Lope de Agirreri buruz esandakoak argitzeko hamabostaldia hasiko da martitzenean

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urr. 11a, 12:07

ARTASOk antolatu ditu ekitaldiak, herriko beste elkarte batzuekin batera. Hitzaldiak, filma emanaldiak, erakusketa eta kale antzerkia antolatu dituzte.

Lope de Agirreren jaiotzaren urteurrena haintzat hartuta, Lope Agirre izena jarri zioten joan den urtean herriko kale bati. Orain, Lope de Agirreri buruzko hamabostaldia antolatu dute. "Ez dakigu zehatz zein urtetan hil zen, baina 500 bat urte dira. Hori baina, ez da Lope Agirreri buruz ez dakigun gauza bakarra. Hari buruz idatzitako guztia ere zuzena edo okerra den ez dakigu, eta hori guztia azaltzen saiatuko gara hamabostaldi honetan", dio Kepa Elortzak, hamabostaldia antolatu duen ARTASO kultura elkarteko kideak. Oñatiko Udala eta ULMA antolatzaileen laguntzaileak izan dira.

Adituen ahotik eta iruditik

Eta hori guztia argitzeko, hitzaldiak, filma emanaldiak, erakusketa eta kale antzerkia antolatu ditu ARTASOk.
"Jose Antonio Azpiazuk, esaterako, Loperen garaiko Oñate eta inguruko egoera ekonomikoa eta soziala azalduko du eta Jerardo Elortzak, berriz, Loperen jatorria aztertuko du. Hari buruz egin diren filma batzuk ere aztertuko eta kritikatuko ditu", dio Elortzak. Bestalde, Loperen jatorri Aramaioarraz berba egiteko, Julen Arriolabengoa dator.

Loperi buruz egin diren filma ezberdinak ere botako dituzte hamabostaldi honetan, zinema aretoan batzuk, eta Antixena gaztetxean beste batzuk. Horietako filma batzuk, gainera, oñatiarrek egindakoak dira, Agustin Goenaga eta Anton Txintxurretak, hain zuzen ere.

Horrez gain, Anjel Amigo zinema ekoizlea eta Jesus Egiguren proiektugilea dokumental bat ari dira prestatzen Lopek Amazonasen egin zuen denboraz, eta horren gainean berba egitera etorriko dira biak.

Erakusketa

Bestalde, eskulturak, margoak, marrazkiak eta zeramikak jasoko dituen erakusketa zabalduko dute martitzenean kultura etxean. "Oñatiko artistek egindako lanak dira gehienak. Izan ere, herriko elkarte ezberdinekin antolatu dugu hamabostaldia. Kale antzerkian, esaterako, Pake Lekuko antzerki taldeko aktoreek hartuko dute parte. Loperen zigilu bat ere atera dugu, Oñatiko Filatelia elkartearekin batera, eta irrati afizionatuekin ere jarri gara harremanetan".

26an esaterako, Dukearen lorategian, Loperi buruz jardungo dute Pedro Txintxurreta oñatiarrarekin batera.

Herriko ikastetxeekin ere egin dute berba antolatzaileek, eta erakusketaren bisita gidatuak egingo dizkiete adin ezberdinetako gaztetxoei.

Egitarau osoa, agendan duzue

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak