Auzolanarekin, auzoko itxura eta erlazioak berritzen

Irati Goitia 2014ko urt. 24a, 09:52
Auzotasuna izeneko programa jarri zuen abian Udalak 2013an, landa eremuetan kokatzen diren auzoei bideratuta. Helburua da landa auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea eta auzotarren harremanak sustatzea, auzo bizitza indartuz. Hainbat auzotako auzoalkateez egin dugu berba, Udaleko partida zertarako erabili duten jakiteko.

Ohitura ezaguna da auzolana gurean. Tradizioz batu izan dira auzotarrak arekak garbitzeko edo belar-sastrakak kentzeko.  Horretaz gain, auzolanak auzotarren harremanak sustatzeko ere balio izan du. Urtetan errotuta egon den ohitura, baina, indarra galduz joan da eta gero eta auzo gutxiagok egiten dute.

Auzotasuna programa

Bada, auzotasuna izeneko programa jarri zuen abian Udalak 2013an, landa eremuetan kokatzen diren auzoei bideratuta. Helburua da landa auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea eta auzotarren harremanak sustatzea, auzo bizitza indartuz.

Horrela, iazko aurrekontuetan partida bat onartu zuen Udalak auzotasuna programa sustatzeko. Hau da, auzo-batzordeek kreditu lerro bat izan dute eurek lehentasunezko jotzen dituzten gastuak finantzatu ahal izateko, beti ere auzotar guztientzako erabilgarri izango diren gastu edo inbertsioetarako. Kontzeptu finantzagarriak dira, esaterako, auzotarrak biltzeko erabiltzen den lokala eraberritzeko lanak, jaietako gastuak, hitzaldiak eta auzotar guztiek erabiltzeko erositako materiala.

16 landa-auzo

Oñatiko 16 landa-auzo dira programa honen onuradunak: Zubillaga, Santxolopeztegi, Garibai, Torreauzo, Zañartu, Murgia, Garagaltza, Urrexola, Berezao, Uribarri, Araotz, Arantzazu, Larraña, Olabarrieta, Goribar eta Lezesarri.

Zehazki, 100.000 euroko partida izan zen iaz 16 auzo horien artean banatu zena. Auzo bakoitzari dagokion kostu saila kalkulatzeko honako hauek hartzen dira kontuan: auzoan erroldatutako pertsonak eta familia bakarreko edo bi familiako etxeen kopurua aurrekontua onartu aurreko urtean.

2014ko aurrekontuan ere onartu berri du Udalak programa honetarako diru partida. Orain, auzoalkateek eskaera egin beharko dute prozedura jarraituta.

Auzoalkate foroa

Auzoetako bizi baldintzak hobetzeaz gain, auzotarren arteko harremanak sustatzea ere bada programa honen helburua. Ildo horretatik, baina auzotarrenak izan beharrean auzoen arteko harremanak sendotzeko asmoz, auzoalkate foroa jarri zen martxan Udaleko Auzoak eta Landa Garapena batzordetik 2012an. Hala, bi hilabetean behin, auzoetako ordezkariak udaleko ordezkariekin biltzen dira, auzoko berri zuzenean eman eta jasotzeko, eta beste auzoetako errealitatea ere lehen eskutik ezagutzeko.

Arozko pilotalekuan sarea eta fokuak

Aitor Uriarte Araozko auzoalkateak zehaztu digu Udalak emandako partida zertarako erabili duten auzoan: "Pilotalekuan sarea jarri dugu eta baita foku batzuk ere. Horretaz gain, bolatokiko teilatuaren inguruan itxitura jarri dugu. Izan ere, baloiak eta pilotak bertara joandakoan, umeak teilatu gainera igotzen ziren horiek berreskuratzeko". Zehaztu digu horretan 1792 euro erabili dituztela. Beste 3000 euro plazan apurtuta zeuden adokinak konpontzeko eta 3222 euro jaietako egitaraua osatzeko.

"Auzotasun programak lana errazten digula esango nuke, izan ere, lehen udaletxera eskean joan behar izaten genuen proiekturen bat egin nahi genuen bakoitzean. Orain, diru kopuru bat dugu ditugun beharrei aurre egiteko", dio Uriartek.

Oinezkoen bidea hobetu, Olabarrietan

Olabarrieta auzoak 17.000 euroko laguntza jaso zuen iaz eta dirua hainbat hobekuntza egiteko aprobetxatu dute. "Ugarte baserriaren atzean dagoen harraskatik Simonena baserriraino doan bidea zabaldu dugu eta itxitura egin, umeak erortzeko arriskua zegoen-eta", zehaztu digu Mikel Lizarralde auzo-batzordeko kideak. Horretaz gain, elkartetik Kortabarria baserriraino doan bidean, urak eginiko hainbat kalte konpontzeko ere erabili dute jasotako diruaren zati bat. "Jai hobeak egiteko ere aprobetxatu dugu. Izan ere, beti egiten digu euria eta karpa handi bat ekarri genuen", dio Lizarraldek.

"Orain beste lasaitasun bat dugu. Lehen, gauza asko atzera botatzen zizkiguten", dio Auzotasun programaz.


Garai bateko gurdi-bidea berreskuratu dute Garagaltzan

Garagaltzan 7800 euro inguruko partida jaso zuten. "Galtzada zahar bat berreskuratzeko erabili dugu gehiena, garai batean Oñatitik Leintz bailarara joateko gurdi-bidea zena", azaldu digu Asier Olalde auzoalkateak. Lan asko egin behar izan dutela ere esan digu: "Auzoan argina dugu, Jabier Bikuna, eta berak eta bere langileek lagunduta auzolanean aritu gara. Urtetan alboratuta egon den bidea da eta zati asko lurrez estalita daude. Bederatzi lur tratorekada atara ditugu lanak egin ditugun lehen zatitik". Zehaztu digu zati bat egin dutela, baina oraindik lan asko dagoela egiteko eta hurrengo urteko partida ere horretara bideratuko dutela. "Diru-laguntzak ematen dizkiguten bitartean, galtzada berreskuratzen joango gara". Bestalde, diruaren zati bat jaiak antolatzeko ere erabili dutela esan digu.

Olaldek dio auzolanerako gero eta prestutasun gutxiago dagoela eta tradizioa galduz doala, baina ideia ona iruditzen zaio Udaletik martxan jarritako programa. Bestalde, auzoalkate foroaren gainean dio mahai-inguru oso politak izaten dituztela auzoko eta udaleko ordezkariek.

Sagar-jardunaldiak, Larrañan

Larraña auzoan, Laharri izeneko auzo elkartea eratzeko hainbat kudeaketa egin behar izan dituzte eta horretarako erabili dute Udalak emandako partidaren zati bat. Guztira 4.719 euro jaso zituzten. "Ganorazko jaiak antolatzeko ere erabili genuen dirua; tartean, 100 urte bete zituen Bixenta Agirrebengoari omenaldia egin genion", esan digu Kiko Martinez auzoalkateak. Bestalde, sagardoaren gaineko jardunaldia ere egin zuten. Sagarrei buruzko hitzaldia, txalaparta erakustaldia, gaztaina-jana eta afaria izan zituzten, besteak beste. "Jende asko batu ginen. Auzoa murgildu egin zen jardunaldian, hitzaldian 150 pertsonatik gora izan ginen eta afarian 116". 2014rako ere hainbat ideia dituztela esan digu Martinezek, esaterako, fruta arbolen gaineko hitzaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak