Atxagak Laboaren heriotzaren ostean idatzitakoak, oholtzara

Imanol Gallego 2014ko ots. 28a, 10:27

Argia, musika eta antzerkia batzen dira 'Zazpi aldiz elur' ikuskizunean.
Bizitzako pasarte txikiak ustekabean istorio handi bihurtzen dira: elurra mara-mara ari zuen; ume batek Mikel Laboa hil zela jakin eta, umeek bakarrik duten naturaltasunarekin, hau bota zuen: "Polita da honelako egun batean hiltzea". Pasarte txiki hark Bernardo Atxagaren irudimen itzela piztu, eta lan hori idazteari ekin zion.

Bertan, Emily Dickinson bezalako sortzaile ezagunak aipatu arren, Laboaren letra eta idatziak dira hari nagusia.

Diziplina askotako ikuskizuna

Gaur gauean, definitzen zaila den ikuskizun batek beteko du Santa Ana antzokia. 22:30ean, musika, poesia, antzerkia... guztia nahasten duen ikuskizunak jendearen irudimena asebete eta arimari ere jatekoa emango dio. Oñatiko antzokira gerturatzen direnek, 10 euroren truke, XX. mendeko euskal sortzaile prolifikoenetako baten espiritua gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango dute.

Ikuskizunak Gasteizko eta Donostiako ikusleen txalo eta lausenguak jaso ditu. Izaeragatik ote, istorioagatik akaso, oholtzan gertatzen den ikuskizunagatik baliteke, baina ikusle askok bereganatu eta gutxi batzuek ezagutu zuten artista baten ondareaz gozatzeko aukera izango dute.

Omenaldia bai, nostalgia ez

"Poetikoa eta gertukoa da; nostalgikoa, berriz, ez". Horrela azaltzen du Mireia Gabilondo bergararrak berak zuzentzen duen ikuskizuna. Mikel Laboaren aztarna oso agerikoa da: "Hura askea zen, eta haren lanek ere izaera bera zuten, eta guk hori guztia errespetatu dugu", dio.

Askatasun horri esker, Laboaren lanek beste bizitza bat dute. Artistaren kopla eta musikarekin jolasten du Iñaki Salvador konpositoreak. Laboak sortutako letrak testuingurutik ateratzen ditu Salvadorrek, ikusleek euskal kulturaren erreferente izandako koplak beste doinu batzuekin gozatu ahal izateko. Laboak egiten zuen antzera, emozioak hitz bihurtu beharrean, hitz horiek kontakizun bisual bihurtuko dira oholtza gainean.

Nabari da ikuskizuna lagunen artean egina dela. "Argi bero eta txiki bat piztuko dugu eta elkarrekin egoteko gogoa sentitzen dugu", azaldu du aktoreetako batek.

Hiltzeko bezala, antzerkia ikusteko ere egunak eta egunak daude. Elurra edo euria egin dezakeen gau honetan, zazpi aldiz damutzea baino hobe da Zazpi aldiz elur ikustera joateko gonbidapena onartzea. Laboak maite zuen txoriaren antzera, irudimenak egingo du hegan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak