Langabeentzako lan-orientazio zerbitzua eskaintzen da Enplegu Zerbitzuetan

Irati Goitia 2014ko urt. 30a, 12:35

Urtarrilaz geroztik, langabeentzako lan-orientazio zerbitzua eskaintzen da Oñatiko Enplegu Zerbitzuek Bidebarrietan duten bulegoan. Orientatzaile bat izaten da bertan laguntza eskaintzeko.

Lanbidek bideratutako diru laguntzarekin bi orientatzaile daude bailaran. Bata Mankomunitatean izaten da eta bestea herriz herri mugitzen da. Bada, Oñatin ere eskaintzen da zerbitzua urtarriletik. Elkarrizketa egin diogu Enplegu Zerbitzuek Bidebarrietan duten bulegoan izaten den Zuriñe Galartza orientatzaileari eta Jesus Mari Ugarte, Enplegu teknikariari.

Zer eskaintzen da orientazio programa honetan?
Zuriñe Galartza: Pertsona bat datorrenean, lehenik, zer nahi duen argitu behar izaten dugu eta zertan lan egin nahi duen. Izan ere, normalean, jendeak ez du jakiten nondik jo edo nora jo. Horretaz gain, curriculumean zein ahulgune eta indargune dituen zehazten dugu. Merkatuaren gaineko dokumentazioa ere ematen zaio. Azken batean, prozesu honetan dauden baliabideak aurkezten zaizkio.

Zeintzuk izaten dira hona etortzen direnen zalantza nagusiak?
Z.G.: Jendea nahiko galduta etortzen da. Izan ere, krisia dela-eta ez dute jakiten nola aurkitu lana. Adibidez, badira 10 urte lanean ibili ostean langabezian gelditu direnak eta ez dute jakiten nola dagoen merkatua edo nola hobetu euren profila.

Nolakoa da Oñatiko langabeen profila?
Jesus Mari Ugarte: Estatistikoki, 45 urtetik gorakoa da langileen %45 eta %65 inguru kualifikazio gabekoak. Bi datu horiek oso kezkagarriak dira.

Ze aholku ematen zaie profil hori dutenei?
Z.G.: Aurrena, txipa aldatu behar izaten dute. Hau da, ulertu behar dute bizitza osorako formakuntza konpetentzia bat dela. Lanean egon arren, ikasten jarraitu behar dela. Azkenean, ideiei buelta ematea da, eta hori da gehien kostatzen zaiena. Batzuetan, beldurra izaten diote berriz ikasten hasteari. Hala ere, pertsonaren arabera egokitu behar izaten da eskaini behar den laguntza.

Nolako harrera izan du lehen asteetan zerbitzuak?
J.M.U.: Otsaileko hitzorduak beteta daude. Mankomunitatean jasotzen dituzte eskaerak zuzenean, orain arte deiak hara bideratu dira-eta. Hala ere, ona ere dei dezake orientatzaileaz hitzordua eskatu nahi duenak.

Ze egunetan izaten da zerbitzua?
Z.G.: Eguaztenero, baina otsailaren 17tik aurrera astelehenero eta eguaztenero egongo da aukera. Astean bi ordu motz geratzen zaizkigu eta laura luzatuko dugu. Gainera, hau ibilbide bat da, prozesu bat; eta beraz, zita bat baino gehiago behar izaten dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak