Martitzenean egindako ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso zuen Lagun Onari saria; Urkulluk adierazi zuen, haren lanarekin, euskaldunok hobeto ezagutzen dugula gure historia, eta kanadarrek ere jaso dutela euskaldunon berri. Kanadar jatorrikoa, Huxleyk beti bilatu izan du kanadarren eta euskaldunen arteko lotura, eta "oso pozik" agertu zen saria jasota. Ekitaldian, Oñatin ezagututako zenbait berriz ikusteko aukera izan zuelako ere bai.
"Zorionak", Oñatitik
Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikotik ere zoriondu dute Huxley Eusko Jaurlaritzak emandako sariagatik. Ramon Martin artxibozainak adierazi du bat egiten dutela Huxleyri egindako omenaldiarekin. Eta sariaren aitzakiarekin post bat sortu dute oinati.gipuzkoakultura.net helbidean, ikerlariaren lanari buruzko informazioarekin eta erabili izan zituen dokumentu historikoetarako loturekin.
Bertan diote Huxleyk eginiko ikerketen artean "oso nabarmenak" direla Kanada eta Euskal Herriko itsas historiarekin lotutakoak, "bereziki bakailao eta bale arrantzaren gainekoak": "Ikerketotan, Ternuan ibilitako euskal arrantzaleekin erlazionatutako dokumentu asko topatu eta identifikatu zituen; besteak beste, Ternuako dokumentu zibil antzinakoenetarikoak".
Argazkiko dokumentua, adibidez, Joanes Etxanizen testamentua da, eta data eta lekua azaltzen dira bertan, besteak beste: "...fecho e otorgado en el Puerto Bretón, en gran/ baya, 24 de dezienbre ano 1584...".
Besteak beste Huxleyk egindako lanaren ondorio, Gizateriaren Ondare Historiko izendatu zuen iaz Unescok Labradorko Red Bay, euskal balea-industriaren kokalekua.