Bagararen gidaritzapean, irailean hasi ziren Eltzia egitasmoarekin; lehenengo fasean "gizarteratze eta erradiografia lana" egin zuten, herriko mugimendu desberdinekin elkarrizketa saioak eginez eta baita lansaioak ere. Hortik nahi izan dute "herriko kultura mugimenduaren eta sortzaileen errealitateari buruzko erradiografia atera".
Bigarren fasean sartu nahi dute proiektuaren muinean, eta aztertu zer egon behar duen ETEOko espazio horretan, "eta baita ere nola", Bagarako Johana Olabarriaren hitzetan: "Nola antolatu, funtzionamenduak eta egiturak nolakoak izan behar duten, eta baita proiektuaren ezaugarriak nolakoak izan behar diren; bigarren fasean proiektua diseinatzera sartuko gara".
Hurrengo asteko herri aurkezpenean lehenengo fasearen ondorio nagusiak aurkeztuko dituzte, eta egingo dute, baita ere, bigarren faserako planteamendua, metodologiari dagokionez.
Bestetik, ETEOko eraikina hutsik egonda eta herriko hainbat taldek leku beharra edukita, azken hilabeteetan bat baino gehiago hasi dira espazio hura erabiltzen: "Haiekin ere barne funtzionamendurako arautegi bat lantzen ibili gara, eta talde horiek espazio komun hori erabiltzeko koordinazio lanetan".