Hainbat ospakizun ekintza izango dira aurten. Iaztik 2015era bitartean, zuzendari zientifikoa Adam Czarnota da (LSNEko zuzendaritza hiru urtean behin aldatzen da) eta pozik egin du berba antolatu duten programaz: "Ekintza nagusia maiatzaren 21etik 23ra bitartean egingo dugun kongresua izango da. Mundu osotik 180 lan baino gehiago jaso ditugu bertarako, eta horrek esan nahi du 200 lagun baino gehiago etorriko direla Oñatira eztabaidetan eta aurkezpenetan parte hartzera".
Kongresua ezohikoa da. Gaia bera oso anbizioduna da, Oñatiko erakundearen mailaren parekoa: Globala-Erregionala-Tokian tokikoa. Erakundeak, harremanak eta sareak. Lege soziologiaren iragana eta etorkizuna. Urrian, LSNEko arduradunek deialdi irekia egin zuten hainbat gai zehatzen gainean laburpenak bidaltzeko, eta deialdia arrakastatsua izan da –laburpenak bidaltzeko epemuga urtarrilaren 21a izan da, eta panelak bidaltzekoa, gaur, astelehena. Helburua da lege soziologiaren erakundeek, nazioartean, eskualdeetan eta toki bakoitzean, elkarrekin gogoeta egitea euren sinergien inguruan, eta lege-soziologiaren erronkak mahai gainean ipini eta haiek aztertzea. LSNEko arduradunek "ikasle eta ikasle ohi guztiekin, irakasleekin eta bisitariekin" ospatu gura dituzte 25 urte emankor hauek udaberriko egun horietan. Czarnotak honela azaltzen du kongresu horren zergatia, gaiari dagokionez: "Erakundearen izena ezaguna da Norvegiatik Hego Afrikara eta Japoniatik Kanadara. Baina, mundua aldatzen doan neurrian, kanpotik erronkak datozkigu eta eskaera berrietara egokitu behar gara. Orain, erakundeak gura duena ez da gai-zerrenda bat bultzatzea, baizik eta etorkizuneko ikerkuntzari norabide bat ematerako orduan rol aktiboagoa izatea".
Kongresu horretan, gainera, LSNEk izan dituen zuzendari gehienak izango direla esan digu orain kargu hori duen Adam Czarnotak: "Zoritxarrez, batzuek ezin dute bidaia hori egin, baina zuzendari ohien %95k bisitatuko gaituzte, bai". Zuzendari horiek erakundean utzitakoa ere eskertuko du kongresuak, izan ere, paneletan "neurri baten iragana islatuko da, baina etorkizunera begira, erakundea aldatzeko zuzendari bakoitzak izan duen esperientziatik abiatuta; ez erakundearen posizioari eusteko, baizik eta hura hobetzeko".
Batxilergoko ikasleen aurrean
Baina ez da maiatzeko kongresua bakarrik. Adam Czarnotak dioen moduan, "ekintza mordoa dago" eta horietako bat, ekintza bikoitza, ekainerako eta irailerako antolatu dituzten workshop edo tailerrak dira. "Lehenengo aldiz, erakundetik kanpo antolatu dira, baina erakundea antolatzaileetako bat da", esan du Czarnotak. Horrez gain, ohiko workshop egitaraua dago -martxotik uztailera, 13 workshop hartuko ditu LSNEk Sancti Spiritus unibertsitateko bere egoitzan, eta mundu osoko adituek LSNEren espezializazioa diren gaiak aztertuko dituzte: kontrol sozialeko eta gobernantzako soziologia juridiko gaiak, batez ere. Hor sartzen dira gaurkotasun handiko gaiak, hala nola etorkinen integrazio politikak, pertsonen trafikoa, ekonomia kreatiboaren alderdi sozio-legalak, adingabekoen asilo eskaerak eta esplotazio arriskua, edo elizan eta beste erakunde batzuetan sexu-abusua.
Baina, bertatik pasa diren ikasle, ikertzaile, irakasle eta zuzendariez gain, herritarrekin, oñatiar guztiekin batera ospatu nahi du Lege Soziologiaren Nazioarteko Erakundeak bere mende laurdena. Hori dela eta, Erakundea jendeari hobeto ezagutarazi nahi diote eta bertan egiten dena azaldu. Azken urteotan ireki den bidea –Oñatiko ikastetxeekin Euskararen Eguna, masterra egiten diren ikasleen hitzaldiak…– zabaltzen jarraitzeko, hilaren 27an, Batxilergoko 162 ikasle oñatiar etorriko dira LSNEra. Bertako ikasle ohi batzuek ikasleei azalduko diete lege soziologia zer den eta ze etorkizun duen. Hauek izango dira hizlariak: Larraitz Ugarte Zubizarreta (1999-00 Masterra), gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua eta foru bozeramailea; eta Iker Barbero Gonzalez (2003-04), Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Horiez gain, Antropologian doktoreak eta 20 urtean LSNEko argitalpenen arduradun izan zen Jose Antonio Azpiazuk, eta gaur egungo zuzendari Adam Czarnotak egingo dute berba.
Goi mailako bultzatzaileak
Orain 25 urte, lege soziologia institutu bat sortzeko erabakiak maila goreneko erakundeak inplikatu zituen. Alde batetik, Research Committee on Sociology of Law, lege soziologiaren gaineko ikerkuntza batzordea zegoen, ISAren (International Sociology Association) zati bat dena. RCSLk lege soziologiaren gainean ikertzeko topagune iraunkor baten beharra ikusi zuen. Bestetik, Francisco Javier Caballero Harriet irakasleak Lege Soziologia Laboratorioa sortu zuen Donostian.
Garai hartako Lehendakaritzako eta Justiziako sailburu Juan Ramon Gebararen eta Justizia sailburuorde Jose Ignacio Garcia Ramosi esker, eta Oñatiko orduko alkate Eli Galdosi esker, Eusko Jaurlaritzak Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea eskaini zion RCSLi proiektu hori egiteko. Orduz geroztik, bere egitarauekin mundu osoko 15.000 ikertzailetik gora erakarri ditu, eta 400 topaketatik gora egin dira bertan. Adam Czarnotak dioenez, Oñatiko erakundea bezalakorik ez dago munduan: gainerako lege soziologia erakundeak nazio erakundeak dira, eta Oñatikoa da nazioartekoa den bakarra. "Erreferentziazkoa da ikertzaileendako, bere liburutegiari eta bere argitalpenei esker. Hemen egiten duguna munduko beste programa batzuendako eredu bihurtzen da", esaten du zuzendariak. 2011 ezkero, nazioarteko aldizkari elektronikoa sortu zuen LSNEk, eta edozeinek kontsulta dezake.
Institutuaren eskaintza ezagunenetariko bat Lege Soziologiako Nazioarteko Masterra da. Sortu zenetik, 400 ikasle baino gehiagok eta 160 irakaslek hartu dute parte. Adam Czarnotak azpimarratzen du irakasle horiek ez dutela ezer kobratzen lan horregatik.
Ibilbidea hasten dabiltzan ikertzaileendako bekak ere ematen ditu, hala nola Juan Celaya beka.
Behin-behineko zientzia-zuzendariaz gain, bederatzi langile ditu, lan-talde iraunkorra. Adam Czarnotak miresmena besterik ez du eurendako: "Jeinuak dira".
Ikerkuntza aurreratua
Horiek, orain artekoak. Eta aurrerantzean, zer? Czarnotak diosku zer amesten duen LSNErendako: "Lege soziologiako ikerkuntza aurreratua egiteko lekua izan dadin gura nuke. Azpiegitura badaukagu, leku ezin hobea da hau; bakarrik diru pixka bat behar dugu, adituak Oñatira etorri eta ikerketa egin dezaten".
----------
Liburutegia, erakundearen bihotza
Lege soziologiako liburutegi onenetariko eta osoenetariko bat du Oñatiko erakundeak. Leku guztietako ikertzaileak etortzen dira bertako dokumentuak kontsultatzera. Bereziki aberatsak dira kontrol sozialari eta gobernantzari buruzko atalak. Ale asko dohaintzaz jaso dituzte; eta, Ainhoa Baños langileak dioenez, "ikertzaile gehienei interesatzen zaie euren lana gure liburutegian egotea". Gogorarazten duenez, liburutegia "oñatiar guztiendako ere zabalik" dago, ez bakarrik nazioarteko adituendako.