"Proiektu honen helburua da Oñatiko udal artxiboak kudeatzen dituen argazki-funtsa ezberdinak kontsultatzeko bilgune bateratu bat sortzea, sofware askean oinarritua, eta ikerlari eta herritarrentzat erabilerraza izango dena", adierazi digu Izar Salaberri artxiboko arduradunak. Izan ere, zehaztu digu orain arte Interneteko plataforma ezberdinetan zeudela argazkiak ikusgai, baina orain guztiak bateratu eta edozein herritarrek kontsultatzeko modua ahalbidetu dela.Horrenbestez, udaletxea irekita dagoen orduetan edonork joan ahal izango du kontsultak egitera (astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 21:00etara). Hala ere, Salaberrik gomendatzen du norbaitek bere laguntza behar izanez gero, hobe dela aurretik deitzea bera bertan egongo dela ziurtatzeko.
Datu-base bateratuaren proiektua Euskomedia Fundazioak egin du eta 7.744 euroko aurrekontua izan du. GipuzkoaIKT-ren 4.646,40 euroko diru-laguntza jaso da.
30.000 argazki inguru
Udal Artxiboak Oñatiko argazki zaharren bilduma ezberdinak gorde eta kudeatzen ditu, besteak beste: XX. mende hasierako irudi bilduma, Oñatiko Historia eta Arte Bilduma libururako ateratakoak edo Jesus Mari Arzuagak eta Andres Arlazonek Udalaren esku utzitako argazki funtsak. Guztira ia 30.000 argazki dira.Irudi horiek euskarri ezberdinetan zeuden (kristalezko plakak, negatiboak, papera...) eta poliki-poliki guztiak digitalizatzen joan dira artxiboko arduradunak. Orain, guztiak kontsulta daitezke udaletxeko ordenagailuan. Lau multzotan daude antolatuta argazkiak: Arzuagaren funtsa, Arlanzonen funtsa, Oñatiko Historia eta Arte Bilduma, eta XX. mende hasierako argazki zaharrak. Bilaketa aurreratuak egiteko aukera ere badago hitz gakoak erabilita (egilea, gaia, urtea...).
Bestalde, kontsultak egiteko hiru erabiltzaile mota ezberdin izango dira: administratzailea, gonbidatua (erabiltzaile eta pasahitz gabe kontsultatuko du) eta erabiltzaile pertsonala (erregistratua, iruzkinak egiteko aukera izango du).
Kopiak
Argazkien kopia digitalak egiteko aukera ere badago, artxibozainari galdetuta eta dagokion tasa ordainduta (0,51 euro argazki bakoitzeko).