Harreman Estilo Berriarekin saiakera egin du Oñatiko Udalak

Leire Kortabarria 2013ko aza. 28a, 01:00

Oñatiko Udala laborategi antzekoa izan da zortzi hilabetetan zehar. Hain zuzen, udal baten ezohikoak diren lan egiteko moduak esperimentatu zituzten han, orain dela urte eta erdi bukatu zen prozesu baten. Udal langile guztiek parte hartu dute, ordezkari politikoek ere bai. 

Koldo Saratxaga enpresaburu ezagunak sortu duen K2K enpresarekin batera, NER bezala ezagutzen den Harreman Estilo Berria landu dute. Iraultzarik ez da egon, gauza asko proposamen edo ideia gisa geratu dira eta iritzi desberdinak sortu dira esperientzia horren inguruan, batzuk onak eta beste batzuk ez hainbeste. Hala ere, ikasgaiak denetatik atera daitezkeela dio herri-jakinduriak, eta kasu honetan ere hala izan da.

K2K enpresatik, Oscar Gartzia egon zen Oñatiko udal langileekin jarduten. Berak azaltzen digunez, bi zati zituen prozesuak: lehenengoa Oñatiko udal langile guztiekin zen, eta bigarrena, ordezkari politikoekin. Lehenengo zatian, langile guztiak lan-taldetan banatu ziren, eta bigarrenean, ordezkari politikoak lan-talde horietan integratu behar ziren. Bigarren zatia oraindik ez dute egin: "Hori garatzen hasi behar ginenean, udalaren lan-karga oso handia zen, atez ateko sistema ezartzen zebiltzalako, eta hor utzi genuen".

Helburua, eraginkortasuna 

K2K enpresa ez da aholkularitza bat eta ez dute hitz hori gustuko euren burua definitzeko: "Aholkularitza gehienek proiektu bat aztertu eta bezeroari txosten bat ematen diote, bezeroak garatu dezan dena. Guk, berriz, bezeroekin antolakuntza-aldaketa bat lideratzen dugu".

Oñatiko Udalaren kasua berezia da K2K enpresak, ordura arte, erakunde pribatuekin egin zuelako lan; lehenengo aldia zuten, hortaz, sektore publikoko erakunde batekin lanean. Orokorrean ere, oso ezohikoa da administrazio publikoko erakunde bat horrelako aldaketa prozesu baten sartzea.

Oscar Gartziak kontatzen digu nola hasi ziren lanean: "Lehenengo udalbatzarekin hitz egin genuen eta erabateko adostasuna eskatu genien. Denek baietz esan ziguten, gurekin lan egin nahi zutela. Hori eta gero, Udaleko langile guztiekin batzar orokorra egin genuen, proiektuarekin aurrera egin nahi zuten bozkatu zuten eta %80 inguruk alde bozkatu zuten".

Helburu aldetik, Oñatiko Udalak hauek transmititu zizkion Gartziari, bere esanetan: "Eraginkorragoak izan gura zuten, gardentasun handiagoa gura zuten eta elkarren artean gertutasun handiagoa". Hori lortzea zen helburua, baina laster azaleratu ziren zailtasunak: "Udaletan zaila izaten da gauzak aldatzea, departamentutan banatzen delako lana eta bakoitzak bere sailera tiratzen duelako".

Gartziak dioenez, eurek printzipio batzuekin egiten dute lan, eta bezero bakoitzaren, erakunde bakoitzaren ezaugarrietara moldatzen dituzte. "Ez daude bi erakunde berdin, eta gu proiektu bakoitzera egokitzen gara". Kasu honetan, lantaldeak sortu zituzten eta helburu komunetarantz abiatu ziren. Lantalde horietan, sail, ardura edo gai desberdinetako jendea nahasten zen. Lan egiteko modu hori ez zen berria Oñatiko Udalean, aspalditik zituztelako mahai multidiziplinarrak.

Udaletxean sarrera bakarra 

K2K-ko langileak hitz onak ditu Oñatiko udal langileendako: "Aurreiritzi asko daude administrazio publikoko langileen gainean, baina Oñatiko udal langileak bezeroarekin, hau da, herritarrarekin zeharo inplikatuta zeuden, eta hori ez da hain nabarmena izaten erakunde industrialetan". Jarrera ona zegoen arren, administrazio publikoaren egiturak eta lan-moldeak berezko dituen mugak ere agertu ziren: "Burokraziak eta administrazio-arauek zaildu egiten dute lan egiteko modua aldatzea: adibidez, lanpostu bakoitzak bere balorazio ekonomikoa du eta, berari ez dagokion zerbait egiten badu, teorian langile horri beste soldata bat dagokio. Esan nien arauak ezin genituela aldatu, baina guk proposatutako estiloan lan egin gura bazuten, ikusiko genuela elkarrekin nola gainditu muga horiek".

Adibide batzuk ipintzen ditu Gartziak: "Herritarren eskaerei erantzun behar zaienean, administrazioaren burokraziak dio hori administratzaile batengana joan behar dela, gero horrek teknikariari pasatu behar diola eta horrek, batzordeari; beraz, erantzuna eman orduko luze jo du. Proposatu nien ze beste modura tratatu zitekeen hori, legeak ahalbidetzen zuelako. Hala, erabakiak hartzen ez zituzten pertsonek lantaldea koordinatzeko edo teknikariei lana banatzeko gai izan ziren". 

Udaletxeko sarrera ere aldatu zuten. Orain gutxira arte, Oñatiko udaletxeak bi sarrera zituen, bat arkupetan eta bestea atzean, eta sarrera bakarra utzi zuten, aurrealdekoa: "Jende-ilarak sortzen badira, langile gehiago dago atenditzeko eta edozeinek atenditu dezake jendea. Egia da ilarak ez direla askotan sortzen Oñatiko udaletxean, baina gerta zitekeen". Egin zuten beste gauza bat –"lehenengo gauza", Gartziaren esanetan– sarreratik fitxatzeko makina kentzea izan zen: "Azken baten, ez dugulako denboraren arabera lan egiten, helburuen eta zereginen arabera baizik", esaten du Gartziak.

Pertsonak dira ardatza 

Baina udaletxe baterako sarbidea aldatzea gauza bat da, eta oso bestelako bat barruko antolakuntza aldatzea. Ahalegin horrek bide aldapatsuagoa egin du. Helburuen edo zereginen arabera eginda zeuden lantaldeak, eta lantalde bakoitzeko liderrak beste talde baten elkartu ziren, alkatea ere bertan zegoela. Erabaki orokorrak liderren talde horrek hartzen zituen. "Adibidez, aurrekontuak lantalde bakoitzak egiten zituen, gero gobernu taldeari egiten zion proposamena, eta erabakiak batzarrean onartzen ziren. Gobernu taldeak lerro orokorrak markatzen zituen, baina lantalde bakoitzak garatzen zituen lerro horiek, eta pertsona guztiak konprometitzen ziren, batzar orokorrean".

Izan ere, Saratxagak ezagutarazi duen NER filosofiaren edo estiloaren barruan, ardatza pertsonak eta lantaldeak dira; talde-lana indartzea: "Egunen baten taldeko norbait ondo ez badago, taldeko besteek hartuko dute haren zeregina; taldeak bere burua eta bere lana erregulatzen du".

Oscar Gartziak dioenez, NER da Koldo Saratxagak urte askoan zuzendutako Irizar kooperatiban duten lan-filosofia: "Urte asko daroate eta garatzen joan da, baina oso filosofia antzekoa da". Horregatik, euren iritziz, filosofia horrek berdin-berdin gidatu dezake enpresa pribatu baten, kooperatiba baten, administrazio publiko baten, irabazi asmorik gabeko elkarte baten eta beste edozeinen lan-modua. "Talde-lana, inplikazioa, eskuzabaltasuna, ardura… horiek lanerako eta bizitzarako printzipioak dira", esaten du Gartziak.

K2K-k esaten du "eztabaida animatua" sortzen dela NER filosofia erakunde publikoetan eta gobernu-organoetan enpresa pribatu baten bezala aplikatzeko aukerak aztertzen direnean. Enpresaren ustez, ordea, NERren oinarrian, hau da, harremanen oinarrian "pertsonak egotea da garrantzitsuena, erakundeak edo sektoreak hartzen duen forma juridikoaren gainetik; eta, baldintza hori betetzen denean, ez dugu oztoporik ikusten". 

Askotariko iritziak daude 

K2K-ko ordezkariek aipatzen dituzten askotariko iritziak sortu dira ere Oñatiko udal langileen artean. 

Iritzi batzuen arabera, Oñatiko Udalean planteatu ziren ideiak "onak" ziren, "baina ez zeuden administrazio publiko baterako moldatuta". Muga batzuk igarri zituzten: "Ardurak banatzen ziren, baina, legearen arabera, ardurak eta erabakiak dagokionak onartu behar ditu, eta, batzuetan, onartu behar zuen pertsona ez zegoen ardura edo erabaki hori hartu zen lantalde berean". 

