Bide horretan, hiru zeregin nagusi aipatu zituen. "Adiskidetzearen mezu osoa gureganatu eta adierazi behar dugu" zioen lehenik. "Alde guztietako biktimak sendatzen lagundu behar dugu" ondoren. "Bizi izandako tragedia inoiz errepikatu behar ez den zorigaiztoa da. Biktimek errekonozimendua, sanazioa eta erreparazioa beharrezko dute. Entzun ditzagun biktima guztiak. Utzi diezaiegun biktimei adierazten". Bukatzeko, hezkuntzaren garrantzian sakondu zuen. "Bakezaletasuna eta adiskidetasuna hezkuntzaren bidez helarazi behar ditugu. Luzaroko arazoa da eta ez berez datorrena. Ez dezagun pentsatu denborak sendatzen duela. Landu bariko adiskidetzeak biktimak ezkutatzen ditu", esan zuen. Eta erantsi: "Gaztetatik hasi behar da hori lantzen. Elkarrizketan oinarritu behar da jendartea".

Markel Olano, "duintasunaz, humanizazioaz eta heziketaz"

Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusi ohiak eta EAJren batzarkide taldearen bozeramaileak bere esperientzia pertsonaletik egin zuen ekarpena. "Aldun nagusi nintzela Isaias Carrascoren hilketa bizitzea tokatu zitzaidan. Gertakari hark asko baldintzatu ninduen" esanaz hasi zuen hitzaldia. "Holakorik berriz errepikatu ez dadin, hildakoak, torturatuak… Bitarteko guztiak ipini behar ditugu". "Iraganera begiratu eta zer gertatu den jakin behar dugu" zioen Olanok. "Biktimek egia, justizia eta erreparazioa merezi dute" gaineratu zuen.

Iraganari begira, Olanok honakoa azpimarratu zuen: "Zer gertatu den galdetu eta argitu behar dugu, berriro ere gerta ez dadin. Bortizkeria mota ezberdinak eta biktima asko egon dira eta horiek guztiek merezi dute egia ezagutzea, justizia egitea eta sortutako mina zuzentzea. Baldin eta hori ez badugu egiten, sufrimendu guztia ezkutatuko dugu, baina ez dugu ezer konponduko".

Gertatutakotik zein ondorio ateratzen dugun, horrek ere garrantzia du Olanoren esanetan eta "badugu ikasgai bat honetatik guztitik atera behar duguna eta barneratu behar duguna". Haren esanetan ikasgai nagusia da "orain arte estrategia politiko batzuk giza duintasunaren gainetik ipini direla eta hemendik aurrera guztiok hartu beharreko konpromisoa izan behar dela pertsonaren duintasuna ororen gainetik ipintzea". Hori ikasten badugu, "gertatutakoa errepikatuko ez den bermea izango dugu" zioen Olanok.

Gaur egunera etorrita humanizazio prozesua ezinbestekoa dela esanaz jarraitu zuen hitzaldia:  "Humanizazio horrek esan gura duena da, esaterako, une honetan egoera gaiztoan dauden euskal presoek ere behar dutela humanizazio enfoke bat. Eta legeak, gainera, baditu tresnak hori lortzeko. Borondatea eta sentsibilitate poilitikoa baldin badaude hori lortuko da. Baina, hori falta da nagusiki, sentisibilitate poilitikoa".

Etorkizunera begira, gertatutakoa errepikatu ez dadin, hezkuntza sistemaren garrantziaz ere jardun zuen Olanok: "Hezi behar ditugu biolentzia arbuiatuko duten belaunaldi berriak eta bakearen eta demokraziaren ikuspegitik euren bizia enfokatuko dutenak".

Floren Aoiz, "kanpotik datozen oztopoez, justiziaz eta demokraziaz"

Floren Aoiz Ezker Abertzaleko kideak eta Iratzar Fundazioko zuzendariak hitz egitearen garrantzia nabarmenduz hasi zuen mintzaldia: "Elkarrekin bizitzeko konpromisoa dugulako, elkarrekin bizi gura dugulako, hitz egiteak balio handia du" zioen. Hortik abiatuta, baina, Euskal Herrian "gauza batzuk konpontzeko ditugun zailtasunak" ekarri zituen gogora. "Izugarrizko urratsak eman dira;  ETAk hartutako erabakia eta beste eragile batzuek bultzatutako ekimenak, esaterako,  eta badirudi behin eta berriz harresi baten kontra gaudela" gaineratu zuen. "Euskal Herriak bakean eta bestelako aro berri baten bizi gura du, konponbide politikoak gura ditu eta berriz, kanpotik etortzen dira sabotajeak, betoak eta horrelakoak" esan zuen "kontraste hori azpimarratuz".

Horrek guztiak "jendartean eragiten duen frustrazioa" ere aipatu zuen Aoizek. "Duela hamar urte esan izan balidate ETAk hartu dituen erabakiak hartuta ere, Espainiako gobernuak mugitu ez eta gainera atzerako urratsak emago lituzkeela, nik behintzat ez nuke sinetsiko" zioen. "Gauzak horrela gertatzen direnean hausnarketa bat egin beharra dago, jakiteko aurrera egiteko bidean non dauden oztopoak" gaineratu zuen. Hala ere, "azken finean gure esku dago aurrera egitea" zioen, izan ere, "guri interesatzen zaigu elkarbizitza bestela antolatzea, guri interesatzen zaigu gure buruaz erabakitzea eta maila demokratikoan antolatzea gure herria". Bide horretan gaineratu zuen gertatutakoaren inguruan dauden ikuspuntu desberdinak tarteko, azterketa politiko sakona egin behar dela: "Azken finean iturburu politikoa duen indarkeriak egon baitira eta hori dena konpontzeko kausa horietara jo behar baita".

Demokraziaren eta justiziaren beharra azpimarratu zituen azkenik:"Gatazka politikoaren adierazpen biolentoak ez ziren soilik alde batekoak. Badaude beste indarkeria mota batzuk eta bakean bizitzeko beste baldintza batzuk behar dira". Eta jarraitu zuen esanaz: "Baldintza horiek dira baldintza demokratikoak. Denok gure ideiak defenditzeko eta gauzateko ahalmena izatea. Herriak erabaki behar du. Demokratikoki erabaki behar dira gauzak". Eta ez hori bakarrik, izan ere, haren ustetan justizia ere ezinbestekoa da: "Badaude beste indarkeria mota batzuk, sistemikoak, estrukturalak eta bestelakoak. Gose egoeran dagoen familia bati etxea indarrez kentzea, zer da, indarkeria ez bada? Indarkeriaz hausnarketa egiten badugu ondorio guztiekin egin behar da eta pentsatu behar dugu nola egin genezakeen posible helburu politikoekin indarkeria erabiltzea erabat ezinezko bilakatzea. Nola utzi dezakegu indarkeria joku politikotik eta errealitatetik kanpo? Horrek izan behar du gure jomuga".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak