Adinekoen galderak
Adin askotariko ikasleei azaldu zien bere gaixotasuna Markel Lopezek. Tartean, bere adinekoak direnei, DBHko bigarren mailako ikasleei.
Ama, Antxoa eta Gina txakurrak eta beste bi lagun ondoan zituela erantzun zituen urretxuarrak ikasle oñatiarren galderak. Arretaz begiratzen zioten. Isilik. Dena entzun guran. Jakin gura zuten zer sintoma igarri zituen, zer arrasto utzi dizkion gaixotasunak, minik duen, medikaziorik hartzen duen... Idatzita eraman zituzten galderak, baina haren lasaitasuna, naturaltasuna, irribarrea ikusita, ohiko hizkeran egin zituzten galdera gehienak, paperean euskara batuan idatzita izan arren. Urretxuarraren gertutasunak adinekoen artean izan ohi dituzten galderak, kezkak, konpartitzera bultzatu zituen. Gaitzaren gaineko galderak alboratu eta elkarrizketan ari ziren gaztetxoen artekoak erantzun zituen Lopezek: "Tableta erabiltzen duzu? Joko elektronikoekin ibiltzen zara? Ile-apaindegian mozten duzu ilea? Nolako arropa janzten duzu? Nola irakatsi dizkiozu txakurrari lan horiek?".
Elkartasuna
Antxoa txakurra izaten du alboan Lopezek eguneroko zereginetan laguntzeko, Urtzi anaiaren laguntza ahaztu barik; Antxoa-k zabaltzen dio motxila liburuak ateratzeko, lokarriak askatzen dizkio eta segapotoa jasotzen dio lurretik. Hainbat adibide egin zituzten aretoan, eta aho zabalik jarraitu zituzten ikasleek.
Desplazamendu luzeetarako gurpil-aulkia behar du, eta autoan sartzeko beharrezkoa duten malda erosiko dute tapoien bilketarekin lortutako diruarekin. "Ikaragarri harritzen nau jendearen elkartasunak, asko eskertzen dizuet guztioi", adierazi zuen Lopezek. "Jendeak esaten digu tapoi bat gordetzen duen aldiro gure oroitzapen bat duela, eta hori asko da guretako", adierazi zuen amak.