Garagaltza auzoko Garagaltza Haundia baserrian, esaterako, badira 200 urte, gutxienez, sagardoa egiten dutela. "Ni umea nintzela ere egiten zuten sagardoa gurean. Beti ezagutu dut nik hori. Egun ere etxean egiten dugu, eta etxerako. Bertan dugu sagarra zapaltzeko prentsa eta botiletan sartzeko makina ere bai. Landetxera datozen bisitariei ere eskaintzen diegu", dio Garagaltza Haundiko semea eta Arregi landetxeko jabea den Luis Arkauzek.
Sagarraren uzta ere ez da beti bera izaten. Normalean, urte batean uzta oparoa izaten da eta hurrengoa eskasa. Joan den urtea, esaterako, sagar gutxiko urtea izan zen. "3.000 litro sagardo ere egin izan ditugu, baina iaz 1.000 bakarrik egin genituen", dio Arkauzek. "Kupeletan dago orain, dentsitatea hartzen. Uste dut hil honen bukaeran sartuko dugula botiletan", gaineratu du.
Larrañan
Luis Arkauzen moduan, Larraña auzoan dagoen Leibar baserriko Bixente Urtzelaik ere egin du sagardoa aurten. Hiru anaien artean egin ohi dute. "Guk ere 1.000 litro inguru egin ditugu aurten. Bestetan baino gutxiago, baina urte denak ez dira berdinak izaten", aitortu du.
Leibarren ere etxean egiten dute. "Txopekuatik ekarri genuen sagarra prentsatzeko makina, eta etxean egiten dugu, bai. Kontsumitu ere etxekook egiten dugu, geure artean banatzen ditugu botilak", argitu du Urtzelaik.
Leibarren ez ezik, Larrañako beste hainbat baserritan ere egiten dute sagardoa egun. Beste sei etxetan, hain zuzen ere. "Garagaltzan bik egiten dugu sagardoa, Olabarrietako Zelabarren baserrian ere egiten dute eta Berazaon ere badago beste bat egiten duena. Baina Larraña auzoan daude herriko sagardogile gehienak, bai", azaldu du Luis Arkauzek. Ohitura hori kontuan hartuta, Udaleko Auzotasuna programak Larraña auzoari emandako dirua, esaterako, sagarraren inguruko jardunaldiak egiteko erabili zuten iaz, besteak beste. Aurten, bigarren jardunaldiak egiteko asmoa dute eta fruta arbolak nola kimatu jakiteko eta tratamendu ekologikoa nola egin ikasteko erabiliko dute, adibidez.