"Guztion eskubidea"
"Era honetako liburuetan esaldi motzak erabiltzen dira; aditzak orainaldian eta lehenaldian daude; hitzak ahalik eta apalenak eta xumeenak dira... Irakurtzera ohituta ez dagoen irakurle batek oso erraz irakurtzeko moduko dokumentuak dira", azaldu du Arantzazu Ibarrondok, Oñatiko Udal Liburutegiko teknikariak. Eta honakoa gaineratu: "Irakurtzeko printzipio demokratiko bati erantzuten dio irakurketa errazak. Guztion eskubidea da irakurtzea eta formatu honek hori bermatzen du". Hain zuzen ere, horregatik egin dute irakurketa errazaren aldeko apustua.
Klasikoak
Momentu honetan idatzita dauden merkatuko liburu guztiak, 80 inguru, erosi dituzte. Gaztelerazkoak dira; izan ere, oraingoz, ez dago euskaraz modu horretan idatzitakorik. Klasiko handien moldaketak dira liburu gehienak; adibidez: Homero-ren Odisea, Anne Franken Egunkaria, Herman Melville-ren Moby Dick, Bram Stoker-en Dracula... "Literatura unibertsalean oso ezagunak diren tituluak dira", zehazten du Ibarrondok. Hala ere, bestelakorik ere bada; esaterako, gazteendako propio idatzitakoak eta etxeko ekonomiari buruzkoak.
Bestalde, irakurketa erraza administraziotik jasotzen ditugun eskutitzetan ere aplika daitekeela dio Ibarrondok. "Europako iparraldeko herrialdeetan, adibidez, konstituzioa bera ere hizkuntza eredu horretan dute idatzia".
Behar bereziak dituztenendako
Edozeinek har ditzake mailegu moduan nobelok, baina era horretako liburuak gizarte talde konkretuei begira eginda daude. "Batetik, etorkinendako dira egokiak, hizkuntzara hurbiltzeko eta integrazio bide moduan; bestetik, adinekoendako ere balio dezakete, baita alfabetatze arazoak dituztenendako eta urritasun psikikoa dutenendako ere", dio Ibarrondok. Bilboko Alhondiga ere jarri du adibide bezala. Han, down sindromea dutenekin erabili zuten teknika hori. "Autoestimurako, garepenerako edo integraziorako oso baliagarria izan daiteke", zehaztu du teknikariak.
Dinamizazio taldeak
Oñatiko liburutegia era horretako liburuak eskaintzen aitzindarietakoa da Euskal Herrian. Ekimena, baina, ez da liburuak erostera mugatzen. Izan ere, asmoa da irakurketa dinamizatzeko talde bat sortzea. "Liburua batera irakurtzen da, ozenki; hitz bat edo ideia bat ez bada ulertzen, momentuan lantzen da", azaldu du Ibarrondok. Horretaz gain, dinamizatzaileak irakurritako nobela historikoki edo geografikoki kokatzeko laguntza ere eskainiko du, adibidez. "Irakurketa zentzu zabalean ulertu behar da. Alfabetatze prozesua izango da eta kontzeptu kulturalak ere landuko dira", zehazten du Ibarrondok.
Taldeko kide egiteko, liburutegian bertan eman daiteke izena. Bestalde, Helduendako Hezkuntzako Iraunkorreko eskolarekin ere jarri dira harremanetan liburutegitik.
Dinamizazio talde horiekin harremanak sortzea eta sendotzea da helburua. "Zerbitzu publiko garen heinean, gure erronka da herritar guztiei irekitzea liburutegia. Gure lana liburutegian izatea baino askoz gehiago izan behar da. Horregatik, beste urrats bat eman eta harremanak sortu nahi ditugu talde hauekin. Etorkinen kasuan, adibidez, integraziorako hizkuntza oso garrantzitsua izan ohi da. Bada, liburutegia hori jorratzeko eremu egokia izan daitekeela uste dugu".
----------
Herrialde eskandinaviarretan du sorrera
Herrialde eskandinaviarretan du sorrera irakurketa errazak 70eko hamarkadan, eta IFLAk (The International Federation of Library Associations and Institutions) 1997an zehaztu zituen irakurketa errazerako testuak idazteko jarraitu beharreko ildoak. Gure artean, baina, oso berria da oraindik. 2012an eratu zen Euskadiko Irakurketa Erraza Elkartea. Poliki-poliki badoa hedatuaz. Elkartearen arabera, herritarren %30 inguruk dituzte irakurtzeko zailtasunak.