Aurreko urteko azaroan utzi zenuen eskubaloia. Zertan ari zara orain?
Eskubaloia utzi dut baina korrika egiten hasi naiz berriro, eta lanean ere banabil. Atletismoan hasi naiz baina modu lasaian.
Zein asmorekin hasi zara berriz atletismoan?
Beti gustatu izan zait korrika egitea eta nire helburuetako bat hemendik urte batzuetara, edo agian aurten, triatloi bat egitea da. Lasterketa herrikoi dezentetan hartzen dut parte eta kirola alde batera utzi beharrean horretan nabil, baina ez maila profesionalean; orain kirola disfrutatzen dut baina beste era batean.
Zure eguneroko lana ere kirolarekin lotuta dago, ezta?
Kiroldegi batean egiten dut lan, monitore moduan. Klaseak ematen dizkiet ume, gazte eta jende nagusiari.
Molins de Rei-ra heldu aurretik kobratu egiten nuen eskubaloian jokatzeagatik, azken hiru urteetan kobratu beharrean lana eman zidaten eta eskubaloia utzi ostean mantendu egin dut lana.
Jarraitzeko aukera izan arren, iaz utzi egin zenuen eskubaloia. Zergatik utzi zenuen?
Aurreko urtea nahiko txarra izan zen eta familiarekin egotea lehenetsi nuen. Eskubaloian gustura nenbilen baina konturatu nintzen gauza asko ari nintzela galtzen eta buruak zerbait aldatzeko eskatu zidan. Beste gauza batzuekin ere disfrutatzen hasi behar nuela erabaki nuen.
Betiko itxi duzu ate hori?
Oraindik ez dut esaten nire bukaera denik, aurten geldialdi bat egin dut nire lehentasunei eusteko baina ez dakit. Momentuz bide hori itxi dut eta gauzak asko aldatu behar dira itzultzeko. Adibidez, Molinsen bi aldiz igo gara kategoriaz baina diruagatik ezin izan gara mantendu eta ilusioa galtzen zoaz. Beste talde batera joatea izan daiteke bidea baina uste dut gozatu dudala eskubaloian gozatu beharreko dena. Izan daiteke baina oso gauza zaila da.
Jokatzen ez bada, entrenatzen itzul naiteke. Ni kirolari lotuta nago oraindik eta eskubaloian ez den beste zerbaitetan ibil naiteke, gustatuko litzaidake.
Zure ibilbideari helduta, Oñatiko Aloña Mendin hasi eta Bera Berara joan zinen.
Bai, jubeniletako azken urtean, senior mailara pasa behar nuenean, fitxatu ninduten Donostiara joateko, 18 urterekin.
Han hasi zinen profesionaletan.
Nesken eskubaloia ez da inoiz izan guztiz profesionala -oraindik ere ez da- baina dirua, pisua eta ikasteko aukera eman zizkidaten. Horri esker, nire gurasoek ez zuten dirurik jarri behar eta independentzia apur bat nuen, hortik bizi nintzen.
Momentu hartan 18 urteko bospasei neska joan ginen Bera Berara. Lehen urtean ez ginen goiko taldera igo, hurrengo urterako prestatzen aritu ginen. Hasiera ez zen oso profesionala izan baina urteekin soldatak igotzen joaten dira eta orain arte horretatik bizi ahal izan dut.
Talde donostiarra izan zen Europan jokatzeko aukera eman zizun bakarra, ezta?
Bai, EHF Kopan jokatu genuen. Ni egon nintzen urte guztietan sailkatu ginen eta final zortzirenetara heldu ginen. Oso esperientzia polita izan zen, jokalariek beti amesten duten zerbait da: horrelako pista batera joan, hainbeste jenderen aurrean jokatu… Oso giro polita egoten da.
Zirrara sortu zidan esperientzia hark, bizi beharra dago.
Beste talde batzuetan ere jokatu zenuen Granadan, Santanderren, Tarragonan eta Bartzelonan. Non ibili zinen gusturen?
Talde bakoitzean gauza ezberdinak egon dira baina ni gusturen Donostian ibili nintzen: ezagutzen nuen hiri batean bizi nintzen, familiaren ondoan, Europan jolastu ahal izan nuen, oso maila altuan eta jende onarekin entrenatuta. Gauza asko ikasi nituen.
Molins de Rein ere gustura ibili nintzen, beste maila batean zegoen taldea eta beti esaten dut igoerako partiduak sekula jokatu gabe nengoela eta gauza horiek ere politak direla. Igoera faseko garai hartan oso ondo nengoen eta asetasun handia izan nuen. Goiko mailan zaudenean ez dituzu gauza horiek baloratzen.
Une gogorrak ere biziko zenituen hainbeste urteko ibilbidean.
Adibidez, Iznallozen zazpi hilabete egon ginen kobratu barik eta hori oso gogorra izan zen. Gureak ez dira futbolarien moduko soldatak, jan eta noizbehinka gutiziaren bat edukitzeko moduko soldata irabazten genuen. Ez kobratzeaz gain, baldintzak txarrak ziren, ez genuen zuzendaritzako laguntzarik...
Nik familia gertu nuen eta bidal zezaketen dirua baina kanpoko jende asko zegoen (errumaniarrak, senegaldarrak...) eta ez zuten baliabiderik. Elkarri lagundu genion eta horrek asko batu gintuen talde modura.
Jokalari asko kanpora joaten dira. Zuk aukerarik izan zenuen?
Ez, pentsatu izan nuen beste liga batzuk probatzea baina ez nuen deirik jaso. Badakit, adibidez, Frantzian eta Norvegian oso ondo zaintzen dituztela jokalariak eta oso baliabide onak dituztela.
Ezberdintasuna nabaria da herrialdeen artean, batez ere profesionaltasunagatik: jokalariek gizarte-segurantza dute, kotizatu egiten dute… Ni 10-11 urtez ibili naiz eskubaloian profesional moduan eta ez dut kotizatu.
Ibilbide luzea egin duzu baina zure hastapenak Aloña Mendin daude. Zer oroitzen duzu?
Oso oroitzapen onak ditut. Nire lagunak dira gehienak eta asko nire koadrilako jendea da. Espainiako Txapelketara joan ginen eta hirugarren postua lortu genuen; Oñatitik irteteko lehen aukeretako bat izan zen hura.
Oñati moduko herri bateko taldea hor izatea lana oso ondo egin izanaren seinale da. Aipagarria da Iñaki Cantero entrenatzaileak nesken eskubaloia bultzatu eta maila on batean aritzeko egindako lana. Horregatik izango ez balitz, ni ez nintzateke egun nagoen lekuan egongo.
Taldek orain ere badu harrobia: egun dituen hamabi taldeetatik zazpi neskenak dira.
Bai, eskubaloia beti praktikatu izan da asko Oñatin eta ikusten den moduan zaletasunak hor jarraitzen du. Uste dut hori garrantzitsua dela ze hor ikusten da lana eta azpitik datozenak ere kirola egiteko gogoz datozela.
Baina gero eta diru gutxiago dago leku guztietan eta hori mantentzea ere zaila izaten da.
Egunotan hasi da Eskubaloiko Emakumeen Munduko Txapelketa. Nola ikusten duzu lehia?
Beti daude talde faboritoak: Norvegia, Danimarka, Espainia, Serbia eta Brasil. Nahiko berdinduta egongo dira partidu denak, maila nahiko parekoa da: goikoak oso berdinak dira eta behekoak ere bai. Beti jarraitzen ditut mundialak eta jokatzeko eran Serbia asko gustatzen zait, baita Espainiako defentsa ere. Brasilek potentzia du baina buruz ez dituzte ongi kontrolatzen partiduak. Teknikoki Norvegia asko gustatzen zait.
Espainiako selekzioko hainbat jokalari ezagutzen dituzu.
Bai, Marta Mangue eta Eli Pinedo eta besteen kontra jokatu izan dut. Esperientziadun taldea da eta hainbeste partidu garrantzitsuren ostean, talde moduan jokatzen dute. Jendea ezagutzen duzunean gehiago bizitzen duzu, ez dituzu koloreak begiratzen, ezagutzen dituzula baizik.