Dagoeneko hasi dituzte Oñatin aurtengo Inauterietarako entseguak. Iaz estreinatu zituzten Inauteri propioak, eta izandako arrakasta ikusita, aurten ere ildo beretik jarraituko dute.
Dena den, egongo da berrikuntzarik. Ibai Gonzalez antolakuntza taldeko kidearen esanetan, dantzen kasuan aurreko urteetan egindako kanpoko dantza bat kendu, eta eurek asmatutako beste bat sartu sute, Inaxio Ibarrondoren musikarekin. Honetaz gain, iaz egindako beste dantza bati musika aldatu diote; kasu honetan ere, Inaxio Ibarrondo izan da doinu berriaren egilea.
Dantzarien jantzietan ere bada aldaketarik. Aurpegia estaltzeko txapelean jarritako zintak deserosoak zirela eta, zintak atzera pasa dituzte. Baina horrek ez du esan gura dantzariei aurpegia ikusiko zaienik: "Europan eta munduan egiten diren Inauterien ezaugarria da aurpegia estaltzea, eta hori egingo dugu: sudurretik gora gasa batekin estaliko dugu, eta beste guztia, beltzez zikindu", azaldu du Ibai Gonzalezek.
Dantzariekin irtengo diren pertsonaiei dagokienez gainera, iazko guztiak mantenduko dira eta horietaz aparte egongo da pertsonaia berririk, antolatzaileek momentuz sekretuan mantendu gura dituzten arren.
Entseguak, martitzenetan eta zapatutan
Entseguak, esan bezala, hasita daude: martitzenetan 20:00etan izaten dira, eta zapatuan, 12:00etan dira. Oñatz dantza taldearen entsegu lokalean dira saioak, baina otsaileko bigarren zapatutik aurrera, zapatuko saioak ETEOn izango dira.
Antolatzaileen esanetan, dantzak edozeinek egiteko modukoak dira, eta oñatiarrak parte hartzera animatzen dituzte. Horretarako, izena ahalik eta azkarren emateko eskaria egin dute.