Landa bideen inbentarioa egin du Udalak jabetza zehazteko

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 18a, 21:20

Herriko auzoetako bideak zeintzuk diren publikoak eta zeintzuk pribatuak zehaztu gura du Oñatiko Udalak, eta horren inbentarioa egin du. Egindako lan hori jendaurrean egongo da orain, martxoaren 10a arte, aldaketaren bat egin behar dela uste duen herritarrak aldaketa horixe proposatu dezan.

"Oñatiko auzoetako bideak jaso ditugu inbentario honetan, asfaltatuta dauden auzoetako bideak, hain zuzen ere", zehaztu du Aitor Gerenabarrenak, auzoak eta landa garapeneko udal teknikariak. "Udalak jasota ditu, esaterako, publikoak diren eraikinak, eta orain, auzoetako bide asfaltatu publikoak jaso gura ditu. Orain arte ez dago inon zehaztuta udal bideen izaera zein den, eta horixe finkatu gura da inbentario honekin. Auzo bideen jabetza argitu gura da", gaineratu du Gerenabarrenak."

Mendexako, Bizkaia, Sendo enpresak egin du inbentarioa. "Katastroak, kartografiak eta bestelako euskarriak erabili ditugu auzo bideen izaera definitzeko. Horrez gain, baina, Oñatiko auzo guztietan ibili gara eta bertako auzotarrekin ere egin dugu berba. Urdin Elortza oñatiarraren laguntza izan dugu lan horretan, berak egin dizkigu gidari lanak", dio Sendo enpresako Gillermo Ruiz de Erentxunek. "Zehaztu ditugun bideak, baina, auzoko bide nagusiak dira. Bigarren mailako bideak ez dira inbentario honetan sartzen, hau da, galtzadak, gurdi bideak edo errege bideak, esaterako, kanpoan gelditu dira", argitu du Ruiz de Erentxunek.

Auzo alkateen foroan landu dute bideen inbentario hau eta auzo alkate batzuk, dagoeneko, egin dituzte euren ekarpenak. Orain, jendaurrean jarriko da, edozein herritarrek kontrako arrazoiren bat baldin badu, arrazoi hori argudiatu dezan.

Erakusketa Santa Anan egongo da

Aste honetan zabalduko dute inbentarioaren erakusketa Santa Ana aretoan. Egongo diren elementuen artean, mapak, 1954ko eta 2013ko aire argazkiak eta fitxak egongo dira. 140 fitxa, zehazki. Fitxak auzo bidearen deskribapena jasoko dute eta publikoa dela esateko aurkitutako arrazoiak: antzinako kartografia eta testuak, jasotako testigantzak eta frogatutako erabilera publikoa. Alegazioak jasotzeko kutxa ere egongo da.

Erakusketan ikusgai egongo den mapan bi koloretan bereiztuta egongo dira auzo bideak: inbentarioan jaso direnak eta jaso ez direnak. Hilabetez egongo da zabalik erakusketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak