Herriko errekak eta urak ezagutzeko aukera urrian

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko urr. 5a, 13:20

Natur eskolak antolatu ditu, Mankomunitatearen Ura eta Erreken astearekin bat eginez.

Uraren eta Errekaren Astea izendatu du Mankomunitateak urriko hirugarrena, eta ekimen horren osagarri izango diren ekitaldiak egingo dituzte Oñatin hilabete honetan. Hala, Mankomunitateak erreka garbitzeko eta araztegia bisitatzeko deiarekin bat egin du Natur eskolak. Baina ekintza gehiago ere antolatu ditu. 

Garbiketa eta informazioa

Erreka garbitzera joateko deialdia aprobetxatu gura du Natur eskolak errekei eta urari buruz berba egiteko, adibidez. Horretarako, erakustaldiak, hitzaldiak eta mendi irteera antolatu ditu. "Santa Anako harreran jarriko den erakusketa, esaterako, Oñatiko errekei eta iturriei buruzkoa izango da: zenbat erreka ditugun, zeintzuk diren, metal-ura ematen duten iturriak edo uraren bideak zeintzuk diren ikusiko da, esaterako", azaldu du Natur eskolako Imanol Biainek. 
Bigarren erakusketa herriko errekaren bueltan dagoen pasealekuan jarriko dute. Erreken ekosistemak, fauna, landaretza eta gisa horretako informazioa jasotzen duten panel informatiboek egingo dute erakusketa.
Hitzaldi ezberdinak ere antolatu dituzte. Lehena Arturo Elosegik emango du, biologia katedraduna eta EHUko ekologia irakaslea. Bigarrena, Urgarden taldeko Ainara Garciak eta hirugarrena, Uraren Euskal Agentziako obra zuzendaritzako kide den Victor Peñak.

Ugarkaldetik Kasablankara

Urriaren 13a izango da, berriz, erreka garbitzeko eguna. "Gure asmoa da herria zeharkatzen duen errekaren zatia garbitzea, Ugarkaldetik Kasablankara. Dena dela, elkartzen garen jende kopuruaren arabera erabakiko dugu zein zati garbitu. Errekan batutako zikinak, gero, erakusgai jarriko ditugu Foruen plazan", dio Imanol Biainek.

Ur-bidea ezagutzeko irteera

Bestalde, urriaren 20rako mendi ibilaldi erraz bat antolatu dute, uraren bidea ezagutzeko. "San Martinen izango du hasiera irteera horrek. Auzo horretan sartuko gara Ubao errekan, eta uraren ibilbidea jarraituz, kilometro t'erdian dauden lau errotak ikusiko ditugu: Eroski atzean dagoen Liñantzibar, Murgiakoa, Santa Krutz eta Tokillo. Laugarrenaren ondoan, dago gainera, makina etxea, eta hura ere bisitatuko dugu. Handik Urzulora joango gara, Gorordo aldera joan eta Pottoka lekua dagoen inguru horretan, Antzubar arroan sartuko gara. Handik hartzen zuten ura lehen. Ibilaldia Azkoagaineko iturrian bukatuko dugu", zehaztu du Biainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak