Asobal ligarako igoeran kale egin ostean, gonbidapena jaso zenuten eskubaloiaren gorengo mailan jokatzeko.
Zilarrezko mailak eta Asobalek ez daukate zerikusirik. Taldeen eta jokalarien mailak oso bestelakoak dira. Baina Bidasoak erronka moduan hartu zuen gonbidapena: ekonomia atala betetzeko ate asko jo genituen. Gainera, jokalariendako aldaketa itzela izan zen. Hazten dauden jokalariak genituen, eta bat-batean Asobal mailan jokatzeko aukera zuten.
Guk gorengo mailara salto egin gura genuen, baina kantxan irabazita eta beharrezko denbora hartuta. Dena den, erronka onartzea erabaki genuen, eta hemen gaude: sendo lanean.
Lehen itzulia bukatu da eta azken lekuan zaudete bost punturekin. Nolako balorazioa egiten duzu?
Sailkapenari begiratuz gero denboraldia ona ez dela argi dago. Puntu gutxi ditugu, eta, proportzio horrekin jarraitzen badugu, zailtasunak izango ditugu mailari eusteko. Baina oso pozik nago jokalariek egiten diharduten lanarekin. Euren konpromisoa izugarria da. Esperientzia hartzen dihardute eta euren eboluzioa oso ona da. Bestalde, txalotzeko modukoa da irundarrek eta eskubaloizaleek eman diguten babesa. Gozamena da Artalekun partiduak jokatzea. Lerro hauen bidez, eskerrik beroenak.
Klubak oso garbi zuen zaila izango zela Asobal mailako taldeen kontra lehiakorrak izatea. Hortik haratago, dena da positiboa guretzat.
Ligako bigarren itzulia nola aurreikusten duzue?
Duda barik, gogorra, baina erronka da guretzat. Lehen itzulian bost puntu bakarrik batu ditugu, baina beste hainbat lortzeko aukera izango dugula uste dut, batez ere, etxeko partiduetan. Jokalariak baikor daude, eta ni neu ere bai.
Etxetik kanpo bi berdinketa lortzeko gai izan gara. Partidu batzuk gol gutxiko aldearekin galdu ditugu, eta hainbatetan, guk baino aurrekontu handiagoa duten taldeak estu hartu ditugu. Horrek guztiorrek pentsarazten dit bigarren itzulian, zorte apur batekin, gora begira ipiniko garela. Baina zaila izango da.
Deskriba egiguzu zure taldea.
Guk egiten dugun eskubaloiak ez dauka zerikusirik Asobaleko goi mailako taldeek egiten dutenarekin. Gure eskubaloia arinagoa da.
Goi mailako eskubaloiak hiru ezaugarri ditu: altuera, indarra eta abiadura. Guk, egun, hiru ezaugarri horietako bakarra daukagu: abiadura. Ez gara altuak eta ez gara oso indartsuak.
Hori horrela, erasoko jokaldiak askoz gehiago landu behar ditugu, eta pibotearekin jokatu ahal izateko, lehen lerroaren mugikortasuna indartu behar dugu. Gainera, lehiakorrak izan behar dugu. Aurkaria estu hartu behar dugu defentsan eta, ahal dugun heinean, eskubaloi ona egin.
Altuera eta indarra falta zaigunez, beste talde batzuek baino lan handiagoa egin behar dugu. Une erabakigarrietan baloia ez galtzea ere landuko dugu.
Krisiak ere eragin zuzena izan du eskubaloian. Taldeen maila asko jaitsi dela esango nuke. Iritzi berekoa zara?
Bai, duda barik. Asobal ligan jokatzeko maila duten 40 bat jokalarik atzerriko txapelketetan jokatzen dute. Espainiako Selekzioaren bizkarrezurrak ez du Asobalen jokatzen. Duela urte batzuk atzerriko jokalariak etortzen ziren gurekin jokatzera. Oraingo joera bestelakoa da.
Diru faltak ekarri du jokalari onenek atzerrirako bidea hartu behar izatea. Ondorioz, Asobal liga asko moteldu da eta talde asko desagertu dira.
Baina ni krisiaren alde onak azpimarratuko ditut. Atzerrian diharduten jokalari horiek Asobalen lehiatuko balira, egun Espainiako ligan jokatzen duten askok ez lukete lekurik izango lehen mailan. Zilarrezko ligan eta B mailan egongo lirateke. Horrek jokalari multzoa zabaltzea dakar. Espainiako jokalari onenak kanpora badoaz, harrobiko jokalari askoz gehiago behar dira taldeak osatzeko. Formazio hori ezinbestekoa da.
Bidasoako jokalari izan zinen bost urtez. Entrenatzaile izateko eskaintza jaso zenuenean, zer pasa zitzaizun burutik?
Guadalajarako ibilbidea bukatuta, Salva Pombar kirol zuzendariaren deia jaso nuen eskaintza eginda. Bartzelonaren deia jaso izanak baino ilusio handiagoa egin zidan. Banekien ez zela punta-puntako taldea, baina berriro ere kolore horia sentitzeko aukera izango nuela lehenetsi nuen.
Bidasoaren urterik onenetan jokalari izan ostean, oso bestelako egoera gainditzeko nire laguntza ematea erabaki nuen. Ez nuen bitan pentsatu.
Badel Zagreb esaten badizut, ze oroitzapen datozkizu burura?
Duda barik, klubak izan duen unerik pozgarriena, eta baita nirea ere. Europako txapelketa hura irabaztea gertaera gogoangarria izan zen klubarendako, zaleendako, Irunendako eta jokalariondako. Batez ere, azpimarratuko nuke Artalekun jokatutako partidua. Atsedenaldian gol bakarreko aldea genuen, eta 30-20 emaitzarekin bukatu genuen lehia. Itzela izan zen.
Zagreben jokatutako itzuliko partiduan, 10 goleko aldearekin jokatu genuen, eta, gol bakarrengatik galdu ostean (27-26), Europako txapelketa irabazi genuen.
Bidasoa ez zen txapelketa hura irabazteko hautagaia, baina eskubaloizaleek ondo gogoratzen dituzte talde hartako jokalariak.
Hala da. Ordu hartan 8-9 jokalari indartsu genituen; besteak beste, Svensson, Kiselev, Perunicic, Rubiño, Etxaburu, Ordoñez… Gainera, ez genuen lesio larririk izan urte osoan eta gure konpromisoa izugarria zen.
Orduko Bartzelona edo Santander taldeekin alderatuta, maila txikiagoa genuen, baina kasta handia eta lanerako gogoa. Aurretik irabazitako liga txapelketekin bolada onean sartu ginen, eta Europako txapelketa une gogoangarriena izan zen.
Beste bi izen aipatuko dizkizut: Beñardo Garzia eta Juantxo Villarreal.
Izen horiekin berba bakarra datorkit burura: lana. Baina ez bakarrik euren lana. Presidentea eta entrenatzailea izanik, askotan agertzen ziren hedabideetan. Azpimarratuko nuke euren azpitik zeuden klubeko beste ordezkarien lana. Jokalariak gustura egoteko euren esku zegoen guztia egiten zuten. Juantxo Villarreal Bidasoaren ikurra izan da.
Eskubaloiko Europako txapelketa hasi berri da. Entrenatzaile edo zale ikuspuntuarekin ikusiko duzu?
Entrenatzaile, zale eta jokalari ohi moduan. Oraingo eskubaloiak ez dauka zerikusirik guk egiten genuenarekin. Ni hegaleko ezkertiarra nintzen, eta, orain egiten dituzten jokaldiak eta mugimenduak ikusita, harrituta geratzen naiz.
Entrenatzaile ikuspuntutik begiratuta badago zer ikasia, baina itsutu barik. Selekzioetako entrenatzaileek erabiltzen dituzten taktikak nik ezin ditut nire taldean erabili, jokalari ezberdinak ditudalako.
Jokalariei ere gauza bera esan diet. Ikus eta goza dezatela eskubaloiaz, eta, ahal badute, ikasteko, baina nork bere ezaugarriak aintzat hartuta.