Begoña Zabala: "Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen abortuaren legea 1985ekoa baino atzerakoiagoa da"

Irati Goitia 2014ko mar. 11a, 17:09
Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen abortuaren lege berriaren inguruko argibideak eman zituen Begoña Zabala, Nafarroako abokatu feminista eta sindikalistak, atzo Oñatin. 1985eko legea baino atzerakoiagoa dela adierazi zuen, besteak beste.

Abortuaren lege berria, emakumeon eskubideen hondamena hitzaldia egin zuen Begoña Zabalak, Nafarroako abokatu feminista eta sindikalistak, atzo Oñatin. Martxoaren 8aren bueltan Udalak antolatutako hitzaldian izan zen.

Atzerapausoa

Zabalak esan zuen abortuaren lege berriak hainbat puntu beltz edo atzerapauso dituela gaur egungoaz alderatuta. Lehena legearen izena bera dela adierazi zuen. Kontzebituaren eta jaio ez denaren legea dela adierazi zuen. Eta hala, emakumea eta enbrioia parekatzen dituela Gobernuak, kontzebitua pertsona bezala kontsideratuz. Egungo legea, berriz, emakumearen eskubide sexual eta erreproduktiboen legea dela esan zuen.

Abortatzeko baldintzak

Bigarrenik, aipatu zuen abortatzeko baldintzak mugatuko dituela lege berriak. Bi izango dira baldintzak: bortxaketa bat jasan izana, edo haurdunaren osasun fisikoari edo psikikoari kalte larria eragitea. Malformazioak ez dira zuzenean abortatzeko arrazoi izango. "1985ean baino egoera okerragoan jartzen gaitu. Izan ere, orduan hiru baldintza zeuden, malformazioa ere barneratzen zuen legeak. Oraingoak, baina, bortxaketa eta osasuna bakarrik hartzen ditu", esan zuen Zabalak.

Argitu zuen emakumearen osasun arriskuaren kasuan, abortatzeko muga 22. astean jartzen dela. 1985eko legean baldintza horrek ez zuen eperik. "Emakumeak haurdunaldiaren edozein unetan jasan dezake kalteren bat osasunean", zehaztu zuen. Bortxaketaren kasuan, hamabi asteko epean jarriko da abortatzeko muga.

Emakumearen borondatez edo eskariz egiten den abortua zigortu egiten dela zihoen. "14. astera arte baldintzarik gabe egiten den abortua zigortu egiten da, hau da, Euskal Herrian egiten diren etenaldi kasuen %95a".

Erabakia hartzeko, oztopoak

Zabalak adierazi zuen abortatzeko erabakia hartzea ere zaildu egingo dutela, oztopo ugari ezarriz. "Prozesu nekez, burokratiko, luze eta zaila ezarriko da, emakumearen iritzia aldatzeko helburuz". Hala, aipatu zuen medikuei erabakia jakinarazi ostean zazpi egun itxaron behar direla, aholkulariaren figura sartu dutela, bi sendagileren txostenak behar direla, eta abar.

Gobernu Espainiarrak abortuak praktikatzea ekidin nahi badu, kontrazepzio programak areagotu beharko lituzkeela ere esan zuen Zabalak.

"Nire gorputza"

Bestalde, gaineratu zuen 1985etik gizartea aldatu egin dela, eta baita gizarteak abortuaren legearen aurrean duen jarrera ere. Hala, zehaztu zuen 1985ean kontzebitua biziduna ote zen ala ez eztabaidatzen zela. Egun, berriz, emakumearen erabakitzeko eskubidearen ingurukoa dela eztabaida. "Egungo kontsigna edo ustea da gorputza nirea dela eta nik nire gorputzarekin nahi dudana egiten dudala".

"Legeari aurre egin"

Legearen aurkako mugimendu aktiboa sortzea posible dela esanez amaitu zuen hitzaldia Zabalak. "Italiako mugimendu feministak 80 hamarkadan eta 70eko hamarkadaren amaieran, abortu pila bat burutu zituen modu alternatiboan, ospitale publikoek egin nahi ez zituztelako. Nik uste dut orain askoz errazago egin daitekeela hori. Legea desobeditu daiteke eta desobeditu egin behar da instantzia guztietatik. Eta oso garrantzitsua da desobedientzia hori gizarteak ere egitea".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak