Eta hain justu ere, bertso eskolako ikasleekin batera igo ziren oholtza gainera Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Gaueko 22:30 ziren, eta ia 1.000 lagun zituzten zain, harmailetan eta kantxan jarritako aulkietan. Bertso eskolakoek kopla bana abestu zieten atzoko protagonistei, eta oroigarri bat eman ere bai gero.
Saioa hasita, Sustrai Colinak argi utzi nahi izan zuen agurretik Oñatikoa moduko plazek jarraitzen dutela izaten bertsoaren oinarri eta sustengu nagusi, lau urtean behingo ikuskizun handitik haratago, eta kantatu zuen BECera joan baino lehenagotik etortzen direla eurak Oñatira.
Ofiziotan umorearen bidetik joan ziren lehen bi ariketak, dorrean askatua izateko zain zegoen Maialen printzesak Iturriaga salbatzailearen itxura ikustean hark salbatua izateari uko egiten zionarena, adibidez, nahiz eta Iturriagak azaldu hamar urte kosta zitzaiola beragana iristea, eta "askoz ederragoa" zela irten zenean.
Gai serioetara egin zuen ondoren mikrofono aurrean aritu zen Mirari Sagarzazu Oñatiko Bertso Eskolako kideak, eta lagabezia eta kartzela ukitu eta gero, berriz ere barretxoa jarri zioten bertsolariek publikoari aurpegian.
Maialen Lujanbiok puntuak jarri zizkion Sustrai Colina ispiluari, hark Maialen nola ikusten zuen jakin nahian; alderantzizko ariketa egin zuten gero, Colinak jakin nahian nola nahi zuen Maialenek agertu, kasu honetan barrura begira jarrita. Saio polita egin zuten puntu-erantzuten.
Maialenek berak laster izan zuen berriro lanerako aukera, Amets Arzallusekin batera, eta serio jardun behar izan zuten, eskolara hatzazalak margotuta joan nahi duen 8 urteko mutikoaren guraso paperean. Bukaera politak bota zituzten, adibidez Maialenek, pintatzeko bainoago gelakideen burlak aguantatzeko izan behar dela ausarta esanez, umeak gaiztoak helduei ikasitakoagatik direla baieztatuz, baina baita agian umeak libreago direla eta arazorik izango ez dela airean utziz.
Koplatako saio gustagarriaren ostean, barre gehien eragin zuen ariketa etorri zen, Urtezahar gauez elkarrekin "liatu" ziren Sustrai eta Sarriegirena, azkena penaz ordu txikitako "rubia apaina" hurrengo goizean zer bilakatu zen ikusita denboran atzera egitea eskatuz, eta Sustrai erantzunez denboran atzera eginda ere berriro joango zela berarekin ohera, Sarriegik ez zuela eta "horrenbeste aukera".
Eta bestela ezin zitekeen izan, txapelduna bakarka jarri zuen ondoren Sagarzazuk, arrazoietarako aukera ematen zuen gaiarekin. Irakaslea zen Amets, eta margoekin autoerretratu bat egiteko agindu ikasleei; bat etorri zitzaion esanez bere azalaren koloredun margorik ez ziola irakasleak eman. Eta Ametsek koloreak nahastuz kolore asko lor daitezkeela lehenengoan, autoerretratuan barrutik margo zedin nahi zuela bigarrenean eta gelakide guztiak euskaraz mintzo zirela eta hargatik denek zutela kolore bera hirugarrenean bota zituen.
Eta umore gehiago, mago hasi berriaren azaletik Sarriegi, Maialenentzat ezpata prest zuela lasai egoteko esanaz, oilasko batekin ondo atera zitzaiola-eta, Unaik, Sustraik, Ametsek eta Sarriegik puntuka azken ariketa polito osatu baino lehen.
Eta azken agurretan, aurretik ere saioan jorratutako loteriaren gaiari heldu zioten Gaztelumendik eta Ametsek: txapeldunak Debagoienak bizi duen egoera zailari erreferentzia eginez, langabezia eta loteria sari bako bailara nahiago zukeela esanez, eta egi borobila botaz Gaztelumendi, bertsoak atzetik duenari buruz: "Dirutan ezin liteke neurtu gure aberastasuna".