Ur tarifak, etxean erroldatutako pertsona kopuruaren arabera

Irati Goitia 2014ko urt. 31a, 10:51
Ur zerbitzuaren ordenantza erregulatzailea aldatzea onartu zuten osoko bilkuran, atzo. Orain arte kontsumoa bakarrik hartzen zen kontuan. Eztabaida sortu zen Bilduren eta Eusko Alderdi Jeltzalearen artean gaiaren gainean.

Ur zerbitzuaren ordenantza erregulatzailea aldatzea onartu zuten osoko bilkuran, eguenean. Hala, ur zerbitzuaren tarifak ezarterako orduan, zehazki, kontsumo-tarteak zehazterako orduan, etxebizitza bakoitzean erroldatutako pertsona kopurua hartuko da erreferentzia bezala aurrerantzean, eta ez kontsumoa soilik orain arte egiten zen bezala.

Ezadostasunak

Bildu ordenantza erregulatzailea aldatzearen alde azaldu zen eta alderdi jeltzalea aurka. Bilduren esanetan, tarifak modu honetara ezartzea erabaki arrazionalagoa eta justuagoa da. "Ur kontsumoari beste aldagai bat sartzen zaio: zenbat pertsona dauden erroldatuta etxebizitzan. Gure ustez tarifa justuagoa da", esan zuen Mikel Biain alkateak.

Jeltzaleen bozeramaile Lourdes Idoiagak esan zuen, baina, erabakia datu zehatzik gabe hartu dela: "Oñatiko Udalak datuak eskatu izan balizkio Ur Kontsortzioari, kalkulatu ahal izango litzateke zenbat etxebizitza dauden bi pertsonarekin eta horien bataz-besteko gastua zenbatekoa den; zenbat etxe dauden hutsik... Erabakia itsu-itsuan ez hartzeko". Hor sortu zen eztabaida. Izan ere, Josu Lizarralde zinegotziak jeltzaleei esan zien bost hilabete izan zituztela ekarpenak egiteko (2012 azarotik 2013ko otsailera) eta ez zutela ezer proposatu. Hain zuzen, ildo horretatik Biain alkateak honakoa esan zuen: "EAJtik esan digute ez dutela gaia lantzeko astirik izan. 2012an Zerbitzutako Batzordean aztertutako gaia da eta orain Ur Kontsortziotik osoko bilkuraren oniritzia eskatu digute. Azken batean, gaurkoa formalidadea izan da".

Biain alkateak gaineratu zuen ohiko familiek fakturetan ez dutela aldaketarik atzemango. Bai, ordea, bakarrik bizi den pertsona batek 30 litro kubikotik gorako kontsumoa badu edo pertsonarik erroldatuta ez dagoen etxebizitzen kasuetan. Azken kasu horietan goiko tarteko kontsumoa aplikatuko zaie. Hain zuzen, jeltzaleek euren desadostasuna adierazi zuten puntu horrekin. "Etxe hutsak esaten zaien horietan hirukoiztu egiten da tarifa", esan zuen Idoiagak. Metodo zigortzaileak erabili beharrean, kontzientziaziorako politika aktiboak ere eskatu zituen jeltzaleak.

Bi mozio

Bestalde, Bilduk proposatutako bi mozio onartu zituzten aho batez. Bata emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan. Bestea, Auzitegi Nazionalaren aginduz, urtarrilaren 7ko zortzi euskal herritarren atxiloketen inguruko adierazpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak