Haur loditasunari buruzko ikerketa egiten dabiltza bailaran, Debagoieneko Ospitaleak bultzatuta. Umeen loditasunak gora egin du azkenaldian eta arazo horrekin kezkatuta eta horri irtenbidea bilatu nahian, ikerketa bat ari dira aurrera eramaten Debagoieneko Ospitaleko pediatria zerbitzuak bultzatuta. Umeen gehiegizko pisua, elikadura-ohiturak eta jarduera fisikoa aztertzeko, Debagoieneko 1.100 eskola-umeen artean galdetegi bat pasa dute ikastetxeen laguntzarekin eta Oñatin ere dagoeneko pasa dituzte galdetegiak hiru ikastetxeetan.
Ikastetxeetako haurrak ardatz
Ikerketako lehen fasea amaitu dute; fase horretako zereginak ziren ikastetxeetan galdetegiak pasatzea eta umeen beharrezko neurketak egitea.
Oñatin, hain zuzen, 5. eta 6. mailako 177 haurrek hartu dute parte ikerketako lehenengo fase horretan. Beraiekin hainbat parametroren neurketa egin da; altuera, pisua eta koipe portzentajea neurtu zaie. Galdetegi bat ere pasa zaie eta bertan euren elikadura eta ariketa fisikoari buruzko ohituren gainean galdetu zaie. Eta horrez gain, eduki horiei buruzko hitzalditxo batzuk ere eman dizkiete, bide batez, umeei aholku osasungarriak ere eman dizkiete kontutan har ditzaten.
Herriko ikastetxeetan egun hauetan egin zituzten galdeketak: hilaren 13 eta 14an Elkar Hezin, hilaren 15 eta 16an Txantxiku Ikastolan eta hilaren 17an Urgainen. Egun horietan ikastetxeetan umeekin egon ziren probak egiten Arizmendiko ziklo hezitzaileko hainbat ikasle eta mediku bat. Bi orduko iraupena izan zituzten saioek eta "batzuei neurketa egiten zitzaien bitartean, beste batzuek galdetegiak erantzun zituzten eta horrez gain, elikadurari buruzko hainbat aholku eman zizkieten bertaratutakoek", azaldu digu Oskar Carrascal Oñatiko kirol teknikariak.
Beharrezko datu bilketa eginda, amaiera eman diote orain ikerketaren lehenengo faseari.
Ikerketako emaitzak aztertzen
Guztira, Arizmendiko ziklo hezitzaileko 36 ikasle izan dira bailarako ikastetxeetan egunotan eta orain Oñatiko datu horiek bailarako gainontzeko herrietakoekin prozesatu beharko dituzte. Arizmendiko ziklo hezitzaileko ikasketetako koordinatzaile Arantxa Hernandezek azaldu du otsailerako espero dutela datu horiek guztiak ordenagailura pasatuta izatea eta datu basea egitea. Horren ondoren, Arizmendikoek euren ondorioak aterako dituzte, baina bitartean, Debagoieneko Ospitalekoei ere pasako dizkiete datuak horiek ere beraien ondorioak atera ditzaten. Espero dute Aste Santu ingururako ondorio horiek guztiak aterata eta aztertuta izatea. "Datuek esango digute zeren premia daukagun", adierazi du Carrascalek eta hauxe gaineratu du: "Datuak deigarriak baldin badira, esku-hartze bat egin beharko dugu modu integral batean, bai hezkuntza mailan eta baita modu zuzenean familiekin ere".
Debagoiena mailako ikerketa
Debagoieneko herrietako umeen datuak jaso dituzte ikerketarako eta profesional talde anitza ari da ikerketa aurrera eramaten. Bultzatzailea Debagoieneko Ospitaleko pediatria zerbitzua izan da baina eurekin batera lanean dihardute beste mediku talde batek, Arizmendiko ziklo hezitzaileko 36 ikaslek, herrietako kirol teknikariek eta Amaia Diaz de Monasterioguren dietista oñatiarrak.