Alde onak ere nabarmentzen dituzte: "Helburua zerbait sortzea baldin bada, edo beste mota bateko erakunde baten lan egin nahi bada, kooperatiba baten, adibidez, ideia horiek ezartzea errazagoa da". 

Prozesu hartan sortu ziren lantalde batzuek aurrera jarraitzen dute eta oraindik batzartzen dira. Lantalde horietan, sail askotarikoak diren baina proiektu edo ardura komunak dituzten pertsonak batzen dira.

Beste udal langile batek esaten du "lan-zama asko handitu" zitzaiela prozesu hartan zehar, eta orduko dinamika askok ez dutela aurrera egin. Bestalde, langileek ezagutzen ez zituzten lanpostuak edo ardurak "gertutik" ezagutu ahal izan dituzte, eta hori "aberasgarria" izan dela gaineratzen du.

Beste alde positibo batzuk izan dira langileek euren ekarpen eta iritziak lantzeko eta agertzeko aukera izan zutela.

Hasierako asmo on guztiak egia bihurtu ez badira ere, eta zailtasunak zailtasun, etorkizunerako ikasgaiak utzi ditu esperientzia horrek, bi aldeendako.

-----------------

Irizarreko harreman-ereduaren aita

Koldo Saratxaga Sopuertan (Bizkaia) jaio zen 1947an; Ingeniari Teknikoa da. Kooperatibismoan egin duen etaparengatik da ezagunen: 1984az geroztik, Etorki S. Coop.-en, Euskadiko Kutxan, krisian zeuden kooperatibetan eta Urola S. Coop.-en jardun zuen. 1991tik 2005era Irizar S. Coop.-eko arduraduna izan zen, Irizar Proiektuko Koordinatzaile Nagusia eta Irizar Groupeko presidentea. Kudeaketa-eredu berrien gaineko bere tesiak Harreman-estilo berri bat (2007) liburuan laburbildu zituen. Bertan dioenez, "enpresak pertsonetan oinarrituz antolatu behar dira, haien sormenean, haien parte-hartzean eta inplikazioan funtsatuz". K2K sortu zuen gerora, estilo berri hori enpresekin lantzeko.

-----------------

"Pertsonak eta lantaldeak dira oinarria"

NER: Koldo Saratxagak teorizatutako Harreman-Estilo Berriaren gaztelaniazko siglak dira (Nuevo Estilo de Relaciones). Saratxagak sortutako K2K enpresak estilo hori ezartzen laguntzen die hala nahi duten enpresei.

K2K enpresa: Gaur egun, zazpi lagunek egiten dute lan K2K enpresan. Saratxaga da euren liderra eta hainbat enpresa-proiektu lantzen dituzte. Helburua da antolakuntza eta lan egiteko modua aldatzea, kudeaketa-eredu guztiz berria ezartzeko. Euren esanetan, "pertsonetan oinarritutako harreman-estilo berri bat" da eredu horren funtsa.

Ner group: Harreman-Estilo Berriaren filosofiarekin lan egiten duten enpresa eta taldeek osatzen dute Ner Group delakoa. 9 kooperatiba, 11 SL, SA bat eta irabazi asmorik gabeko erakunde bat dira. Tamaina aldetik, 1.520 lagunetik gora batzen dira Ner Groupen.

Ardura konpartitua: Ner filosofiaren barruan, edozein enpresa-proiekturen ardura konpartitua dela kontsideratzen da. Besteak beste, lantaldetan lan egitea proposatzen dute, eta lantalde bakoitzak bere burua gestionatu behar du; erabakiak elkarrekin hartzen dira, lantaldetan edo enpresako partaide guztien batzar orokorrean. Hori ezartzeak aldaketa handiak ekartzen dizkio enpresa edo erakundeari, eta debatea, iritzi desberdinak… sortzen dira. NER ez dute ezartzen oso erakunde handietan, edo multinazionaletan, erabakiak bertan hartzen diren enpresetan bakarrik.

Proiektu komuna: Saratxagaren hitzak dira: "Erakunde bakoitza osatzen duten pertsonen proiektu komun bat da. Gure lan guztia autogestionatutako taldeen lanaren fruitua da. Komunikazioak, askatasunak eta ardurak kanpoan uzten dute kontrola. Akatsak ikasteko aukerak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak