Argider Isasti eta Iker Agirrebaltzategi: "Kresteriako zatia oso teknikoa da eta horrek xarma berezia emango dio Aloñako Igoerari"

Mireia Bikuña 2014ko ots. 13a, 12:00

Argider Isasi eta Iker Agirrebaltzategi, Aloña tabernan.
Maiatzaren 4an jokatuko da Aloñako Igoeraren hamargarren edizioa. Eta urtemuga borobila ospatzeko probako ibilbidea aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Luzatu eta gogortu egin dute. Gainera, maiatzaren 2an kilometro bertikala egingo dute. Antolatzaile taldekoek buru-belarri dihardute ibilbidea neurtzen eta seinaleak ipintzen. Euretako birekin egin dugu berba.

Hamargarren urteurrenean, aldaketa garrantzitsuak ditu Aloñako Igoerak. Ibilbidearekin hasiko gara. Zergatik aldaketa bortitz hori?

Argider Isasti: Duela hamar urte Aloñako Igoera antolatzen hasi ginenean, oraingo honetan erabiliko dugun ibilbidearen antzekoa genuen buruan. Aloñako gurutzeraino igo eta handik Buetraitz aldera egitea, alegia. 

Baina, hainbat kontu tarteko, Aloñara igo eta jaisteko ibilbidea zehaztu genuen. Urtez urtez ibilbidea aldatzeko aukerak aztertu izan ditugu, Oñati inguruetan badaude beste gune batzuk askoz ederragoak direla. Baina, ibilbide bera erabili dugu.

Seigarren alditik bageneukan buruan ibilbidea aldatzeko asmoa, baina hamargarrenerako uztea erabaki genuen. Urteurren borobila izateko, zerbait berezia egin gura genuen.

Azaldu egiguzue nolakoa izango den ibilbidea?

Iker Agirrebaltzategi: Aloñako gurutzerainoko zortzi kilometroak  orain arteko berberak dira: plazatik hasita eta Urtiagaineraino igota. Aldaketa bigarren zatian dator. Gurutzeraino igo ostean Kresterian barrena sartuko dira korrikalariak: Buetraitz, Akaitz eta Harriurdin pasa, Eskistara jaitsi, Artzanburura igo eta handik Biozkornara jaitsi. Handik, Aloñaren magalaren beheko aldetik, lehengo meatzarien bide zaharretik pasa, eta Urzulo eta Gorordo baserriaren arteko puntu batera helduko dira. Handik, Lezesarrira jaitsi eta plazako helmugara helduko dira. Guztira, 22,6 kilometro dira. 

Zazpi kilometro gehiago dira. Horrek asko gogortzen du proba?

A.I.: Gogorragoa da. Zazpi kilometro gehiago dira eta gainera, sartu dugun zatia, oso teknikoa da. Orain arteko jaitsiera bortitza kendu eta beste ezaugarri batzuk dituen zatia sartu dugu. 

Orain arteko ibilbidea oso aerobikoa zen. Aloñaraino pultsazio handiekin heltzen ziren eta jaitsiera oso bortitza bazuen ere, errekuperatzeko tartea zuten parte-hartzaileek. Aurtengoa oso bestelakoa da: Kresteriako zatia oso teknikoa da. Hiru kilometro horietan muskuluek astindu handia hartuko dute. Ostean, Eskistatik Artzanburura igo behar da, eta hor hankek sufritu egingo dute. Aurten, errazena, azken jaitsiera da. 

Teknikoki Zegama-Aizkorri lasterketaren antza dauka, kilometraje erdiarekin.

Ibilbide aldaketa honek parte-hartzaileen profila aldatuko du?

I.A.: Guk korrikalari guztiak animatu gura ditugu. Baina, jakin badakigu, ibilbide aldaketarekin bat baino gehiagok ez duela izena emango. Orain arte, mendiko lasterketetako korrikalariek parte hartu izan dute. Baina, bazeuden batzuk, entrenamendu gutxirekin, parte hartzen zutenak.

Aurtengo ibilbidea selektiboagoa da. Ondo entrenatu beharrekoa.  Baina, mendian korrika egiten dutenendako ibilbide askoz politagoa dela badakigu, eta ziur disfrutatu egingo dutela. Askok gainera Zegama-Aizkorrirako prestakuntza modura erabiliko dute.

Ikusleendako ere paraje ederrak.

A.I.: Bai, horixe. Ibilbidea luzeagoa denez, ikusleak ere banatuago egongo dira. Orain arte, gehienak Aloña inguruan pilatzen ziren. Aurten, Kresterian, Eskista eta Biozkorna inguruetan egongo dira ikusleak.

Noiz zabalduko duzue izena emateko epea?

I.A.: Otsailaren 16an hasiko gara eta 300 lagunendako lekua egongo da. Zehaztuko dugu non eman daitekeen izena. Kluben arteko Euskal Herriko kopa izango da Aloñako Igoera.

Aloñako Igoera maiatzaren 4an izango da. Baina maiatzeko zubia aprobetxatu duzue, Euskal Herriko kilometro bertikalaren txapelketa antolatzeko. Maiatzaren 2an izango da.

A.I.: Bai, hori hamarkada ospatzeko buruan genuen beste proba da. Izenak dioen moduan 1.000 metroko desnibela izan behar du bospasei kilometrotan. Guk 700 metroko desnibel positiboa eta 2,7 kilometroko ibilbidea zehaztu dugu. Arantzazuko aparkalekuaren beheko aldean dagoen sakanean hasi, Bellotza baserrira doan bidean dagoen zubian, eta handik Buetraitzera igoko dira.

Erlojuaren kontrako proba izango da, eta korrikalariak 30 segundoko tartearekin irtengo dira. Hautagai nagusiei minutu bateko tartea emango diegu. Bellotzako zubitik Arantzazuko aparkalekurainoko igoera estua da lekua askotan eta aurreratzea oso zaila izango da.

150 lagunendako lekua egongo da. Irabazlea Euskal Herriko txapelduna izango da. Era berean, Aloñako Igoera Euskal Herriko koparako puntuagarria izango da. 

Eta beste ezaugarri bat izango du Oñatiko kilometro bertikalak: gauean izango da. Iluntzen den unean hasiko gara probarekin.

Maiatzeko zubia muturreko kirolaz beteko duzue orduan. Kilometro bertikalaren eta Aloñako Igoeraren artean dagoen zapaturako ze aurreikusten duzue?

I.A.: Desafio bat daukagu buruan. Korrikalari asko izango dira bi probak egingo dituztenak, eta aste bukaera pasa etorriko direnak. Hori horrela, zapatu goizean askotariko ekintzak egingo ditugu umeendako eta euren gurasoendako. Arratsalderako lotuko dugu Txapeldunen Desafioa. Aloñako Igoera egin beharko dute bikoteka: bizikletan, korrika… Hainbat aurpegi ezagunengana jo dugu desafiora gonbita egiteko, baina zehaztu barik dugu nortzuk etorriko diren.

Aurtengo berrikuntzek jarraipena izango dute? 

A.I.: Kilometro bertikala hamargarren urteurrenaren harira egingo dugu. Aurrera begira baloratu beharko dugu ibilbide luzea edo motza egin. Aurtengoaren ostean elkartu eta egiten dugun balorazioaren arabera zehaztuko dugu 2015eko ibilbide zein izango den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak