Oñatiko zine kluba: 40 bat urte ... eta segi aurrera

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urr. 28a, 11:19

Eguenean botako dute denboraldi berriko hirugarren filma, 20:00etan. Lau areto ezberdinetan bota dituzte filmak historian zehar: Garoan, gaztetxean, Santa Anan eta egungo zinema aretoan.

Zine kluba noiz eskaintzen hasi ziren ez dute gogoan egungo antolatzaileek, bai, ordea, "aspaldikoa" dela. "70. hamarkadan hasi zela bai, baina egia esan ez dakigu zein urtetan izan zen. Hori bai, ordutik hona ez du etenik izan eta indartsu jarraitzen du. Herriko talde ezberdinekin batera ere antolatzen ditugu filmak, eta herritarrek maite dute zine kluba. Oso pozik gaude, gustura gabiltza", dio Anton Azpiazuk, Anton Txintxurretarekin batera, egungo zine klubaz arduratzen dena.

Elizatik gaztetxera

Garoa zinema aretoa izan zen zine klubaren lehen egoitza. Hantxe estreinatu zen ekimena. "Ni bigarren belaunaldikoa naiz, nolabait esatearren. Nire aurretik beste batzuk jarri zuten ekimen hori martxan. Tartean xiren Anton Apaolaza eta Pako Arregi agustindarra. Arregiren bidez hasi ziren, hain zuzen ere, Garoan ematen zine klubeko lehen filmak", kontatu du Azpiazuk.

Handik urte batzuetara, filmak gaztetxean ematen hasi ziren. "Garai hartan hasi nintzen ni, Anton Txintxurreta eta Luis Aranbururekin batera, besteak beste. Super 8 eta 16 mm. formatuetan ematen genituen filmak, gogoan dut. Udalak zerbitzu hori eskaintzeko interesa erakutsi zuen gero eta horrela, Santa Anara pasa ginen, eta handik, egungo zinema aretora", gogoratzen du Anton Azpiazuk.

Azpeitiko enpresa baten bitartez ekartzen dituzte filmak azken urteetan. "Lehen urteetan geu arduratzen ginen, baina modu honetara askoz merkeagoa da eta eurekin ere gustura gaudenez, horrelaxe jarraitzen dugu. Hala ere, filma batzuk geuk lortzen ditugu, batez ere herriko elkarte ezberdinek antolatzen dituzten jardunaldien barruan ematen ditugunak", jarraitu du.

Herriko taldeekin batera

Izan ere, herriko talde edo eragileek antolatzen dituzten jardunaldi ezberdinetako egitarau gehienetan, gaiari lotutako filma bat ageri ohi da. "Horren azken adibidea da, esaterako, joan den astean botatako filma, ARG! Argazki jaialdiaren barruan. Datorren hilean, berriz, Aloña Mendiko Mendi sailak antolatuko duen mendi hamabostaldiari lotutako filma bat botako dugu, Autana. 25ean, berriz, Emakumeen Aurkako Biolentziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta horren inguruko filma bat botatzeko ere eskatu digute horren bueltan lanean dabiltzan herriko taldeak. Natur Eskolako ingurumen astearen barruan ere beti aukeratzen dugu filma bereziren bat, eta berdin Martxoak 8 egunaren harira ere. Txileko lan bat dugu gordeta orduan botatzeko", aurreratu du Anton Azpiazuk.

Bere esanetan, zine komertzialetik kanpo dauden lanak ekartzen saiatzen dira, baina, aldi berean, "ulertzeko oso zailak ez direnak". Herritarrek zine kluba maite dutela uste du Azpiazuk, harrera ona duela herrian, eta eurak lanerako gogoz jarraitzen dutela azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak