Amaia Bernal: "Herrian atletismo-pistarik ez izateak entrenameduan eragiten du"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 20a, 12:00
Amaia Bernal, entrenatzera joan aurretik prestatzen.
Amaia Bernal (1984) oñatiarra da. Eskubaloian jokatu zuen zenbait urtez, eta gerora korrika egiten hasi zen. Herri lasterketetan parte hartzen du eta emaitza bikainak izaten ditu, gainera; horren erakusgarri da bigarrenez irabazi duela aurten Kirolprobak herri lasterketen txapelketa.

Kirolprobak herri lasterketen txapelketa irabazi berri duzu, eta ez da lehenengo aldia... 

Iaz podiumean bigarren geratu nintzen eta baita seniorretako txapeldun ere, baina metagarria ez denez, bigarren saria eman zidaten. Aurten, ostera, lehenengo postuan geratu naiz senior mailan eta oso pozik nago. Kirolprobak-ek antolatzen dituen lasterketetatik hamabitan parte hartu behar da, gutxienez, eta horixe egin nuen. Emaitza ikusita, poz-pozik nago.

Korrika egiteagatik ezagutu arren, eskubaloian hasi zinen, ezta?

Hala da. Aloña Mendin lau urtez aritu nintzen;  horietariko bi kadete mailan eta beste bi gazte mailan. Hala ere, 18 urte nituenean utzi nuen eskubaloia. 

Orduan hasi zinen korrika?

Ez, askoz ere geroago hasi nintzen, duela zortzi urte, 2006an. Denbora tarte hartan, hala ere, ez nintzen geldi egon, eta, besteak beste, spinning ikastaroetara joaten nintzen. Nahiko bitxia da; izan ere, eskubaloian nenbilenean ez zitzaidan korrika egitea gustatzen. Alderdi hori erabat aldatu da denborarekin eta guztiz harrapatuta nauka!

Eta nola aldatu zenuen iritziz?

Ba, uda batean, familiarekin oporretara joan nintzen. Nire anaia eskubaloian zebilen, eta, entrenatu egin behar zuela eta, harekin korrika egitera joateko eskatu zidan. Hasieran, aitzakiak ipintzen nituen, baina, azkenean, uda hartan poliki-poliki korrika egitera irteten hasi nintzen eta astean hirutan joaten ginen. Eta oporretatik bueltan, utzi barik, jarraitu egin nuen. Urtebetez nire kontu aritu ostean entrenatzaile pertsonal bat hartu nuen eta, hain zuzen, ordutik hona harekin nabil. 

Hitz egin dezagun, bada, entrenamenduez. 

Lasterketen denboraldia iristen denean, astean bost egunean entrenatzen naiz; azken finean, atseden hartzea ere entrenamenduaren parte dela uste dut, gorputzak eskertu egiten duelako. Egia da kirola egitera ohituta zaudenean ez dela erraza izaten geldi egotea, ez duzu jakiten-eta ordu horiek zertarako erabili. Nire kasuan, esaterako, izan ditudan lesioei esker atseden hartzea faktore garrantzitsua dela ikasi dut. Bestalde, arratsaldeetan lanetik irteten naizenean entrenatzen naiz eta asteburuetan, ostera, goizetan. Eta Oñatiko kaleetan zehar aritzen naiz; tamalez, herrian ez daukagu atletismo-pistarik.

Horren falta igartzen duzue herriko atletek?

Bai, zalantza barik. Jende asko irteten da korrika egitera, eta  entrenamenduaren kalitatean eragiten du horrelako pista bat ez edukitzeak. Inprobisatu egin behar izaten dugu irteten garen bakoitzean. 

Zure kontu aritzetik lasterketetan aritzera urrats naturala egitea izan zela uste duzu?

Nik uste dut lasterketetan izena ematera animatzea norberaren  lehiakortasun mailaren araberakoa ere badela. Horrelako txapelketek zure burua edo gorputza neurtzeko balio dute, noraino irits zaitezkeen jakiteko. Gainera, entrenamenduaren emaitza dela ere esango nuke, emaitza hobea lortu nahi badut gehiago entrenatuko naiz, edo ez... Dena dela, lehiaketetan parte hatzen duen jende askok ez dauka lehiatzeko gogorik, parte hartzera eta ongi pasatzera joaten da. Nik ere arrazoi horrexegatik egiten dut, baina lehiakorra ere banaizela ohartu naiz. Denborarekin konpetitiboago bilakatu naizela iruditzen zait. Hasieran, lasterketan aritzea zer den ikustera joaten zara, ez diozu zure buruari helburu zehatzik ipintzen. 

Nola egiten diezu aurre lasterketei?

Beti izaten dut urduritasun puntu bat. Noski, hasierakoak eta oraingoak ez dira berdinak, inondik inora. Lehen, gehiago kostatzen zitzaidan kontrolatzea, horrenbeste pertsonarekin korrika egitean ez dakizu aldamenean duzun hori zein erritmotara doan, hari jarraitu gura diozu eta, azkenean, jota amaitzen duzu. Hori ere aldatu da denborarekin, nire burua eta gorputza hobeto ezagutzen ditut, eta, oro har, lasterketan parte hartzen ikasten duzu. 

Herri lasterketetan aritzen zara, batez ere. 

Orain arte, batez ere, herri lasterketetan lehiatu naiz, bai, eta iaz, esate baterako, lehenengo aldiz parte hartu nuen maratoi batean, Bartzelonan. Oso gustura geratu nintzen, baina oso-oso gogorra da, nahiz eta inguruko jendeak animatu egiten zaituen eta horrek indarrak ematen dizkizun. Esperientzia polita izan arren, uste dut oraingoz ez dudala berriro esperientzia errepikatuko!

Atxintxiketan taldeko kidea zara. 

Bai, 2008a ezkero, oker ez banago. Talde polita daukagu, 30 lagun inguruk osatzen dugu eta horietako sei emakumeak, gainera.

Eta lasterketetan parte hartzeaz gain, antolatu ere egiten dituzue. 

Halaxe da. Urtean lau antolatzen ditugu. Aurrenekoa Corpus bezperako lasterketa izaten da, ekainean; uztailean, ostera, Torreauzo krosa egingo dugu; Arrasate-Oñati urrian; eta azkenik, San Silvestre herri lasterketa antolatuko dugu abendurako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak