Mario Zubiaga: "Erabakitzeko eskubidea aldebakarrekoa da, eta ez dago inoren aitorpenaren menpe"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko mar. 11a, 12:00
Mario Zubiaga.
Mario Zubiaga Donostian Zuzenbide ikasketak egin eta Leioan hasi zen irakasle; egun ere Politika Zientzietan dihardu. Gizarte mugimenduak, demokratizazio prozesuak, subiranotasuna eta beste izan ditu ikerketa gai. Oñatin izan zen hilaren 7an, egubakoitzean, Ernaik gonbidatuta.

Has gaitezen autodeterminazio eta erabakitzeko eskubideen arteko aldeez berbetan.

Erabakitzeko eskubidea autodeterminazio eskubidea deitzeko modu garaikidea dela esango nuke. Eduki mailan ez dago alde handirik, batez ere eskubide bezala definitzeko erabil daitezkeen argumentuetan datza bereizketa. Autodeterminazio eskubidea nazioartean garatu da urteetan zehar XX. mende hasieratik, Wilson printzipioetatik abiatuta. Eta erabakitzeko eskubidea berriki garatzen ari den doktrina politiko berria da, XXI. mendean sortu diren herrien eskaera politiko demokratikoei erantzuteko modu bezala.

Eta zein kasutan gertatu izan da?

Autodeterminazioa, kontzeptu gisa, deskolonizazio prozesuekin lotutako egoeretan, bereziki. Menperatutako herri bat izan ohi zen, itsasoz bestaldekoa, zapaldua eta inongo eskubiderik ezta egituraketa instituzionalik ez zuen herria... Nazioarteko doktrina juridikoan horri lotuta egon da autodeterminazio eskubidea, batez ere. Era berean, nazio minorizatuen edo zapalduen eskubideen aitorpenarekin ere izan du lotura. Alabaina, XX. mende amaieran, eta batez ere ekialdeko zenbait herriren berregokitze eta sortze edo estaturatze prozesurekin ikusi da badaudela euren subiranotasuna aldarrikatzen duten zenbait herri eta komunitate politiko eta horiek ez dute zertan kolonia bat izan, ezta derrigor nazio kultural ezberdin bat osatu. 

Zeintzuk izaten dira kasu horietan arrazoiak?

Arrazoiak bildu eta nahastu egiten dira: kulturalak, historikoak edo etnikoak... Baina Quebecen, Eskozian zein lehengo Jugoslaviako hainbat herri estatu bilakatzen direnean, esaterako, erakundetuta dagoen komunitate politiko bat izan ohi dugu; kasu horietan, azpiratze koloniala erlatiboa izan daiteke. Komunitate politiko horrek etorkizuna erabaki eta subiranotasuna bere gain hartu gura du, besterik gabe, bere burua demokratikoki gobernatzeko eskubidea aldarrikatzen du, kanpoko beste erabaki baten menpe egon gabe.

Beraz, ez da nazio bat izan behar erabaki gura izateko.

Ez da derrigorrezkoa, ez nazio etniko-kultural bat, ezta herri kolonizatu bat izatea. Oso zaila izango litzateke, adibidez, Eskoziaren kasuan, kolonia bat dela esanez justifikatzea; muturrera eramandako argudio moduan, agian, funtzionatuko luke. Baina badago inoren agindurik jarraitu barik euren burua gobernatu gura duen komunitate politiko bat, eta hori da garrantzitsuena.

Erabakitzeko eskubideaz eta autodeterminazioaz berba egitean, sarri, historiari egiten diogu erreferentzia. Historia beste argudio bat izan daiteke. Kontua da argudio guztiak erabil daitezkeela pentsatzeko garai post-modernoen ezaugarri bat dela, eta hori ez da modu kontrajarrian gertatzen. Bakoitzak erabaki dezake zein arrazoibide duen gustukoen; historia da batzuentzat, hizkuntza baten defentsa beste batzuentzat, nazioa, egoera sozioekonomiko hobe baten aldarrikapena... Gakoa komunitate politiko horren erabaki demokratikoan datza.

Komunitate batek erabaki gura duela hautatzen duenean hasten da dena, beraz.

Azkenean, komunitateko herritar guztiek erabaki behar dute euren komunitate politiko estatusa zein den eta zer-nolako harremana izango duen besteekiko. Erabaki demokratiko horretan datza dena, ez horrenbeste erabakia hartzeko egon daitekeen arrazoian. Eta erabakia hartzea aldebakarrekoa da, ez dago inoren aitorpenaren menpe. Hori da autodeterminazio eskubidearekin alderatuta dagoen desberdintasunetako bat, norbaitek aitortu behar baitizu eskubide hori. 

Kataluniak 2014an egin gura du galdeketa, baina Espainiako Gobernuaren oposizioa dauka.

Arazopolitiko bat da horren atzean dagoena, ez juridikoa. Kataluniatik behin eta berriz esan dute, saiatzen ari dira ikuspegi legaletik antolatzen. Aurrena Espainiari baimena eskatu diote legezko kontsulta edo erreferendum bat egiteko; badirudi oraingoz ez dutela eman, tramitean dago eskuduntzeen-uzte bezala definitzen den bidea, Konstituzioaren 150.2 artikuluak aurreikusten duena, baina, ziurrenik, hortik ere ez da baimenik eskuratuko. Beraz, Kataluniako Parlamentuan kontsulta lege bat sortzea izango litzateke hurrengo pausoa, eta lege horren bidez deitzea erreferenduma. Hori egiten baldin badute, ziurrenik Estatuak helegitea ipiniko du lege horren kontra Auzitegi Konstituzionalean. 

Orduan, zein bide jarraitu ahal izango lirateke?

Ez dago garbi zein bide hartuko lukeen orduan Kataluniak, baina hainbat daude. Horietariko bat Auzitegi Kostituzionalaren eskuduntza ez onartzea izango litzateke, eta kontsulta deitzea. Beste bat, eta azken hilabeteotan hizpide dena, hauteskunde plebiszitarioa deitzea izango litzateke. Ez dago legeztatuta; hauteskunde arruntak dira, baina aldeak daude: erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdi guztiek argi eta garbi erabakitzeko eskubidearen aldeko planteamendu bat egingo lukete euren programako lehenengo puntu bezala. Jendeak bozka ematerakoan jakingo luke alderdiak lehentasun moduan ipini duela eta behartu egingo luke parlamentu berria bide hori hartzera. 

Zirrikituak bilatu behar dira, beraz. 

Zalantza barik. Gainera, mundu anglosaxoian dagoen pragmatismo juridiko edo politikoa ez dago beste herri batzuetan eta igarri egiten da. Eskozian horren modu errazean eta bideragarrian kudeatu den gaia badirudi ia ezinezkoa dela Espainia edo Frantzia tarteko, beste kultura politiko batekoak baitira, eta ez daude prest komunitate politiko batek bere burua gobernatu nahi izatea onartzeko. 

Hori da oztoporik handiena?

Ez du laguntzen beste aldeak inongo onarpenik ez adieraztea. Ingalaterrak Eskoziarekin erakutsi duen jarrera askoz malguagoa da; egia da, baita ere, jarrera hori hartu duela, aurretik kalkuluak egin eta ezezkoa gailenduko den esperantza ere baduelako. Ziurrenik, Kataluniaren kasuan Espainiak ez du horren argi emaitza hori lortuko zenik. Kalkulu tekniko horrez gain, esan dugun bezala, kultura politiko itxia dauka Espainiak. 

Konpara gaitezke beste prozesu batzuekin?

Tamalez, ez. Baina mendebaldeko gure eremu honetan estatu klasikoen azpian dauden herrien berpiztea joera historiko nabarmena da eta herritar bezala dituzten eskubideak aldarrikatzen ari dira. Horren erakusgarri da azken 30 urteotan Europan mugak aldatzen joan direla, eta, ziurrenik, aldatuko direla. Horretan bai aurki dezakegu nolabaiteko antzekotasuna Katalunia, Flandria eta beste hainbat egoerarekin. Azkena, Krimean. 

Euskal Herrian prozesua martxan ipiniz gero, zeintzuk dira egin beharreko urratsak? 

Hiru dimentsio daude. Ikuspegi juridikoak jorratzen duena da zein punturaino jaso behar den eskubide hori ordenamendu juridikoan eskubide bera egikaritzeko; orduan, estatuarekin elkarrizketara eramango gaitu. Badirudi hortik hasiko dela prozesua. Ikuspegi politikoari dagokionez, erakunde batzuk dituzunean eta gehiengo subiranista izanda, zein punturaino har ditzakete erabakiak herriaren nahi eta beharretara egokituta eta ez horrenbeste goitik datozen aginduetara? Erabakia hartzean sortuko litzateke orduan eskubidea; esaterako, Wert Legea EAEn ez dela aplikatuko erabakita. Azkenik, nork bere egunerokoan hartu behar ditu erabakiak beste jendarte eredu bat sortzen hasteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak