Gure Esku Dago

Erabakitzeko eskubidea kantuz

Imanol Beloki 2014ko ots. 1a, 14:18

Carles Belda kataluniarra soinua jotzen egubakoitzean Gure Esku Dago ekimenak antolatutako Gaztelekuko kontzertuan. | Imanol soriano
Carles Belda musikari kataluniarrak eta Joseba Tapia trikitilariak Oñatiko Gaztelekua alaitu zuten egubakoitz gauean. Izan ere, giro aparta izan zen eta bertaratuak oso gustura gelditu ziren Gure Esku Dago ekimenak antolatu zuen emanaldiarekin.

Carles Belda kataluniarrak ekin zion kontzertuari eta ezin hobeto hasi zen. Azken 10 urteetan Zugarramurdin bizi den Sabadellgo soinujoleak, katalanez abestu zuen, entzuleekin euskaraz mintzatu arren abestien esplikazioetan. Taula gainean soinuaren laguntzaz soilik, hainbat kantu herrikoi eskaini zituen; Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean lotura duten kantuak, eta hainbat abestiren sarreran, bakoitzaren istorioa kontatu zuen. Gertukoa izan zen kontzertua eta Laboaren abestiak, Maialen Lujanbiok 2005eko bertso finalean erabili zuen doinua oinarri izan zuen abestia, Sarri sarri... bezalako kantuak katalanez entzuteko aukera izan zen. Horiez gain, La fuga de Segovia filma agertzen den Rossinyol abestia ere jo zuen.
Abesti goxoak izan ziren, Katalunian sorterria duen rumba ukituarekin; doinu tristeak, alde batetik, baina dantzan egiteko modukoak, bestetik. Bikainak, azken batean.
Carles Beldak emankizuna amaitu ondoren, Joseba Tapia trikitilaria igo zen taula gainera, bere zazpigarren Tximela kapitainaren izarrak diskoa aurkeztera. Luis Rezola Tximela kapitainak 1937an El Duesoko kartzelan idatzitako bertso eta poemak abestu zituen Joseba Tapiak. Doinu samurragoak bilatzeko asmoarekin trikitia alde batera utzi eta gitarrarekin igo zen oholtza gainera. Gerra garaiko sentsazioak, gosea, beldurra, bakardadea... transmititzeko trikitia ozenegi egiten zitzaion eta.


Bailaran bizi diren katalanak


Gurean bizi diren lau katalan ere gaztelekuan izan ziren Beldaren eta Tapiaren kontzertuaz gozatzen. Hori horrela, Carles Beldak Ttipi-ttapa abestia eskaini zion laukoteari eta euskaraz kantatu zuen abesti bakarra izan zen. Entzuleei abesteko eskatuz "giza katea denok egin behar badugu, kantatu ere denok egin behar dugu" esanez amaitu zuen kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak