Renan Andres: "Parapentean salto egitea nire bizio, nire droga, bihurtu da urte hauetan"

Mikel Arregi 2014ko mar. 19a, 00:00

Renan Andres parapentean salto egiteko prestatzen.
Duela urte pare batetik Oñatin bizi da Renan Andres parapentelari argentinarra. Akrobazietan espezializatua, munduko kopan parte hartzen dabil azkeneko urteetan. Euskal Herriko eguraldiak hegan egiteko aukera gutxi ematen dituen arren, Debagoieneko mendiekin maiteminduta dagoela dio. Parapente denboraldia prestatzen dabilen honetan, harekin hitz egin du GOIENAk.

Kirol minoritarioen artean dago parapentea. Zergatik?

Bai, zoritxarrez parapenteak ez dauka hemen beste leku batzuetan duen indarra. Estatuan, esaterako, gero jende gehiagok egiten ditu akrobaziak, baina, hala ere, beste herrialde batzuetan baino zaletasun txikiagoa dago. Frantzian, adibidez, 12 urteko mutikoak parapentean salto egiten ikusten dituzu. Hori hemen ezinezkoa da; jendeak kirol arriskutsu moduan ikusten du parapentea, eta hori ez da horrela. Zuk arriskuak hartzen badituzu, edo behar den zuhurtziaz ez bazara ibiltzen, istripuak izan ditzakezu. Parapentea oso kirol segurua izan daiteke, segurtasun neurriak errespetatzen diren neurrian. Esperientziak, eguraldiak... faktore askok dute eragina hegaldi baten segurtasunean.

Noiz hasi zinen parapentean?

2005ean. Kanarietan bizi nintzen orduan, Hierro irlan. Txikitatik neukan hegan egiteko ametsa, eta han nengoela parapentea ezagutu nuen. Ordutik hona, parapentea nire bizioa, nire droga, bihurtu da. Hasierako sasoi hartan, egunean 8-9 salto egiten nituen nire maila hobetzeko asmoarekin. Denborarekin, akrobazietan espezializatzen joan naiz, oraingo maila eskuratu dudan arte.

Nazioarteko probetan parte hartzea ere lortu duzu denbora honetan...

Bai, hala da. Kanarietan Juan Luis Morales ezagutu nuen. Sasoi hartan hura hasia zen salto akrobatikoak egiten, eta haren eskutik akrobazien mundua ezagutu nuen. Denborarekin aurrera egin genuen biok, eta, azkenean, nazioarte mailan lehiatzeko txartela eskuratu genuen. Hori 2009an izan zen, eta ordutik hona munduko hainbat lekutan izan gara.

Nolakoak dira parapente akrobazia lehiaketak?

Bi modutara lehiatzen gara: bi jauzilarirekin, modu sinkronizatuan; eta bakarka. 30 mugimendu dauzkagu, eta, zailtasunaren arabera, mugimendu bakoitzak puntu balio bat du. Salto egin aurretik, zerrendatik egin beharreko mugimenduak aukeratzen ditugu, eta epaileei esan ostean mugimenduok airean egiten saiatzen gara. Lekuen arabera, mugimendu gehiago edo gutxiago egin ditzakegu. Austrian, adibidez, bost mugimendu egin daitezke; Turkian, berriz, gehiago.

Lur hartzeek, bestalde, garrantzi handia daukate lehiaketetan. Batzuetan, diana bat jartzen dute ur gainean eta guk bertan bukatu behar dugu gure hegaldia.

Noiz duzu hurrengo lehiaketa?

Datak zehaztu gabe daude oraindik, baina munduko kopako lehenengo hitzordua maiatzean izango da; Austrian, seguruenik. Horren ostean, Frantziara joango gara, eta denboraldia Turkian bukatuko dugu azaro aldera.

Nola moldatzen zara entrenatzeko? Euskal Herrian daukagun eguraldi honekin ezingo zara nahi duzun bakoitzean irten...

Egia galanta! Kanarietan egunero entrenatzeko aukera neukan. Oñatin, berriz, desberdina da. Orain, udaberria datorrenean hasiko gara inguruko mendietatik salto egiten. Eguraldia problema da hemen, baina onartu beharra daukat Aloñarekin maiteminduta nagoela.

Aloña, Kurtzebarri, Udalatx... Asko dira parapenterako gure bailaran dauden mendiak.

Kurtzebarrira Aloñara baino gutxiago joaten naiz, Oñatitik urrutiago daukadalako. Etxetik Elgeako haize errotak ikusten ditut, eta haien arabera hegan egiteko baldintzak zeintzuk diren jakiten ditut. Horren arabera, Aloñako zein magaletik edo Kurtzeberritik salto egin dezakedan erabakitzen dut. Gero, parapentea prestatu, eta abian jartzen naiz. Debagoiena egundoko lekua da parapentean hegan egiteko.

Tandemean salto egiteko aukera ere eskaintzen duzu...

Bai. Nahi duenari Aloñatik salto egiteko aukera ematen diot, bertako jendeari eta Oñatira datozen turistei. Mendia gustuko duen edonori gomendatzen diot tandemean salto egitea. Etorkizunean, ikastaroak emateko asmoa daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak