Herriko hiru ikastetxeak eta Udala partaide dituen Hezkuntza Mahaiak bultzatutako ekimena da. Zentro bakoitzak eskola garraio propioa duela eta ordu bertsuetan, herri-gunean, oso antzerako ibilbideak egiten dituztela ikusita –eta sarri autobusak beteta ez direla joaten–, erabaki zuten "zerbitzua arrazionalizatzeko azterketa" egitea; Udaletik diotenez, orain arteko jarduteko modua "jasangarria ez dela" iruditu zitzaien, ez maila ekonomikoan, ez ingurumenari dagokionez eta ezta mugikortasunaren ikuspegitik ere.
Ordutegiak, ibilbideak, kostuak, erabiltzaile kopuruak, geldialdiak eta abar aztertu ostean, maiatzaren 5etik ikasturte bukaerara egongo da martxan Eskola Bus. Emaitzen arabera, hurrengo kurtsoa modu berri honetan abiatzeko aukera aztertuko dute. Proiektuaren aurreko faseetan hiru ikastetxeek hartu dute parte, baina proba pilotuan ez da jardungo Urgain: "Eskola publikoek ez dute eskumenik garraioari buruz erabakirik hartzeko, beraien garraioa –eguerdikoa kenduta– Hezkuntza Sailak kudeatzen duelako". Hortik, kanpoan geratzea. "Hala eta guztiz ere, interesa agertuz gero, Udala prest legoke, aurrera begira, bide honetan hiru ikastetxeek parte hartzeko moduak bilatzeko", dio Nerea Zubiak, Euskara eta Hezkuntza batzorde buruak.
Zubiaren arabera, proiektuarekin hauek lortu nahi dira zehazki: "Ibilbideak arrazionalizatzea, Txantxiku Ikastolaren autobusaren tamaina txikitzea –erabiltzaile kopuruagatik oso handia da, eta herriguneko hainbat puntutan mugikortasun arazoak sortzen ditu–, ibilgailuen zirkulazioa hobetzea herrian eta, batez ere, ingurumenarekiko ahalik eta errespetu handiena edukitzea".
Honela, neska-mutiko gehien jasotzen dituzten lekuetara bi ikastetxeetako autobusek jarraituko dute joaten, baina beste zenbait lekutara nahikoa izango da bakarra joanda –bateko zein bestekoak jasoko ditu–.
Nerea Zubiak dioenez, Eskola Bus ekimenak lehen urratsa izan nahi du: asmoa da beste proposamen batzuk bultzatzea aurrerago, neska-mutikoak oinez edo bizikletaz joan daitezen, adibidez, ikastetxera.