Topaketa, hiru zatitan bereizi da: erakusketa-gunea (enpresek beren produktu eta zerbitzuak erakuts ditzaten), gune komuna eta gaiaren arabera (eraikuntza, elikagaigintza, hezkuntza...) antolatu diren mahai-inguruak.
Foroak, Afrorum Euskadi izenekoak, Euskadi eta Ginea arteko elkarlana bultzatu nahi du, potentzial ekonomiko handia baitu Gineak. Euskadiko zenbait sektoretako enpresak eta Gineako enpresariak elkartzea da helburua, Afrikako herrialde horretako proiektu eta inbertsioak aztertzeko, baina baita Gineako enpresariek Euskadin inbertitzeko aukera azter dezaten ere. Horretarako, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak Euskadiko zenbait sektoretako hainbat enpresa eta 50 ginear enpresari gonbidatu ditu.
Atzo, osteguna, ginear enpresariek beren intereseko sektoreko euskal enpresak bisitatu zituzten, haien produktu, instalazio eta zerbitzuak hobeto ezagutze aldera. Gaurko topaketaren bidez, bi herrialdeetako parte-hartzaileek elkar ezagutzea nahi da, elkarlanerako aukera berriak aurki ditzaten.
Proiektua gauzatzeko bidea
Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasle batzuen ekimen baten ondorioz sortu zuten proiektua, bi junior kooperatibaren bitartez (Jump In eta Snatu). Ekimen haren xedea langabezian zeuden Gineako unibertsitate-tituludunei prestakuntza ematea zen, beren herrialdean premiaren bat konpontzeko jarduera ekonomikoak sor zitzaten. Ondoren, Mondragon Unibertsitateko beste junior kooperatiba bat ere (Login Lan) ekitaldia antolatzen laguntzeko prest azaldu zen.