Gazte mailako Athleticen eta Vasconiaren prestatzaile fisikoa zaitugu. Gustura?
Bai. Gasteizen ikasitakoa ogibide bilakatu dut eta oso gustura nago. Eibarren eta Realean ere lan bera egin nuen. Azken sei urteetan Lezaman nago, Lehen Mailako taldearen etorkizuneko jokalariekin lanean.
Gazte mailako Athletic eta Basauriko Vasconia dira nire taldeak. Horko jokalarietako batzuk Athletic B-rako jauzia egiten dute. Vasconia Athleticekin hitzartuta dagoen taldea da. Bere elastikoa dauka, baina entrenamenduak Lezaman egiten dituzte.
Bitxia da hori!
Bai. Athleticek duen egiturarekin, gazte mailako jokalarien hurrengo urratsa Bilbao Athletic zen. Espainiako Bigarren B mailan jokatzen duen taldea. Aldea nabaria da. Futbolak diru gutxi dauka egun, eta orain arte Bigarren A mailan lekua izan duten jokalariak, diru faltagatik, Bigarren B mailara heldu dira. Hori horrela, eskarmentu handiko jokalariak dira, eta gazte mailatik zuzenean igotzen diren jokalariendako aurkari oso gogorrak.
Gazte mailako jokalari batendako urrats handia da Bigarren B maila. Hori horrela, Vasconiarekin egin genuen hitzarmena. Realean ere antzeko zerbait egin zuten EHU taldearekin, Sanserako jauzia errazteko.
Harrobiko zenbat jokalari heltzen dira goraino?
Oso gutxi. Nik 40 jokalarirekin egiten dut lan egun. Horietako lau edo bost helduko dira gorago. Hortxe egiten da aukeraketa, eta gogorra izaten da.
Athleticen kasuan, nork egiten du aukeraketa hori?
Jose Mari Amorrortuk eta Aitor Larrazabalek dute harrobiko taldeen ardura. Horien gainetik, Athletic B taldeko entrenatzaile Cuco Ziganda dago.
Beti asmatzen da halako erabakiak hartzeko orduan?
Ez, eta adibide bat ipiniko dut: Unai Albisua. Egun, Lehenengo Mailako jokalaria da eta nirekin egon zen Vasconian. Aukeraketa egiteko unean entrenatzaileak erabaki zuen ez zela aproposa gorengo talderako.
Teknikoki gabeziak zituen, baina talderako eta lanerako balizko jokalaria zela uste genuen guk. Taktikoki zelaian ondo kokatzen zena, oso azkarra. Vasconian jarraitu zuen eta Athletic B-ra salto egin zuen Zigandaren eskutik. Partidu guztiak jokatu eta lehen taldera igotzeko aukera heldu zitzaion. Orduan, Amorebietak taldea utzi zuen eta Albisuak egoera aprobetxatu zuen. Minutu gutxi jokatu ditu orain arte, eta aukera izan du Alavesera joateko, Bigarren Mailara. Valverdek ezetz esan dio.
Eta Albisua bezala, beste adibide batzuk: Mikel Rico harrobiko taldeetan egon zen eta Granadara joan zen ez zutelako aukeratu. Mikel San Jose Liverpoolen egon zen utzita bi denboraldiz, Bilbora itzuli zen arte. Aritz Aduriz, Ander Herrera…
Athleticeko Beñaten kasua ere bitxia dela esan diguzu.
Athletic B-raino heldu zen. Caparrosek ez zuen begi onez ikusten eta Beñaten ordezkariak lekua topatu zion Betisen. Denboraldi-aurrea hasi zenean Beñat non zegoen galdetu zuen Caparrosek. Berak taldean gura zuela esan zigun, baina ordurako Sevillako taldearekin akordioa lotuta zeukan jokalariak.
Komunikazio falta egon zen, eta gerora Athleticek hainbat milioi ordaindu zituen Beñat Bilbora ekartzeko.
Marcelo Bielsatik Ernesto Valverdera. Aldaketa handia izan da?
Bai. Oso bestelako entrenatzaileak dira. Bielsaren lan egiteko modua oso sistematikoa zen. Oso linealak ziren haren entrenamenduak. Errepikakorrak eta oso astunak. Bielsaren lehen urtea oso ona izan zen, baina bigarrenera jokalariak hustuta heldu ziren. Erreta. Nekatuta.
