Ander Errasti: "Beste herrialde batzuen adinako txokolatea edo hobea egin dezakegu"

Leire Kortabarria 2013ko abe. 2a, 17:51

Enpresei zuzendutako liburu bat AEBetako Taylor&Francis argitaletxe espezializatuarekin argitaratu berri du Ander Errastik. Oñatiko Natra txokolate enpresan Europa, Afrika eta Ekialde Hurbilean kontsumo-ondasunen salmenten arduraduna da, eta baita Oñatin, Frantzian eta Belgikan Natrak dituen lantegien arduraduna ere. Bere esanetan, Europako beste herrialde batzuetan txokolatearen gaineko kultura handia dago, eta hemen ere badaude horretarako elementuak.

Global production networks: operations design and management delako liburua argitaratu dizu Taylor&Francis argitaletxeak. Nolatan liburu hau, zertaz dihardu?

Ingeniaritza eta kudeaketa industrialari buruzkoa da. Zehazki, gaia da enpresek nola diseinatu, inplantatu eta hobetu ditzaketen hornikuntza, ekoizpen eta distribuzio sistemak, hornitzaileetatik bezeroetara. Gai horiek orain dela 30 urtetik hona jorratuak daude, baina ez enpresen azken erronketara egokitutako moduan. 

Liburua bera 16 urtean industria proiektuetan eta ikerketa proiektuetan egindako lanaren emaitza da. Jakintza hori islatu eta estrukturatzea izan da zailena. Behin estrukturatu eta gidoia eginda, liburuaren ideia kolaboratzaileei agertu nien eta idazterako orduan, hainbat kapitulutan, urteetan lankide izan ditudan aholkulari eta katedratikoen laguntza jaso dut.

Taylor&Francisekin argitaratzeko filtro zorrotzak pasa behar dira, ezta?

Ingeniaritza eta kudeaketa industrial arloan Taylor&Francis editorialean publikatzea futbolean  txapeldunen ligan jokatzea modukoa da. Bertan idazten lortzeko, derrigorrezkoa da norberaren lan akademiko eta industrialaren ekarpenak errekonozimendu internazionala izatea. Bestalde, proposamena egiteko memoria tekniko bat idatzi behar da eta ebaluazio zientifiko zorrotza gainditu behar du.

Behin hori egina, Taylor&
Francis-eko ekoizpen, erredakzio eta marketin taldea ipintzen da martxan.

Enpresaburuei zuzendutako laugarren liburua duzu hau. Egile gisa kontsolidatuta zaudela esango zenuke?

Egia esan, liburuak idazterakoan, ikasitakoa estrukturatzea izan da nire motibazioa, ez negozioa egitea, baina enpresa munduko editorialen interesa erakartzeak pozten nau. Francis&Taylorrek beste liburu bat idaztea eskaini dit, eta badaude oraindik ukitu bako arloak: erosketa industrialaren gainean, kudeaketa industrialaren gainean… baina sormen eta egituratze lana da, diziplina handia eta ordu asko eskatzen ditu, eta momentu honetan buru belarri nabil txokolatearen munduan eta Natra enpresan.

Natrako Kontsumo dibisioak txokolate tabletak, barrak, bonboiak eta kremak diseinatu eta ekoizten ditu, bai retail edo beste bezero batzuentzat. Emaitza positiboekin bukatu behar dugu urtea, baina negozioa sostengarria izateko plan estrategiko berria ari gara jorratzen. Plana bost ardatz estrategikotan oinarritzen da: Berrikuntza, Nazioarteratzea, Partenariadoa, Barne efizientzia eta Sostengarritasuna. Nire zeregin nagusia ardatz estrategikoak garatzea da.

Azaldu ditzakezu bost ardatz estrategiko horiek?

Berrikuntzan, marketin, salmenta eta ekoizpen taldeekin lan egitea produktu berrien bitartez salmentak handitzeko; Nazioarteratzean, Europa barruan, herrialde berrietan eta kanal berrietan saltzea. Atal hau Natra barruan beste arduradun batzuekin garatzen dihardut. Partenariadoan, bezeroekin epe luzerako hitzarmenak egitea, adibidez Ikearekin; Barne efizientzian, informazio sistema berriak eta kudeaketa sistema berriak ezartzea; Sostengarritasunean: lehengaiak erostea iturri sostengarrietatik eta energia gutxiago erabiliz ekoiztea.

Natraren kasuan, kakaoaren salneurria igo egin da azkenaldian. Bere esku ez dagoen faktore baten aurrean, kasu horretan moduan, enpresak konpentsa ditzake desabantailak?

Aurtengo gure arduretako bat da hau. Bi efekturen zergatia da: uzta eta espekulatzaileak. Nire aurreneko lan industrialetan ikusi izan dut espekulatzaile internazionalen eragina, baina, zoritxarrez, elikadura gaiekin ere gertatzen ari da.

Datorren urtean, txokolateak derrigorrez prezio igoerak izango ditu, eta ahalik eta gutxien igo daitezen, demaseko lana egin behar da diseinu, ekoizpen eta salmenta departamentuen artean.

Natrak Basque Culinary Centerrekin hitzarmena egin berri du, oliba-olioz, gaztaz eta ardoz betetako bonboiak egiteko. Kontsumitzaile mota guztiei zuzenduta dago?

Gure Marketin arloak zuzendutako iniziatiba izan da eta produktuen berrikuntzaren ardatz estrategikoarekin dauka lotura. Errezeta exotikoak dirudite, baina konturatu gara Belgikan badagoela txokolatearen kultura bat; han maisu txokolategilearen (chocolatier) irudia dago, eta guk Oñatin maisu horiek ere baditugun arren, ez diegu horrela deitzen. Oñatin baditugu ahalmenak eta gaitasunak beste herrialde batzuen adinako txokolatea edo hobea egiteko. Horretarako, nolabaiteko salto bat eman behar dugu eta, marketineko arloak lideratuta, hasi gara errezeta berriak ateratzen, eta zeinekin hobeto, orain erreferente den ikerketa zentro eta unibertsitate horrekin baino, Basque Culinary Centerrekin baino? 

Gure proposamena hemen ere kalitatezko txokolatea egitea da, bonboietan erreferente izan gaitezke Euskadin; erakuts diezaiogun merkatuari ze produktu garatu daitezkeen, eta ikusiko dugu merkatuaren erantzuna, baina itxaropen handiak ditugu.

Zelakoak dira bonboi horiek?

Gero eta gehiago, berrikuntza mugetan dago, jendeak kontrasteak probatu nahi ditu: adibidez, gozoa eta gazia, eta hor daude gatzarekin egiten diren bonboiak; edo gozoa eta mingotsa, txokolatea gaztarekin, adibidez. Gauza berriak garatzeko orduan, bonboietan nolabaiteko hutsunea zegoela ikusi dugu, eta hortik datoz joera berriak. Horrek ez du esan nahi beste arlo batzuetan ez garenik berritzen ari: adibidez, jendeak pentsatzen du erabilgarriagoak diren formatuak behar direla. Produktuaren funtzionaltasunean ere berritu daiteke: adibidez, gizentzen ez duen txokolatea. Funtzionaltasunaren berrikuntzan lan sakona egiten ari gara Natran.

Natra une gozoan dago burtsan: inbertitzaileek konfiantza eman diote eta balioa irabazten dihardu azkenaldian. Zeintzuk dira arrakasta horren gakoak?

Ahalegin handiak egin dira zorra murrizteko eta burtsak baloratu egin du jorratzen gabiltzan plan estrategikoan hartu dugun ikuspuntu industriala.

Egoera itxaropenaz ikusten dugu. Dena dela, aurtengo salmentak eta irabaziak handitu beharrean ikusten dugu gure burua, esandako ardatz estrategikoekin enpleguari eusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak