2000. urtean hasi ziren Oñatiko Kirol Sariak banatzen. Beraz, esan daiteke, tradizio bilakatu dela, izan ere, aurten 13.enez banatu dira. Helburua herriko kirolarien lana eta esfortzua saritzea da. Aurkezle lanetan ibili zen Aratz Losadak bi hitz edo bi balore azpimarratu nahi izan zituen: konpromisoa eta ilusioa. Izan ere, saritutakoak ez dira kirolari profesionalak izaten eta euren afizioan aurrera egiteko beharrezkoa izaten dute konpromisoa eta ilusioa. Hain zuzen, horixe azpimarratu nahi izan da Udaletik: kirola lehiatzea baino askoz gehiago dela. Hala, kirolak herrian duen garrantzia erakusten duten bideoa erakutsi zuten. Hona hemen Ibai Azpeitiak eginiko bideoa:
Sarituak
- Banakako kirol saria: Andoni Bernal
- Taldeko kirol saria: Aloña Mendi Kirol Elkarteko Karate saila
- Entrenatzaile lanagatik saria: Aitor Orueta
- Kirolaren aldeko eginiko lanagatik saria: Aloña Mendi Kirol Elkarteko pilota saila
- Aipamen berezia: Itsaso Egaña
- Aipamen berezia: Migel Angel Palacin
Kirolari onenaren saria Andoni Bernalentzat izan zen. Eskubaloian jokatzen du Ford Mugarri taldean eta bere lana goraipatu zuten. "Eskertzen dut saria, baina nirea talde lana dela esan nahiko nuke", esan zuen Bernalek saria jasotzean.Taldeko kirol saria, berriz, Aloña Mendiko karate sailak eraman zuen. 70 partaide inguru ditu sailak eta urtean zehar domina ugari irabazi dituzte. "Urte asko daramatzagu isilean lanean, ez da-eta kirol hedatua, baina gustura gabiltza", esan zuten arduradunek. Entrenatzaile saria Aitor Oruetarentzat izan zen. Bi hamarkada luze daramatzalako futbol sailean. Aurten, gainera, Alaveseko gazte mailako taldea entrenatzen hasi da. "Berezia da errekonozimendu hau herrian jasotzea", esan zuen. Kirolaren alde eginiko lanagatik Aloña Mendiko pilota saila saritu zuten. Azken urtean sail horrek izan duen berpiztea goraipatu zuten ekitaldian. Urtetan arlo horretako arduradunak izan direnek esan zuten ez dezagula ahaztu pilota gure kirola dela eta eskatu zuten ez dezagula ahaztuta utzi. Bi aipamen berezi ere izan ziren. Bata, Itsaso Egañarentzat, 13 urtez eskubaloiko ibilbide profesionalean aritu ostean, bere karrera amaitzea erabaki duelako. Bestea, Migel Angel Palacini Kenpoa herrira ekartzeagatik.
Herritarren saria
Aurten, lehenengoz, herritarrek bozkatzeko aukera izan dute eta lau hautagaien artean (Josune Odriozola, Iban Letamendi, Gorka Guridi eta Aitor Otamendi) aukeratu behar izan dute. 300 boto inguru jaso dira eta horien %56a lortuta, Josune Odriozolak eraman du saria. Herritar guztiak eskertu nahi izan zituen, bai bere alde botoa eman dutenak eta baita gainerakoak ere. Bestalde, bere ametsa Brasilgo joko paraolinpiarretara joatea dela ere esan zuen.