Valverde oso bestelakoa da. Giro ona dago taldean.
Futbola beste modu batera ikusten da zale moduan edo talde profesional bateko langile moduan?
Bai. Neronek oso bestela ikusten dut futbola: Athleticzalea naiz eta Athleticeko langile. Bi egoerek ez dute zerikusirik. Hedabideek asko idealizatzen dute futbola; batez ere, hedabide espezializatuek. Gero, barruan, beste modu batera bizi izaten dugu. Dena ez da urre kolorekoa. Futbol klubak enpresak dira eta lau urtean behin hauteskundeak izaten dituzte. Hauteskundeak nork irabazten dituen zain egoten gara langileok gure lanpostuekin zer gertatuko den jakiteko.
Presidenteak ideia eta metodologia berriekin datoz eta horrek eragina izan dezake taldeak aurretik duen azpiegituran. Eta horrek guztiorrek eragin zuzena dauka harrobiko taldeekin egiten den lanean. Presidenteak jarraipena ematen badio, etorkizun luzeago baten aldeko apustua egin daiteke. Datorren urtean hauteskundeak egongo dira Athleticen, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Harrobiko lana egiteko, epe luzerako presidentea aukeratzea izango litzateke onena.
Egun Realean Lehenengo Mailan diharduten hainbat jokalari zurekin ibili dira harrobiko taldean.
Atzerritarrak eta azken fitxaketak izan ezik, gainerako guztiak. Antoine Griezmann kadete mailan egon zen nirekin. Carlos Martinez, Imanol Agirretxe, Jon Antsotegi, David Zurututza, Mikel Gonzalez… Harrobitik ondo lan eginda, jokalariek heldutasun maila itzela lortzen dute.
Mikel Gonzalezek Preferentean jokatu zuen EHUrekin.
Bai. Oso bitxia da Gontxa-ren kasua. Kadeteetan, urtebetez utzita jokatu zuen Añorgan. Ez zuen oso garbi futbol munduan noraino heldu gura zuen. Handik Realera itzuli zen, eta EHUrekin jokatu zuen Preferentean. Azkogainean galdu egin genuen Aloñaren kontra, baina segituan ikusi genuen Preferenterako baino askoz gehiagorako balio zuela. Handik Sanserako jauzia egin zuen Gonzalo Arkonadarekin, eta egun inork ez du haren maila zalantzan ipintzen.
Ander Iturrasperekin antzerako zerbait gertatu zen. Kadete mailan zegoela, futbola utzi zuen urtebetez. Ez zuen oso garbi eta lagunekin hasi zen futbolean Matienan. Urtebetera Athletic B-ra itzuli zen eta orain Lehenengo Mailan dago.
Eibarren prestatzaile fisiko egon zinen garaian, Jagoba Arrasate eta Jon Antsotegi taldeko jokalariak ziren.
Bai, hala da. Hiru urte egon zen nirekin. Arrasate aurrelari azkarra zen. Gol asko sartu zituen. Eibarrek jokatu zuen igoera faseetako baten, Nojaren kontrako lehian, belauna apurtu zuen. Garbi zuen entrenatzaile izan gura zuela eta hara bideratu zuen bere ibilbidea.
Jon Antsotegik Hirugarren Mailan jokatu zuen Manix Mandiolaren aginduetara eta Bigarren Mailan Blas Ziarretarekin. Eibarren taldekide eta kuadrillako lagun ziren. Egun, Realean, entrenatzaile eta jokalari.
Nola ikusten dituzu hiru taldeak aurtengo denboraldian?
Oso ondo. Athleticek eta Realak helburu bera dute: Txapeldunen Liga. Zorionez edo zoritxarrez, laugarren lekua lortzeko lehian egongo dira. Maila ona ematen dihardute.
Eibarren lana txalotzekoa da: liderra Bigarren Mailan. Gaizka Garitano nire jokalaria izan zen, eta lan itzela egiten dihardu. Ez da erraza izango Eibar lehen lekuan mantentzea, Bigarren Mailan 42 partidu jokatzen direlako eta taldeak nekatuta heltzen direlako liga bukaerara.