Jesus Egigurenek Lope de Agirreren inguruko azterketa sakona egina du, atzoko hitzaldian erakutsi zuenez. Urteetan zabaldu den bere irudia ez dela erreala argitzen saiatu zen eta besteak beste, oñatiarra beharrean aramaioarra izan zitekeela pentsatzeko zantzuak daudela azaldu zuen.
Lope de Agirrek zituen Eroa eta Tiranoa goitizenez ere aritu zen. Argitu nahi izan zuen Eroa ez ziotela esaten buruko patologia zuelako, oso altu hitz egiten zuelako baizik. Tirano ere deitzen zioten baina Egigurenek egindako azterketaren arabera, ez omen zuen odolezko sarraskirik eragin, garaiko beste esploratzaileren batek moduan.
Dokumentala
Anjel Amigoren dokumental berriak Jesus Egigurenen ikuspuntua du abiapuntu eta Egigurenek berak azaldu du nondik datorren esploratzaile eta konkistatzaile oñatiarraren bizimodua kontatzeko beharra: "Lope de Agirre da euskaldunik garrantzitsuena, munduan gehien ezagutzen dena. Hemendik kanpo bertan baino gehiago ezagutzen da". Herrien askatasuna eskatu zuen lehen gizona izan zela ere gaineratu zuen Egigurenek.
Loperen hamabostaldia
Atzoko hitzaldia Lope de Agirre ardatz duen Lope 500 hamabostaldiaren baitan antolatu zuten. Lope de Agirreren jaiotzaren urteurrena dela eta antolatu dute ekimen hau Oñatiko ARTaso elkarteak, Udalaren eta Ulma Fundazioaren laguntzarekin. Erakusketa, dokumental emanaldiak eta hitzaldiak egiten ari dira hamabostaldiaren barruan.