Graduko eta batxilergoko ikasleei zuzendutako Gizarte Erantzukizunari buruzko jardunaldia antolatu du MUk

Miren Mujika 2014ko ots. 26a, 20:00
Ikasleak gaurko GazteRS jardunaldian.
MUko eta Oñatiko batxilergoko 120 ikaslek gogoeta eta lan egiten jardun dute gaur, gizarte-erantzukizunaren ikuspegi batez, gazteek Oñatin antzemandako benetako arazoei irtenbideak bilatzeko asmoz.

 

GazteRS izeneko gizarte-erantzukizunari buruzko jardunaldia MUko Enpresagintza Fakultatearen Oñatiko campusean izan da. Topaketak egun osoa iraun du, 08:00etan hasi eta 17:30ak arte. Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduko (GADE) eta Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako Graduko (LEINN) ikasleak ez ezik, Oñatiko batxilergoko azken mailetako eta prestakuntza zikloetako ikasleak ere bildu ditu topaketak.

Helburu nagusia gizarte-erantzukizunaren inguruko kultura bultzatzea izan da eta horretarako, gogoeta-jardunaldi trinkoa egin dute hainbat eremutako ikasleek, gairik garrantzitsuenen inguruan hausnartzeko. Horrez gain, jardunaldiak beste hainbat asmo izan ditu: gero soluzioa diseinatzeko benetako arazoak identifikatzea, adin askotariko pertsonen arteko gizarte-kohesioa bultzatzea, partaideen artean esperientziak trukatzea eta benetako arazoei elkarlanean irtenbideak emateko konpetentziak eskuratzea. Goiz osoan proposamenak garatu ostean eta jardunaldiari amaiera emateko, ikasleek aurkezturiko proiekturik hoberena aukeratu da herriko benetako arazoei irtenbidea aurkitzeko.

Esan bezala, jardunaldia 08:30ean hasi da eta lehen zeregina gizarte-eginkizunaren esanahiari buruz hausnartzea izan da. Hala, irizpide etikoak ezarriz ingurunean dauden erronka nagusiei erantzuteko moduaz aritu dira ikasleak.

Ondoren,  diziplina askotariko taldeak osatu dira, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren alorretan, herriko arazo nagusiei irtenbidea eskaintzeko. Goizeko saioak balio izan du arazo horiei erantzuna emango dieten irtenbideak lantzeko, eta sortu diren taldeek proposamenak eraiki dituzte.

Behin taldeak eraikita, planteatutako arazoei irtenbidea emateko talde bakoitzaren proposamenak aurkeztu dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak