Tindaya mendiari burruzko dokumentala egin gura du Kepa Aranburu oñatiarrak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urt. 18a, 09:00

Eskarmentu handia du Kepa Aranburuk dokumentalak eta bestelako ikus-entzunezkoak egiten. Oraingoan, 'Tindaya, montaña sagrada', ondare kultural eta arkeologikoa babestearen gaia aztertzen duen film luzea egin gura du Kanarietako Fuerteventura uhartean.

Dokumentala grabatzeko mikro-mezenasgo kanpaina du abian Verkami plataformaren bitartez; harpidedunek trukean askotariko sariak jasoko dituzte. Urtarrilaren 29 bitartean dago vkm.is/tindaya helbidean oñatiarraren proiektu berriari laguntzeko aukera.

Interes askorten mendi mina

Chillidak Tindaya mendian egin gura zuen artelan erraldoiari buruz prentsan irakurri zuen artikulu batetik sortu zitzaion dokumentala egiteko harra Aranbururi: "Gaian ikertzen hasita, helduleku asko zituen mendia zela konturatu nintzen. Fuerteventuran kokatu ziren Majoak, hau da, irlako lehenengo biztanleak, euren mendi sakratua da Tindaya; horren erakusle, besteak beste, bertan utzi zituzten hanka itxurako Podorfo grabatuak. Era berean, Tindayaren formazio geologikoa ere aipatzekoa da; trakitazko mendia da, hau da, esplotatu gabeko garai bateko sumendia da eta gaur egun lur azalera atera den harri horrek balio handia du merkatuan. Chillidaren proiektuak mendiarekiko interes asko azalerazi zituen, kulturalen gainetik batez ere, ekonomikoak" dio Aranburuk.

Hasita dago mendiaren adar guzti horiek batzeko hainbat atetan jotzen: "Arkeologoekin, historialariekin eta ekologistekin egon naiz eta proiektuarekiko onespena jaso dut. Aurrekontua segurtatu ahala, Kanariar gobernuarekin eta Chillidaren familiarekin egoteko asmoa ere badut" dio zinegileak.

Bartzelonako zine ikaskide talde batekin  grabatu gura du otsailaren amaieran; udaberrian, muntatu eta udan erakustea da gero, asmoa.

'www.vkm.is/tindaya'

Helbide horretan dago proiektuaren informazioa eta bertan egin daitezke, 5 eurotik 1000 euro bitarteko harpidetzak.  Emandako diru kopuruaren araberako sariak jasoko dira, besteak beste, DVD, kamisetak, internetez filma ikusteko aukera, Oñatiko Lezuri Ormazabalek egindako mendiari buruzko ilustrazioak.

Urtarrilaren 29an amaitzen da kanpaina." Dirua lortu ezean, proiektua birplanteatu egin beharko litzateke. Kanpainaren helburua, grabaketa gastuak ordaintzeko behar diren 5500 euro lortzea da. 8000-9000 euro inguruko aurrekontua du dokumentalak osotasunean: aurre-prestaketa, grabaketa eta muntaia kontuan hartuta" gaineratu du egileak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak