Kale garbiketa hobetzeko, hitzarmena

Kale garbiketa zerbitzua hobetzeko eta egungo beharretara egokitzeko, Udalak bilerak egin ditu FCC Medio Ambiente enpresarekin eta hitzarmena ere sinatu dute bi aldeek.

"Zeuden gabeziak betetzen saiatu gara. Batez ere, auzoetan eta asteburuetan zeuden hutsuneei erantzuten ahalegindu gara", adierazi digute Udaleko Zerbitzu Sailetik. Horrenbestez, hainbat hobekuntza hitzartu dituzte Udalak eta enpresak. Arduradun bat jartzea erabaki dute %20ko lanaldiarekin, esaterako. Garbiketa maiztasuna handitzea ere adostu dute: erdigunea egunero garbituko da, auzoak astean hiru bider eta industrialdeak hilean behin. Auzoetan eta industrialdetan kale-garbiketarako makinak erabiliko dituzte. Bestalde, hamar lanaldiko fatxadak garbituko dituzte ur eta hondardun makinarekin. Araotz eta Arantzazu auzoetako zakarrontziak hustea da bi aldeek hartu duten beste erabakietako bat.

Asteburuetako zerbitzua

Asteburuetako zerbitzua ere zehaztu dute. Hala, merkatu egunetan, mahaiak prestatuko dituzte goizean FCCko langileek. Eta behin merkatua bukatu ostean, hondakinak jaso eta inguruak txukunduko dituzte. Igande eta jaiegunetan kale-garbiketarako makinaz, ur-makinarekin eta eskuz garbituko dituzte kaleak. Horretarako,  3,5 langile arituko dira lanordu osora.

Makineria berria

Materiala zaharkituta gelditu dela-eta, berria erosiko du FCC enpresak: kale-garbiketarako aparatu mekaniko bat, lur-orotariko pick-up bat elurra kentzeko hortzekin eta gatza zabaltzeko, bi porter, sei haizagailu eta lau karro."Material berri honek ahalbidetuko du maiztasuna handitzea, ingurune zabalagora iristea, eta ondorioz, kalitatea optimizatzea", diote FCC enpresatik.

Bi urterako kontratua

FCC enpresak eskainitako zerbitzuak 473.347 euroko aurrekontua izango du urtean (BEZ kanpo). Horrek %13,32 igoera suposatzen du. Bi urterako sinatu dute kontratua, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin Udala pozik balego eskainitako zerbitzuaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.