Elkar Heziren azokan, elkartasuna berriz ere protagonista

Txomin Madina Milikua 2013ko abe. 14a, 22:12

Jende asko erakarri du azokak eguerdi partean.
Oñatiko, Debagoieneko eta kanpotik etorritako dozena inguru gobernuz kanpoko erakundek euren produktuak saldu eta euren proiektuen berri eman ahal izan dute Oñatin egindako 'Elkar Hezi taupadak' elkartasun azokan. Ikastetxeko langile, guraso eta ikasleek ere Malirako dirua batzeko hainbat ekimen burutu dituzte.

Urte sasoi honetan urtero egin ohi duen legez, Elkar Hezi ikastetxeak elkartasuna ardatz duen azoka antolatu du gaur Oñatin, eta eguraldia lagun, eguerdi partean asko izan dira azokara gerturatu direnak.

Hamalaugarren azoka izan da aurtengoa, eta egon da berrikuntzarik, ikasleek zuzenean antolakuntza taldean hartu dute-eta parte. "Oso esperientzia polita izan da; gobernuz kanpoko erakundeekin harreman zuzena izan dugu, eta ikasleok ikuspuntua emateko aukera izan dugu" azaldu du antolakuntza lanetan ibili den Maialen Santos batxilergoko lehen mailako ikasleak.

Azokaren barruan, antolaketaz gain bestelako lanik ere izan dute Elkar Hezikoek: txosna jarri dute, baita hainbat gozoki eta bestelako saldu ere; dena, Malin dagoen Saint Paul ikastetxeari laguntzeko.

GKEak, gustura

Azokan parte hartu duten erakunde eta taldeetako ordezkariak gustura agertu dira azokarekin."Saski bat zozketatzeko txartelak jari ditugu salgai, eta denak saldu dira. Baita gainerako produktuak ere" azaldu du, esaterako, Nikaraguan laguntzeko lan egiten duen Bubulum elkarteko Amaia Goitiak. 418a izan da zenbaki saritua. Guatemalan lan egiten duen 7 Udaberri taldeko Mariasun Santxok, bere aldetik, horrelako ekintzak burutzea eskertu du, bere esanetan proiektuak ezagutarazi eta elkarteen arteko harremanak sendotzeko balio duelako.

Barazki eta frutak ezagutzen

Bestelako ekimenak ere izan dira azokan. Hala, etxeko txikienentzat eskulanak egon dira, baita aurpegia margotzeko aukera ere. Eta horretaz gain, Amaia Diaz de Monasterioguren dietetikan adituarekin eta Potx eta Motx pailazoekin merkatura joan, eta garaian garaiko frutak eta barazkiak ezagutu ahal izan dituzte.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak