Bagauda: "Diskoa kaleratu bezain laster kontzertu gehiago egitea espero dugu"

Jagoba Domingo 2013ko urr. 22a, 02:00

Rock-and-rolla salbatuko duenik badagoela dirudi. Azken urteotan gazteek rock-and-rolla alde batera utzita zutela zirudien arren, Oñatin, gotorleku batean, lau gaztek AC/DC, Guns and Roses eta Turbonegro taldeen esentzia berreskuratu nahian dabiltza; hori bai, Oñatiko stoner ukitua galdu barik.

Bagauda deitzen da laukotea eta 20 eta 24 bitarteko gazteak dira. Urteetan rock klasikoaren munstroen bertsioak jo ondoren, duela urtebete inguru kantu propioak egiteko momentua heldu zitzaien eta udan Amorotora jo zuten. Musikorta estudioan sartu eta zazpi kantu grabatu zituzten; bada, laukoteak maketa deitu arren, prozesua ikusita lehenengo diskoa dela esan genezake. Guk Errockaldera jo dugu, taldekideek orain arteko ibilbidea azaldu eta etorkizunaz hitz egiteko asmoz.

Bagauda zer da?

Kontu historikoa da; Erromatar Inperioaren gainbeheran, Euskal Herrian eta inguruan sortu ziren bidelapur taldeak ziren. 

Non, noiz eta nola sortu zenuten Bagauda?

Gutako hiruk bertsio talde bat genuen batera; eta duela hiru bat urte, Ander bateria-jolea elkartu zitzaigun. Guns and Roses taldearen bertsioak jotzen genituen, batez ere, Di-Bertsioak jaialdian, adibidez; baina AC/DC eta Kiss taldeen kantuak ere jotzen genituen. Ander sartu zenean, baina, Turbonegro, Gluecifer eta Hellacopters taldeen eragina ekarri zuen gure taldera. Izan ere, Anderrek ere beste talde batzuetan jo zuen aurretik. Esan bezala, duela hiru bat urte hasi ginen batera jotzen; hala ere, orain dela urte eta erdi inguru serioago hartu genuen taldea.

Orduan, bertsio taldearen mutazioa da Bagauda?

Baietz esan genezake. Kantu propioak egitea urrats naturala izan zen. Aspalditik riff edo erritmo batzuk geneuzkan bueltaka; haietan sakontzen hasi, eta gure kantuak jaio ziren. 

Hard-rocka, Eskandinaviako rocka eta, nola ez, stonerra. 

Rock-and-roll klasikoa da gure eragin nagusia; hala ere, oñatiarrak izanda, ezinbestekoa da stoner eragin hori nonbait entzutea. Izan ere, Potemkin eta halako taldeak ikusten hazi ginen. Hala ere, taldekide bakoitzak rock musikaren adar ezberdin batetik jotzen duela esan genezake. Batek Rolling Stones, besteak AC/DC, besteak Turbonegro...

Urte eta erdiren ondoren estudiora zuzenean.

Uda aurretik erabaki genuen, erabaki azkarra izan zen. Udalean dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik zegoela ikusi eta animatu egin ginen. "Orain edo inoiz ez", pentsatu genuen. Zazpi kantuko maketa grabatu dugu.

Maketa deitzen diozue, baina diskotik gertuago dago.

Amoroton dagoen Musikorta estudiora jo genuen. Inguruan dauden estudioak ikusi eta aurrekontuak eskatu ondoren, Musikortara joatea erabaki genuen. Asmatu egin genuela uste dugu. Bi aste eman genituen bertan bizi izaten; gure helburua zen gure musikan murgiltzea eta bertatik zer sortzen genuen ikustea. Izan ere, Musikorta estudioa baserri batean dago eta bertan lo egiteko aukera zegoen. Egia esan, kantu batzuen azken detaileak han egin genituen; hitzak, esaterako, gehiegi luzatu ziren gauetan amaitu genituen.

Estudioko lehenengo esperientzia eta pozik, ezta?

Bai, oso pozik. Orain, kantuak egiteko momentuan, beste aspektu batzuk hartuko ditugula kontuan uste dugu. Oso trinkoak izan ziren bi asteak, eta, Xabi Nabarro Jota teknikariarekin oso eroso sentitzeaz gain, asko lagundu zigun bidaian zehar.

Noizko kaleratu nahi duzue diskoa?

Ahalik eta azkarren kaleratzea espero dugu. Gure helburua azaroan kalean egotea da, diseinua bukatzeko zain gaude oraindik. Potemkin taldeko Iban Idigoras dabil diskoaren diseinuan lanean, eta, esan bezala, ahalik eta azkarren kaleratzea da gure helburua. Hala ere, taldearen bandcamp webgunean, Likantropo eta Oldarraldian kantuak jarri ditugu entzungai, interesa duenarentzat.

Eta aurrerantzean kontzerturik?

Diskoa kalean dagoenerako lortzeko lanetan gabiltza. Interesatuz gero, bagaudarock@gmail.com helbidera idatzi kontaktuan jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak