Kyung-seo Park soziologoa da, bere hezkuntzaren zati handi bat Europan egin du eta gure kontinentea oso ondo ezagutzen du, baina bertako gazteok ez dute Korea hain ondo ezagutzen, eta bere herrialdearen berri eman nahi izan zuen Park doktoreak atzo arratsaldeko hitzaldian, Enpresagintza fakultatean.
Hego Koreatik berarekin etorri diren ordezkarien, MUko arduradunen eta hainbat ikasleren aurrean, Korearen argazkia egin zuen: herrialde txikia, betidanik potentzia handien artean eta, askotan, haien jomugan eta asmo estrategikoetan egon izan dena, berak hala nahi izan gabe: Japonia, Txina, Sovietar Batasuna eta gero Errusia, eta AEBak, batik bat. Gainera, 1945a ezkero bitan bananduta dagoela gogorarazi zuen: Hego Korea eta Ipar Korea. "Baina korearrok ezin dugu ahaztu mendetan eta mendetan konpartitu dugun historia, komunitatea, hizkuntza eta kultura", esan zuen. Korearrak "bakezaleak" direla eta berriz herri bat izateko "borondatea" dutela esan zuen behin eta berriz Park doktoreak.
Giza eskubideen arloan lan egiten duen soziologo horren iritziz, "ezin da gerra edo biolentzia erabili bakea lortzeko aitzakiarekin" eta, horregatik, gerra edo biolentzia erabiltzeko asmoei "beti ezezko irmoa" agertu behar dio norbanakoak, edonon. "Euskal Herrian gatazka bat duzuela badakit, eta hemen ere, biolentzia erabiltzeko borondatea erakusten duenari horren aurkako jarrera azaldu behar diezue, gazteok", eskatu zien entzuleei.
Kooperatibismoa, hasten dagoen mugimendua
Azken bi urteotan badago indarrean Hego Korean Kooperatibismo Lege bat, eta enpresa kapitalistek kooperatiba bihurtzeko aukera dute. Horren adibide da Park doktorearekin etorri den ordezkaritza: Seuleko 40 bat jatetxe hornitzen dituzten bost enpresak, kapitalista izatetik, kooperatiba bihurtu dira. Gainera, orain badago Seulen Kooperatibak Kudeatzeko Zentro berri bat, eta bertako presidentea da Kyung-seo Park. Bere esanetan, "merkatuak sekulako eragina du Hego Korean, eta enpresa handiek asko irabazten dute, baina irabazi horiek ez dira jendearengana ailegatzen. Gu hemen gaude kooperatibismoaren gainean ikasteko. Guretako eredu bat izan daitezke kooperatibak, eta korearrendako giza eskubideak zabaltzeko benetako modua izan daitezke", giza eskubideen oinarri bat ekonomikoki garatzeko eskubidea den aldetik.