Nostalgia eta molde berriak nahastuta, Gariren eskutik

Sergio Cano 2014ko urt. 13a, 16:22

Saxofoi, baxu, bateria eta gitarraren doinu leunetan, eta Keu Agirretxearen ahots goxoan gustura izan ziren egubakoitz gauean Oñatiko gaztelekura joandakoak.

Behe presioaren erdigunean azken lana aurkeztu zuen Keu Agirretxeak Fignuh Experience-kin batera (Iñaki Jaio baterian, Mikel Arakistain baxuan eta Isuski Ramon saxofoian). Doinu nahasiak eskaini zituen laukoteak eta samurtasunean goxo izan ziren entzuleak. Amaitzeko, doinu intergalaktikoak, Indar galaktikoa abestiarekin. Ordurako beteta zeuden gaztelekuko ahulki guztiak, 110 lagun, gero zetorrenaren zain.

Nostalgia

Garik kontzertua ohituta ez dagoen ordutegian zela esanez hasi zuen emanaldia. "Niretzat nahiko berandu da dagoeneko. Ordutegi hauek neurritik kanpo daude niretzat. Kafetxo bat hartu dut badaezpada". Gari, baina, ez zegoen ez orduz kanpo ezta tokiz kanpo ere. Gustura izan zuen publikoa. Nostalgiaz ere irten zen taula gainera eta publikoari "txapa" sartzeko lizentzia eskatu zion, nolabait etxean sentitzen zela esanez. Hala, behin baino gehiagotan ekarri zituen ahora gaztetan Oñatira etortzen zeneko kontuak. Gaineratu zuen esperientzia pribatua eta berezia bizitzea espero zuela publikoaz. Hala izan zen. Jotzen hasi eta ez zen bozgorailuetatik entzuten. Teknikariari jakinarazi zion, baina publikotik benetan pribatua zela esan zioten. "Bai, oso pribatua!" erantzun zuen berak.

Bakarka aurkezpena egin ostean, Migel Moyano gitarra eta Albaro Alonso bateria igo ziren taula gainera. Hasierako goxotasunaren ostean, rock & roll-aren ordua. Gogor ekin zion hirukoteak lehen abestiaz. Ez da amaiera azken diskoko kantak eskaini zituzten. Garai bateko Gariren emanaldietatik aldentzen da egun egiten duena, agian publikoan bazen nostalgikorik ere.

Jostari klasikoez

Diskoa aurkeztuta, jolaserako unea iritsi zen. Gari bakarrik gelditu zen berriro eszenatokian eta publikoa kantuan jarri zuen. Zaharra zara Bilbo eta Amets batera kantatu zituzten. Fundamentu gutxi ikusi zuen Garik eta entzuleak zirikatzen ibili zen.

Amaitzeko hirukoak beste bi kanta eskaini zituen. Noski, publikoak beste bat eskatu zuen eta orduan etorri ziren klasikoak. Besteak beste: 564, Zoratzen eta Esperantzara kondenatua. Baita Xabin Egaña oñatiarrak idatzitako Bidegurutzean ere. Guztiak ere oso bereganatuta kantatu zituen Garik. Zapore ezberdin nahiz goxoa utzi zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak