"Gaur egun, botere politiko eta ekonomikoen estrategia gu geldiaraztea da, beldurraraztea, etsitu eta gainera kriminalizatu nahi gaituzte.. Eta gure eskubideak, gure etorkizunerako bizi proiektuak, gure ametsak lapurtu dizkigute, kolektibo ahulenetan, lanpostuetan, zerbitzu publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan...". Ideia horretatik abiatuta, aldatzeko momentua dela diote Euskal Herriko eskubide sozialen karta sortzen diharduten eragileek, eta batzea dela irtenbidea: "Dugun irtenbide bakarra batzea da. Guztion arteko eztabaidarekin, egokiak diren alternatibak bilatu eta atsedenik hartu gabe gure borrokaren indarrarekin alternatiba horiek exijitu".
Zirriborrotik eztabaidara
Maiatzaren 25ean ospatu zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren lehen asanblada eta bertan eman zitzaion hasiera karta sozialaren garapenari. Oinarriak adostu eta eztabaidari ekiteko unea da orain, euren esanetan: "Momentu honetatik aurrera eta oinarrizko zirriborroa adostu ondoren, eztabaidari ekingo zaio, herrialde eta sektore ezberdinen parte-hartzearekin. Guztion artean adostutako karta landuko dugu eta gure eskubide sozialak zehaztu".
Prozesu honek "elkartzeko" balio izan behar duela ulertzen dutela diote, "elkarren arteko adostasunak sustatzeko" eta "kaleko mobilizazioak aktibatzeko". Ildo horretatik, herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko, prozesuaren inguruko informazioa zabalduko diete herritarrei: "Karta herritar guztiengana heldu behar da".