Basozaina zara baina lanbidea baino zerbait gehiago duzu.
Gustuko baduzu ofizioa beti gura duzu gehiago ikastea eta hortik dator; zuhaitzak eta zuhaixkak ahal den guztiak ezagutu, bildumak egiten hasi eta orain arte munduan sartu naiz.
Zelatan etorri da salto hori?
Lehenengo zuhaitzak eta zuhaixkak kanpotik ezagutu nahia izan zen: hostoa dela, adarra dela... Gero barrutik: enborra, egur motak... Eta orain hirugarren pausoa etorri da enbor hori lantzen hastea.
Erakusketan zelako lanak daude?
65 bat eskultura daude, eta koadroak enbor zatiekin. Egindako lanak sinpleak dira, baina ez dut konplikatu nahi izan.
Lan ordu batzuk sartu dituzu…
Urte eta erdian egin ditut. Arantzazuko lagun batek asko animatu nau, eta hark esan zidan behin hasiz gero harra sartzen dela barruan eta ezin dela utzi. Nik, berriz, ezetz, nire burua ezagutzen nuela eta bi hilabetera nekatuta egongo nintzela, baina bai zera!
Eskultura batzuek forma zehatza dute eta beste batzuek ez; arrazoiren bat badago?
Ez, ez naiz itxura baten bila joaten. Neure lanean jarduten dut nik, basoan gora eta behera, eta zerbaitek atentzioa emanez gero hartu eta egiten hasten naiz, baina neu bila joan gabe. Batzuetan ateratzen dira nahiko forma garbiak eta ikusten da zer den, eta beste batzuetan ez. Gustuko dudan pieza bat topatzean jolastu egiten dut horrekin: egurrak elkartu, forma dela, kolorea dela…
VII. mendeko haritz zati batekin egindako eskultura ere baduzu erakusketan, ezta?
Haritz hori oparitu egin zidaten, Bizkaia aldekoa da, eta kalkulatu dute 1.000 bat urte edo gehiago izango dituela. Ia ukitu gabe jarri dut, harritxoren bat gainean jarrita baina ia ez dut lanik egin horrekin. Oso zaharra denez beltza da, ia fosilizatzen hasia, eta ebanoa ematen du. Bere sinpletasun horretan oso polita da.
Ezjakintasun handia dago zuhaitzen gainean, hortaz, erakusketa honekin zerbait bilatu gura izan duzu?
Jendea egurrera hurbiltzen bada oso ondo, baina ez da asmoa. Neuri barrutik sortu zaidan zerbait da, egurraren inguruan pauso bat gehiago emateko beharra izan dut; eta egindakoa jendearen gustukoa bada, hobeto.
Zegaman 1.500 lagineko xiloteka daukazu ikusgai, ezta?
Bai, Aizkorriko Ataria museoan; orain itxita dago aldaketa batzuk tarteko, baina laster zabalduko dute. Hor daude batetik 173 enbor erditik moztuta, ikusteko egurra zelakoa den barrutik; eta bestetik 1.500 lagin xiloteka bezala.