Pello Zabala: "Mizkina nintzen txikitan, baina jatun ona naiz egun, esker onekoa"

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ots. 27a, 12:00

Pello Zabala, Arantzazun.
Mizkina zen Pello Zabala txikitan eta kolore gorriko jakiak, esaterako, ez zituen probatu ere egiten; tomatea jaten Oliten ikasi zuen, gaztaroan. Egun, baina, edozer jaten du. Sukalde inguruko galderak ez ezik, bestelakoak ere lasai erantzun ditu Arantzazutik, etxetik.

Zein da Pello Zabala? Nolakoa?

Amezketan jaiotako landarea, Arantzazuko mendira etorria eta landatua. Han gustura hazi eta itzala ematen duena.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Seminarioan geundela gosaria prestatzen nuen sukaldariak jai zuenean, ordutik hona... gutxi. Jale ona naiz, ordea, esker onekoa.

Zer prestatzen duzu ondo?

Edozein motatako tortilla.

Zertara gonbidatuko zenuke lagun onena? Non?

Ez zait askotan tokatu hori.

Eta etsairik handiena?

Bere gustuko platera ahalik eta ondoen prestatuko nioke hari.

Norekin izango zenuke jatordu bat? Zergatik?

Andoni Aizpuru eta Urko Aristi albo banatan eta Xabier Euzkitze parean. Ondo pasatuko genuke.

Zergatik frantziskotar? 

Arantzazuko Ama Birjina kuttuna izan da gurean. 8 urte inguru nituela erabaki nuen hona etortzea. Hemen bazuten behatoki txiki bat. Gandiaga topagunean ere beste bat jarri zuten eta Euskadi Irratia sortu zutenean proposatu zidaten ze eguraldi egiten zuen esateko, egunero. Joxerra Gartziarekin hasi nintzen horretan eta gero konturatu nintzen irratia ona zela Arantzazuren gaineko propaganda egiteko. Eta gaur arte. 

Ze meteorologo miresten duzu?

Jose Inazio Usabiagari kasu handia egiten nion.

Frantzisko Aita Santua hiru berbatan deskribatu, mesedez.

Oso ondo prestatuta dago gauza handiak egiteko, apaltasunetik.

Frantziskotarra ez bazina?

Ez dut beste inon ikusten nire burua. Uriarteren taldeetako baten egongo nintzateke.

Zer maite duzu zure bizimoduan?

Frantziskotar bizimodua, egunerokotasuna. 

Iratxoek hiru desira betetzeko aukera eman dizute...

Gertu ditugun gaixo eta edadetuak alai mantentzea, herri hau bakean bizi izaten utz dezatela eta presoak eta iheslariak etxeratzea.

Zure bizitzako anekdotaren bat?

Teologia ikasten genuen sasoian, 19, 20, 21 urte genituela, amuarrainak errekan harrapatzen ikasi nuen. Ikaragarri gustatu zitzaidan, eta arratsalde batean 36 harrapatu nituen.

Bizimodu honetan ezinbestekoa da...

Arnasa.

Damu zara...

Ezertaz.

Zer errepikatuko zenuke?

Gehiena.

Zerk beldurtzen zaitu?

Oraingoz, ezerk.

Lanetik etxera iritsi berritan, sofan eseri eta...

Ez dut ohitura hori. Lehen, kirolak ikusten nituen sofan eserita, baina futbola jarraitzeari aspaldi utzi nion eta pilota ere alde batera utzita dut. Gainera, beti daukat zerbait egiteko eta sofak denbora kentzen du. Esate baterako, asko gustatzen zait irakurtzea, liburuetarako izugarrizko pasioa daukat. Paseatzea ere gustukoa dut...

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Liebanara joan izan naiz beti, Potes ondora (Kantabria). Han, gainera, inork ez nau ezagutzen eta kanpoan egiten ditudan paseoak edo irakurraldiak lasai egiten ditut. 

Ze ohitura/esaldi/aholku konpartituko zenuke elkarrizketa honen irakurleekin?

Ez uzteko eguna azkar pasatzen, asko balio duela.

----------

Aukeran...

Lehen platera: Entsalada. 

Bigarrena: Berduren menestra. 

Postrea: Irlandesa edo eskozesa. 

Edatekoa: Ardoa, eta aukeratzekotan, gaztea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak