Lope de Agirrek baditu milaka aurpegi

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urr. 21a, 12:49

Lope de Agirre ardatz duen Lope 500 hamabostaldia antolatu du Oñatiko ARTaso elkarteak; Udalaren eta Ulma Fundazioaren laguntzarekin, Lope de Agirreren jaiotzaren urteurrena dela eta. 

Ezjakintasun handia dago pertsonaia horren inguruan, ekimenaren bultzatzaileen esanetan: "Araotzekoa dela diote historia liburu gehienek, baina badaude Aramaiorekin lotzen dituzten dokumentuak ere; badakigu Perun 30 urte egin zituela, eta, horrela kontatu badigute ere, ez dakigu han egin zituen astakeriak egiazkoak diren edo zelakoa zen; besteak beste, indigenekin zuen harremana", dio Anjel Mari Milikuak, ARTasoko kideak. Horiek guztiak argitzen saiatzeko tresnak prestatu dituzte, bada: erakusketa, hitzaldiak, film proiekzioak eta kale antzerkia. "Beharrezkoa ikusten genuen nazioartean Oñatiko pertsonaia esanguratsuenetakoa denari buruz herrian zerbait egitea; iaz plaka jarri genuen haren izena duen kalean eta hamabostaldia da hurrengo urratsa. Askotariko iritziak eta ikuspuntuak batuko ditugu, atera ditzala gero bakoitzak atera beharreko ondorioak", diote ARTaso elkartetik.

Herriko artisten begietatik

Iñaki Jauregialtzo eta Anjel Mari Milikua zeramikagileak Lope de Agirreri buruzko arte-lanak egiten hasi ziren orduan. "Zeramikak egindakoan, 'orain zer?', genion, besteak beste, jendaurrean erakutsiko genituen ala ez pentsatzen. 'Zeramikak bakarrik?', izan zen hurrengo galdera. Herrian askotariko artistak daudela ikusita, Loperen inguruan zerbait egiten ausartzen ziren esanaz egin genien hainbati proposamena. Ezezko borobila batzuen erantzuna, baina baiezkoa eman ziguten beste askok", dio Milikuak, gaineratuz hitzaldiekin ere gauza bera gertatu zela eta hasiera baten herriko hizlariak animatu baziren bakarrik, orain, berriz, jende askok gura duela Loperi buruz jardun, baina egitaraua hamabost egunera mugatuko dutela.

Oñatiko kultura etxean dago orain artistei egindako proposamenaren emaitza; besteak beste: 30 margolan, 35 zeramika-lan, 15 eskultura, argazkiak eta beste hainbat bitxikeria ere. "Uste dut faltako direla egile batzuk; Oñatin oraindik oso beldurtiak gara gauzak erakusteko orduan. Askotariko artistak daude: eskarmentudunak edo aurrez erakusketetan ibilitakoak direnak daude, baina gehienak jende arrunta gara, txikiteoan ibiltzen garen horietakoak. Kanpotik etorritako artistenak ere batu ditugu", gaineratu du Milikuak.

Bakarra da gaia: Lope de Agirre, baina punta asko atera dizkiote. Badira Araotz edo Oñatiko inguruetako paisaiak jasota, badira, era berean, Lope de Agirre Hego Amerikan ibili zeneko garaien irudiak ere, baita Lope de Agirreren hainbat buru eta beste hainbat ikur ere. Martitzenean zabaldu zituzten kultura etxean dagoen erakusketako ateak eta urriaren 26ra bitartean dago ikusgai, 18:00etik 20:00etara. 

Astelehenean egile eta antolatzaileak elkartu zituzten erakusketa aretoan; han izan ginen gu ere, artisten iritziak eta azalpenak jasotzen. Hona hemen  horietako batzuen esanak. Aurrez kontatu moduan, zeramika lanak egin dituzte Iñaki Jauregialtzok eta Anjel Mari Milikuak: Lope de Agirreren bizitzako hainbat pasarte jaso ditu Milikuak, askok etxean dugun argazki album-aren itxura emanaz. "Etxetik atera zenetik hasten naiz, Sevillan, moxal hezitzailea izan zeneko garaiekin jarraitu, Ameriketako bizipenekin gero, eta bukatzeko, Loperen heriotzarekin osatu dut bilduma", dio Milikuak. "Agerreko Loperen beste hainbat pasartetan oinarritutako beste serie bat egin dut nik ere", dio Jauregialtzok "Arbelaren gainean jarritako azulejo moduko zeramikazko plaka batzuk dira, besteak beste, buztinarekin egindako lanketa batzuekin", kontatu du Jauregialtzok.

Egurrarekin eta harriarekin egindako bost eskultura erakutsi ditu, berriz, Iñaki Gerekak: "Loperi buruz zerbait egiteko esan zidatenean, Araotzera joan nintzen eta Orkatzategi inguruan, harriak mugitzen hasi eta hantxe agertu zen harri gorri ikusgarri bat. Harrituta geratu nintzen, Loperen aurpegiaren antz izugarria zuen-eta. Ia ukitu gabe dago, txukunketa gutxi batzuk besterik ez nion egin. Nire zain zegoen, antza!", azaldu du Gerekak. Horrez gainera, Lope de Agirreren beste buru bat ere egin du: "Kaiola batetan sartu dut hori; kanpotik gogorra eta barrutik biguna den harri bat da, bihurkin batekin landutakoa". Xabier Santxotena eskultore nafarrak ere Lope de Agirreren buruaren eskultura egin du: "Bi metro neurtzen duen Lope de Agirreren burua egin nuen orain urte batzuk, euskal pertsonaia ospetsuen gaineko bilduma baten barruan. Haren brontzezko zirriborroa da ekarri dudana", dio Santxotenak.

Bitxiak dira, era berean, Joxean Izaren hiru lanak: 1985. urteko litografia bat da horietako bat, Oñatiko Potxo Argitazuloak orain urte batzuk argtaratu zuen Lope de Agirrek Felipe II.a erregeari idatzi zion gutuna jasotzen zuen liburuxkaren azala bilakatu zena geroago. Ikusgarriagoa da, baina, tamainari zein lanaren ezaugarriari erreparatuz, Lope de Agirreren dekonstrukzioaren berreraikuntza izenburua duena: "Arkatzarekin egindako antolaketa lana da. 50x70eko moduluak egin ditut eta nire kasara antolatu ditut gero. Lope zatitu egin zuten eta zatiketa hori irudikatu gura nuen. Askatasunari buruzko testu batzuk ere txertatu dizkiot", esan du Izak. 

Ikaragarriak dira, baita ere, Aitor Bolinaga oñatiarraren bi margolanak: "Batera egin ditut. Ahalegina eta Hala-beharra izenburuak jarri dizkiet: Inperio oso bati eta baita Elizari ere gerizpea egiteko ahalegina irudikatu dut lehenengoan; eta Hala-beharra lanarekin, berriz, Elvira alabaren irudia eta izkinan dagoen baladun kaxatxoarekin, zera adierazi gura nuen: etsaien emagaldu moduan bukatu aurretik, akaso ez zeukala alaba hil baino aukera hoberik" dio Bolinagak. Hala-Beharra margotik gertu dago kokatuta, Urdin Elortzaren Loperen Autoretratoa. Loperi indigena itxura eman dio Elortzak. 

Herriko margo eskolako ikasle batzuekin ere izan ginen: Miren Zuazolak Txaman lanaren azalpena eman zigun: "Hego Amerikan egin zituen urteetan, Loperentzako txamanaren figura garrantzitsua izango zela uste dut, eta horregatik margotu dut. Maria Almeidak ere Hego Amerikako bizipenak jaso ditu: "Hango jendea Loperen bizitzako parte zela uste dut eta horregatik margotu dut emakume indigena hori. Emaztea izan daiteke edo alaba ere bai, zergatik ez", dio Almeidak.

Aipatutakoez gainera, askoz gehiago dira ARTasokoek kultura etxeko erakusketan batutako lanak: "Herriko geologia taldekoek Araotzen aurkitutako harri bi ere badaude: bata, 110 milioi urtetakoa da eta ehunka mila urtetakoa, berriz, bestea. Horrez gainera, herriko Filatelia Elkartearekin elkarlanean atera dugun Lope 500 hamabostaldiko zigilua eta postala ere badaude; salgai daude kultura etxean, bi eurotan bakoitza. Eta bilduma borobiltzeko, hainbat bitrinatan, Loperi buruz idatzitako hainbat liburu ere erakutsi ditugu", dio ARTaso elkarteko Kepa Elortzak.

Maitagarria ala gorrotagarria? 

Aldeko eta kontrako iritzi eta sentimenduak sortzen dituen pertsonaia historikoa da Lope de Agirre: maitagarria batzuendako, horien ustetan, iraultzailea eta libertadorea zelako; eta indigenen esplotatzaile eta konkistatzailea izateagatik, gorrotagarria, beste askorentzako. 

Erakusketan bildutakoen artean galdetu genuen Lope de Agirreri buruz; hona hemen jasotako batzuk. Xabier Santxotena eskultore nafarraren ustez, lehenengo iraultzailea izan zen: "Lotsarik gabe erregea pikutara bidali zuen urrea eta dirua behar bazuen horien bila bera joateko esanaz". Joxean Izaren ustez, berriz, euskaldunon panteoian daukagun heroi galtzaile bat da. Gustuko du Iñaki Gerekak ere: "Errebeldea  zen, eta gauza ona da hori". 

-----------------

Filmak eta kale antzerkia ere bai

Eguaztenean erakutsi zuten, Agustin Goenaga oñatiarrak 1995ean ETBrako egin zuen Agirreko Lope zatituta dokumentala. Ez da hori, baina, hamabostaldian jasoko duten Goenagaren lan bakarra; izan ere, urriaren 25ean, 1983. urtean Oñatin egin zuten Agirre filma ere erakutsiko dute Antixena gaztetxean egingo duten afariaren aurretik. Ondoren, Werner Herzogen Aguirre, la cólera de Dios filma erakutsiko dute, 22:00etan. Afarirako aurrez eman behar da izena. Urriaren 21ean, Carlos Sauraren El Dorado ikusteko aukera izango da, Antixenako gaztetxean, 19:00etan. Oteo Silvaren liburuan oinarrituta eta hainbat herritarrek egindako kale antzerkiak borobilduko du hamabostaldia urriaren 26an, 19:00etan. Lope de Agirre kalean hasi eta Santamaina plazan bukatuko dute haren bizitzari buruzko lau esketxak.

-----------------

Hari buruzkoak argitzeko, hitzaldiak

Lope de Agirreren gainean herrian eta orokorrean dagoen ezjakintasuna aintzat hartuta, hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Jose Antonio Azpiazuk, Jerardo Elortzak eta Araotzeko abadeak egin zuten, martitzenean, Lope de Agirreren Oñatiko jatorriaz eta garaiko Oñatiren egoera sozio-politikoaz hitzaldia. Urriaren 22an, hurrengo martitzenean, berriz, Aramaioko balizko jatorriaz jardungo du Julen Arriolabengoak, kultura etxean, 19:00etan. Aramaioarrarekin batera Xabier Santxotena eskultoreak ere berba egingo du; Ursuatarrekiko begirada pertsonala azalduko du hark. Urriaren 23an, kultura etxean, 19:00etan, Anjel Amigo zinema ekoizleak eta Jesus Egiguren politikariak esku artean duten Lope de Agirrereren ibilbidearen gaineko proiektuaz jardungo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak