Eteoko eraikinaren inguruko Eltzia egitasmoa bigarren fasean sartu da

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 12a, 20:50

Orain arte egitasmoaren gizarteratzea eta herriko kultur mugimenduaren erradiografia egin dituzte; bigarren fasean ETEOn zer eta nola egin zehaztuko dute.

Atzo egin zuten Eltzia egitasmoaren bigarren fasearen aurkezpena, eta bertan orain arte egindako lanaren eta ateratako ondorioen xehetasunak ere eman zituzten. Prozesua ezagutzera emateko bilerak egiteaz gain, herriko kultur eragileen erradiografia ere egin dute azken hilabeteetan, eta prozesua gidatu duen Bagarako Johana Olabarriaren esanetan, atera duten ondorio nagusienetako da herrian kultur mugimendu aberatsa dagoen arren, eragile horien arteko sarea eratzea falta dela.

Orain martxan jarri duten bigarren fase honetan, Eteon zer eta nola egon behar den aztertuko dute. Horretarako hainbat talde eta eltzetan banatu dituzte herriko eragileak: sormen eltzia (sorkuntzarekin lotutako eragileena), gorputz eltzia (dantzekin eta mugimenduarekin lotutakoa), herri mugimenduen eltzia, musika eltzia eta udal eltzia.

Taldeekin bilerak

Talde bakoitzarekin bi bilera egingo dituzte datozen asteetan, eta horietaz gain, maiatzean beste bi batzar egingo dituzte taldeka ateratako ondoriok bateratzeko. Bost talde horietaz gain, beste bi talde berezi ere eratuko dituzte: auzoekin lotutakoa bata, eta ekintzailetasunarekin lotutakoa bestea.

Gaur egun Eteoko eraikina ez dago hutsik, izan ere, leku premia zutelako, hainbat taldek dagoeneko erabiltzen dituzte bertako lokalak. Erabiltzaileen koordinazio taldea eratu dute hauekin, eta behin behineko erabilpena da.

Erabakita dago baita ere musikarekin lotutako hainbat talde, besteak beste Errekaldeko lokaletan entseatzen duten 30 talde ETEOko sotoan egongo direla. Talde horietako ordezkariak, udal arkitektoa eta udal zinegotzia dagoeneko lanean dabiltza espazioaren diseinuan.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak